astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

iritzia

Antropologia eta balizko euskal matriarkatua

Karmen Diez Mintegui eta Mari Luz Esteban

Antropologia eta balizko euskal matriarkatua

Pasa den abenduaren 13an, egunkari honetan argitaratutako artikuluan, Patxi Alañak eta Gabriel Vallin-ek Biltzarre-Euskal Sena taldearen izenean azpimarratzen zuten «Teresa del Vallek eta berak sortu duen matriarkalismoaren aurkako iritzi mugimenduak [...] euskal emakumea eta gizartea ezagutzeko [...] azken hiru hamarkadetan aurrerapauso adierazgarririk eman ez izana» eta «matriarkatua defendatzea txarto ikusita egotera heldu» dela.

Hausnarketa eta eztabaidaren balioa berretsiz, artikulu horretan ageri diren hainbat kontuk sortutako kezka azaleratu nahi dugu.

Lehenik eta behin, aitortuko dugu harritu egin gintuela artikuluaren izenburuan ere («Teresa del Valle: euskal emakumea ezagutzeko aukera galdua?») agerturiko planteamendu nominalistak. Harritu, era berean, Eusko Ikaskuntzak 2018an Teresa del Valleri emandako sariaren eta botatzen dituzten galderen eta baieztapenen artean testuan egiten den loturak, ikertzaile horren ibilbide luze eta ezin emankorragoari egin zaion aitortza kolokan jarri nahi izango bailitzan. Del Valleren obra bere osotasunean baloratu behar da, gizartea, kultura, genero eta hizkuntza arloetan egindako ekarpen guztiak aintzat hartuz.

Era berean, azpimarratu nahi dugu ez direla bakarrik Teresa del Valle, eta berarekin batera 1985. urtean Mujer vasca. Imagen y realidad ikerketa egin zuen lantalde zabala, ordena sozial matriarkal baten existentzia historikoa auzitan jarri dutenak, baizik eta gizarte antropologia diziplina bera, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo. Horren lekuko ditugu hainbat kulturatan eginiko analisiak.

Argi eta garbi esan behar da gaur-gaurkoz ez dugula inolako froga historikorik baieztatu ahal izateko iraganean sistema matriarkal bat egon zenik, ez hemen, ez inon. Gainera, terminologia bera taxuz erabili behar dela uste dugu. Matriarkatua eta matrilinealitatea ez dira inondik inora gauza bera. Matriarkatuaz hitz egiten dugunean, emakumeen gobernuaz ari gara; matrilinealitateaz jarduten dugunean, aldiz, amaren aldeko lerroaren nagusitasunaz, bai oinordetza-sisteman, bai norberaren izaera sozialean. Egia da patrilinealak edo mistoak baino urriagoak diren gizarte mota horietan emakumeek erabakimen handia izan ohi dutela, baina horrek ez du esan gura amaren aldeko gizonezkoek ez dutenik esku-hartzerik edo botererik, zeina, hainbat kasutan, emakumeena baino harantzago doan.

Euskara da artikulu horretan aipatzen den beste gai bat. Hala, esaten da euskara inklusiboagoa dela eta euskaran ez dela «beste hizkuntza askori darien patriarkalismorik ikusten». Hizkuntza antropologiak adierazten duenez, hizkuntza bat errealitate baten ispilu edo isla den era berean, bada kultura eraikitzeko erreminta nagusietako bat ere. Beste era batean esanda, genero aldetik «neutroa» den hizkuntza bat gizarte-ezberdintasunak iraunarazteko balia daiteke. Beraz, hizkuntza ez dago testuingurutik aparte. Osterantzean, gaur egun zabaldurik dagoen hizkera politikoki zuzena 500 urte barru aztertuko balitz, ulertuko litzateke gizarte guztiz berdinzale batean bizi garela egun. Beste adibide bat ematearren, Euskal Herrian, gizonek eta emakumeek, biek ala biek, jardun dute «kontulari» moduan, baina batzuek eta besteek izan duten papera edo prestigio maila ez dira parekideak izan. «Txapela» eta «gobara», izatez «neutroak» izan arren, praktikan ez dira.

Beste aldetik, goraipatzen dituzten «baserrietako amama eta ama burujabeagoei» dagokienez, esan daiteke ezin laburrago gelditu ohi zaizkiela eguneko hogeita lau orduak izan duten eta duten lan guztia amaitu ahal izateko, baina estatistikek argi utzi digutenez, hortik ateratzen duten errenta gizonenaren erdia baino ez da. Horrez gain, ezin da ahaztu gizonezkoak izan direla plazan negozioak egin dituztenak eta, noiz edo noiz, baserria jokatu eta galdu ere egin dutenak.

Mari pertsonaia mitologikoari dagokionez, gogoratu behar da Barandiaran izan zela izen hori eman ziona, 1922. urtean, euskal mitologiaren erdigunean kokatuz (ordudanik hona hainbat irakurketa proposatu badira ere). Baina jakin badakigu mota horretako figuren edo jainkosen presentziak, interesgarria izanik ere, ez duela esan nahi hezur-haragizko emakumeek botererik edo agintaritzarik (izan) dutenik. Aldiz, egiaztatu daiteke figura edo ikono horiek gure garaian agertzen diren kulturetan gizonezkoek erabili ohi dituztela emakumezkotasunaz jabetzeko, beraiek dauden postu edo espazioetara emakumeei sarrera oztopatuz edo ukatuz. Eliza katolikoak Birjinarekin egiten duen erabilpena horren adibide paradigmatikoa litzateke, Birjinaren gurtza emakumeak ardura- eta botere-postuetatik baztertzearekin uztartzen baita inolako arazorik gabe.

Beste gai batera etorriz, Euskal Herriaren historian topa daitezke, bai, oinordeko izan diren emakumeen kasuak. Baina euskara, oinordetza, mitologia eta abarreko arloetan dauden datu horietatik ezin da txiribuelta-jauzi-mortalik egin eta ondorioztatu matriarkatu bat edo gizarte parekide bat existitu zenik, eta halako irakurketa egin nahi duena jabetu behar da Historiaren oinarririk gabeko interpretazio zehatz bat egiten ari dela.

«Euskal emakumea eta gizartea ezagutzeko» aukera galdu ote den kexu dira Alaño eta Vallin. Bitxia egin zaigu ardura hori, hiru hamarkada baino gehiago baitaramatzagu Euskal Herriko ikertzaile feministak (arlo eta diziplina guztietan eta unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo) bertan bizi garen emakumeon inguruko analisiak egiten eta informazioa sakontzen eta zabaltzen. Horren froga dira gure liburutegietako apalak betetzen dituzten liburuak eta aldizkariak. Horri gehitu behar zaizkio bertsolaritzan, literaturan, artean eta sorkuntzan orokorrean egiten ari diren ekarpenak. Ondare horren guztiaren ondorio nagusi bi azpimarra daitezke: ez dagoela euskal emakume bakarra, askotarikoak baizik, eta parekidetasunetik urrun gaudela.

Mujer vasca. Imagen y realidad egin zutenek galdera bat ere planteatu zuten: ea zergatik hartu zuen indarra euskal matriarkatuaren teoriak 70eko hamarkadaren amaieran/80ko hamarkadaren hasieran. Beraien ustez, eragin nabarmena izan zuten horretan «gatazkarik gabeko euskal gizarte» baten idealizazioak eta emakumezkotasunaren mitifikazioak. Horrez gain, nabarmendu zuten ideia horiek une hartan erabiliak izan zirela gure gizartea inguruko gizarteetatik irmoki bereizi ahal izateko, guztiz apartekoak ginela irudikatuz, eta, bide batez, emakumeek zituzten arazoen kontra feministek abiaturiko borroka neutralizatzen edo erlatibizatzen saiatzeko. Bada, galdera bera egin genezake gaur egun ere: orain, maila sozialean zein politikoan ziurgabetasunak jotako aro berria zabaldu den baina feminismoa goraldi batean dagoen honetan, zergatik eta zertarako zabaldu nahi dute zenbaitek berriro eztabaida hori?

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATU DUTE: Txemi Apaolaza, Margaret Bullen, Jone M. Hernández eta Miren Urquijo.

BERRIAn argitaratua (2019/01/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA