politika
JOSE RAMON LOPEZ DE ABETXUKO
«Madrilek ez ditu kontuan hartzen osasun irizpideak»
Enekoitz Esnaola
38 urte zenituela sartu zintuzten preso. Osasunez nola zeunden espetxealdiaren hasieran?
Ondo. Kirolaria izana nintzen, eta ondo nengoen. Lehen lau urteak Frantzian egin nituen preso, eta 1993an Espainiaratu ninduten.
Noiz hasi zinen arazoekin?
2010 aldera. Bihotzeko arazoekin. Minutuko 26-27 pultsazio izaten nituen. Odola burura ez zitzaidan behar bezala joaten, eta burua galdua bezala izaten nuen batzuetan. Aztertu ninduten, neurriak hartu, eta handik bizpahiru urtera taupada markagailu bat jarri zidaten.
Zein kartzelatan zinen orduan?
Villabonakoan. Han izan nintzen 2008tik aurrera. Espetxealdian, 1989tik 2014ra arte, lehen graduan egon nintzen; gero, bigarrenean. Beraz, larri gaixo egonda ere, sekula ez hirugarrenean.
Nolako tratua jaso zenuen?
Ona. Villabonako kartzelako mediku taldeak portaera ona eduki zuen nirekin, eta erietxean ere ongi artatzen ninduten. Espetxean hilero egiten zidaten azterketa. Ona zen jarraipena. Alde horretatik, hortaz, ezin naiz kexatu.
Medikuek ezer aholkatzen al zieten kartzelako arduradunei?
Mediku txostenak egiten dituzte haiek; ez dira beste gauzetan sartzen. Nire txostena ere kartzelako Tratamendu Batzordera pasatzen zuten, eta, azkenean, Madrilek du hitza.
Kartzelako zuzendariak zer zioen zure gaixotasunari buruz?
Arduradunek jasotzen zuten mediku txostena, baina Madrilera pasatzen zuten. Zuzendariak-eta zioten izan nituela bihotzeko arazoak, taupada markagailua jarri zidatela, baina ez zuten gehiago esaten.
Inoiz eskatu al zenuen Euskal Herrira lekualdatzeko?
Bai, bi aldiz; bietan, Zaballako [Araba] kartzelara eramateko. Uste dut 2011n izan zela nire lehenengo eskaera, eta handik sei bat urtera bigarrena. Bietan ezezkoa eman zidaten. Kartzelako arduradunek esaten zuten nire kasuan ez zegoela osasun arriskurik. Bestalde, espetxe administrazioaren ustez, preso politikook modu orokorrean egiten genituen eskaerak, ez banan-banan, eta erantzun orokorra izaten zuten guretzat: ezezkoa, kasik beti argudio berak erabiliz. Madrilen erabakia beti politikoa izan da. Bistan da hobe dela preso eri bat etxetik gertueneko kartzela batean egotea eta onurak izatea, baina Madrilek ez ditu kontuan hartzen irizpide horiek; beste interes batzuk lehenesten dituzte arduradun politikoek.
Zein?
Unean uneko gobernuak badaki euskal preso erien kasuan ere bere legedia betetzeak elektoralki kalte handiagoa egingo liokeela mesedea baino. [ETAren] Biktimak beti gainean ditu, zaintzen.
Kartzelan zeundela gertatu zen Josu Uribetxebarria Bolinaga euskal preso eriaren auzia, orain dela dozena erdi bat urte.
Muturreko egoeran zegoen gure kidea, minbiziarekin, bizi itxaropen laburra iragarrita, eta pentsa zenbat kostatu zen epaileek baldintzapean aske uztea. Ezintasun handia sentitzen duzu. Latza da egoera: preso asko daude gaixorik larri, hori jada bada beste kondena moduko bat, eta oraindik ez dago urrats baikorrik estatuen aldetik. Egunero urratzen dituzte giza eskubideak. Esan dut neu ondo tratatu nindutela kartzelan, baina beste espetxe askotan funtzionarioen jarrera ez da bera, eta eri dauden presoek beti dute kezka baxualdiak-eta izaten dituztenean laguntza eske hastean. Eta bakoitzaren familiak ere asko sufritzen du horrelakoetan.
PSOEren gobernuak indargabetu egin du 3/2017 instrukzioa...
...baina betikoarekin jarraitzen dugu: ez dute medikuek erabakiko, baizik eta Madrilek.
Erraztuko al dute larri gaixorik diren presoak libre geratzea?
Sikiera, orain irizpide bakarra ez da izango presoen bizi itxaropena [PPren gobernuak bi hilabetekoa aipatzen zuen]. Bide txiki bat zabaldu dute, ustez baldintzapeko askatasuna errazteko. Ikusiko dugu; borondate politikoa beharko da. Nire ustez, Eduardo Zaplanaren kasuagatik indargabetu dute 3/2017a, eta berria egin.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak duela urte erdi bat iragarri zuen preso eriekin eta 70 urtetik gorakoekin hasiko zirela aurrerapausoak ematen.
Ea, baina ez dut konfiantza handirik. Garrantzitsua izango da Euskal Herrian instituzioek eta herritarrek presioa egitea. Eritasun larria eta sendaezina duen inork ezin du kartzelan segitu, ez baita humanoa. Berriro diot: inork ez. Badira legeak halako kasuetan kaleratzeak emateko, baina, praktikan, ez dituzte betetzen, interes politikoak eta bestelako aukerak lehenesten dituztelako.
EPPK-ko kidea izan zinen. Nola bizi da arazoa kolektiboan?
Larritasunez, eta aipatu izan da premiazko auzi bat dela. Gainera, kontuan hartu behar da EPPK-ko kideen batez besteko adina gero eta handiagoa dela. Esango nuke gaur egun 50 urtetik gorakoa dela, eta gehienek daramatzate gutxienez 15-20 urte preso. Ez dago bromarik. Eritasun larria eta sendaezina daukan orok bizi kalitatea izan behar du; maite dutenak eta ingurukoak izan behar ditu ondoan; eta zerbitzu mediko egokiak eta konfiantzazkoak.
Zer moduz zabiltza osasunez?
Bukatzear ditut azterketa medikoak, eta, larritasunaren barruan, ondo esan beharko. Aurki begiratuko didate berriro bihotza.