astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

iritzia

Bikote irekia

Angel Erro

Bikote irekia Angel Erro

Gauza zaharrak berragertzean ohi denez, bazterrak harrotu ditu Netflix plataforman ikusgai dagoen Black Mirror telesaileko azken atalak, Bandersnatch izenekoak. Garai bateko gazteentzako liburu sail batean bezala, edo Oulipoko literatur ekoizpen batean bezala, irakurleak, barka, ikusleak bertan zenbait aukeraren artean hautatu behar du istorioan aurrera eginen badu. Nik oraindik ez dut lehen erabakia hartu. Ikusi ala ez. Eta noiz. Baina batez ere ez dut bigarren erabakia hartu: nola, bikotean ala bakarka.

Mutilarekin hasi naizenetik telesailak eta telesaio jakin batzuk gure harremanaren eremuetakoak bilakatu ditugu, partitzen dugun denboraren zati. Horregatik ez dakit nola hartuko duen Black Mirror-en atal hori bakoitzak bere aldetik ikusteko proposamena. Hitz erdizka hasi natzaio, besteari askatasuna emateko iradokizuna berarengandik partitzen dela sinetsarazi nahian. Telesaila ezagututa, gaizki sentiarazten duten erabaki moral muturrekoak hartzera bultzatuko du, maiz nork bere buruari ere aitortzen ez dizkion zekenkeriak azaleratuz, ezezagun batekin izandako lehen topaketan bezain biluzi sentiaraziz.

Proposatzen ahal diot bakoitzak izan duen esperientzia konpartitzea gero, geure artekoa indartuta.

BERRIAn argitaratua (2019/01/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA