astekaria 2019/01/04
arrowItzuli

kultura

Historia hurbilaren lorratzak

Mikel Lizarralde

Historia hurbilaren lorratzak

Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa nobela eta Xabier Gantzarainen Zuloa saiakera nabarmendu dituzte 2018ko uztan BERRIA-ko literatur kritikariek. Baina Irati Elorrietaren Neguko argiak eta Katixa Agirreren Amek ez dute nobelak eta Idurre Eskisabel Larrañagaren Goseak janak poemategia ere aipatu dituzte urteko liburu onenen artean.

PERU IPARRAGIRRE Literatur kritikaria

'Fakirraren ahotsa'

Egilea: Harkaitz Cano

Argitaletxea: Susa

Imanol kantariaren bizitza fikzionatua da Fakirraren ahotsa, heresia bat; zer da, bada, literatura heresia ez bada? Batez ere, Imanolen bizitza oinarri hartuta egindako garai baten kontakizuna da hau. Era berean, garai eta bizitza hori kontatzeari buruzko nobela ere bada. Liburua parentesi artean hartzen duten ataletan -lehenak eta azkenak-, eta nobelan zehar kontatzeaz egiten diren gogoetetan hori topatu dudala iruditu zait. Ez naiz aparteko ezer esaten ari urteko nobelarik interesgarrienetakoa dela esatean. Zalantzarik gabe, Canoren nobelagintzaren gailurra da hau; oraingoz, behintzat.

'Neguko argiak'

Egilea: Irati Elorrieta

Argitaletxea: Pamiela

Ustekabean harrapatu nau nobela honek. Ahots propioa eta berezia da Elorrietarena, desberdina iruditu zaidana. Heldutasunez ageri da ahots hori bigarren eleberri honetan. Hiriari buruzkoa baino, hirian gorpuzten diren harremanei buruzkoa da nobela hau. Bertan, pertsonaia sorta zabal bezain sakona harilkatzea lortzen du Elorrietak, identitatearen eraikuntzari buruzko istorioak garatu ahala. Deskribapen zinematografikoek eta Historia ofizialean urtzen diren historien inguruko gogoetek ere populatzen dute eleberria. Garaiotako auzien sustraietara doan nobela, azaletik iraganera.

'Zuloa'

Egilea: Xabier Gantzarain

Argitaletxea: Elkar

Urtean zehar asko aipatu den saiakera-liburua da hau, besteak beste, artearen bidetik akritikoki bizi eta erreproduzitzen dugun iruditeria zalantzan jartzen duena. Artea aldaretik jaitsi -museo eta bilduma pribatuetatik atera- eta egunerokotasunera berrekartzeko ariketa egiten du Gantzarainek, katalogo pertsonal bat osatuz gure garairako, pertsonaletik kolektibora eta bueltan doana, kontzeptualetik konkretura doan gisan. Liburu poliedrikoa da, Euskal Herriaren historia hurbila artearen ikuspegitik aztertuz zentzuak eta ateak zabaltzen dituena.

'Goseak janak'

Egilea: Idurre Eskisabel Larrañaga

Argitaletxea: Susa

Aparteko poema liburua da Eskisabel Larrañagaren estreinakoa. Kontzesiorik gabe, ironia garratzez eta begi zorrotzez emandako poemek osatzen dute bilduma. Askotarikoak dira poemok, baina guztietan nabarmentzen da Eskisabel Larrañagaren poetika (guretzat) berria. Irakurtzerakoan sentipena izan dut liburu atenporala dena, gogoan iltzatuta ez eze poesiagintzaren kanonean ere iraungo duena; poetikotasun berri bat, egunerokotasunaren zibismoaren eta zinismoaren aurkako antidotoa izan daitekeena. Urteko poema libururik aipagarriena dela iruditu zait, azken urteotakoa ez esatearren.

AIORA SAMPEDRO Literatur kritikaria

'Zuloa'

Egilea: Xabier Gantzarain

Argitaletxea: Elkar

Saiakera oso berezia ondu du Xabier Gantzarainek; agian harrapatu nauen bizitzako momentuagatik ukendu eragina izan du nigan, aukera izan dudalako ikusteko irudien etengabeko joan-etorrian irudi bati erreparatuz zenbaterainoko zukua ateratzen duen Gantzarainek. Zuloa deitzen da, baina izan zitekeen haria ere. Izan ere, haritik tiraka zenbait gogoeta interesgarri egin ditu egileak gure iragan hurbilaz elkarri ondo lotuta; aurrera begirako errelato bat, nahiz eta iraganean idatzitakoa. Errelatoa aipatzen du egileak ere, artea, fikziorako ez bezala, errealitatea disekzionatzeko baliatzen duenean, bizi-esperientziatik, baina jardun kolektiboari begira. Hunkitzeko gaitasun berezia du disekzio horrek: nahiz eta saiakera-lanetik abiatu, egilea kokatu egiten da gertakariak azaltzerakoan, ia fikziozko narrazioak osatzeraino.

'Fakirraren ahotsa'

Egilea: Harkaitz Cano

Argitaletxea: Susa

Bateragarriak dira Canoren lana eta Gantzarainena (lubaki haren gomutan agian). Batek irudiaren errelatoa egin badu, besteak errelatoa musikatzeko ariketa egin du; eta esango nuke ez zaidala niri bakarrik gertatzen idazle honen edozein lan irakurtzerakoan eragin artistikoen blow up bat sentitzea. Fakirraren istorioa irakurtzerakoan ere, musikaren presentzia ia hitzarenaren parekoa da. Bestalde, Canok hitzekin jolasteko betidanik erakutsi duen gaitasunari kontakizun trinko bat osatzeko trebetasuna lotu zaio oraingoan. Idazketa-estiloa iruditu zait eskertzekoa; izan ere, idazlearen betiko ardurei (artistaren esku-hartzea, artistaren izatearen indefinizioa...) prisma desberdinaz begiratu die egileak azken lanean: ikerketaren eta fikzioaren artean kokatutako narrazioa osatu du. Bere idazketaren jarduna etengabe berritzen saiatzeko ahalegin berezia egiten duen egilearen azken emaitza da hau.

'Amek ez dute'

Egilea: Katixa Agirre

Argitaletxea: Elkar

Duela aste pare bat aipatzen nuen Katixa Agirrek pertsonaien psikologiako tira eta bira horietan sakontzeko duen gaitasuna egin zitzaidala liburu hau irakurtzean zirraragarriena. Aldi berean, aipatzen nuen idatzi oso neurtua zela, baina zehaztu nahi nuke, neurtua izanagatik ere, ez diola enpirikoa izateari uzten. Erraietatik idatzitako lana baita, erraietatik kontatutakoa, mito primitiboari heldu eta gaur arterainoko imajinario femeninoaren inguruko arrazoibide pertsonala osatzeraino. Gainera, umore beltzak eta sarkasmoak Agirrek aipatutako mater familiasen barne-kontraesanak nabarmentzeko duen gaitasuna areagotzen dute; etengabeko irribarre-erdi batez irakurri ditut testuko hainbat pasarte.

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

IMANOL MERCERO Literatur kritikaria

'Harri bat poltsikoan'

Idazlea: Nerea Loiola

Ilustratzailea: Rocio Irigoien

Argitaletxea: Erein

Urteko errepasoa idazle hasiberri baten obrarekin hastea beti da pozgarria. Nerea Loiolaren opera prima lehen irakurleentzako aproposa den narrazioa da: istorio laburra (50 orrialde) eta lineala da, pertsonaia gutxi dituena, eta hamar ataletan banatuta dagoena. Irudi asko ditu, baina tonu afektiboa azpimarratzeaz aparte, ez dute ekarpen narratiborik egiten. Protagonista ere irakurlearen adin bertsukoa da, autoestimuarekin kili-kolo dabilena.

Sinpleki, arazoa nola gainditzen duen azaltzen da, kontaketa eredu-emaile baten bidez, narratzaile amultsu baten hitzetan. Merezi du ozenki irakurtzen saiatzea, anekdotei darien umorea partekatzeko, baina baita kontakizunean zehar helduek haurraren arazoaren aurrean nola jokatzen duten ikusi eta ikasteko ere.

'A!'

Egilea: Lorena Martinez Oronoz

Argitaletxea: Denonartean

Idazle belaunaldi berri bat agertzen ari da, poliki bada ere, euskal letretan. Joera askotarikoetan, molde zaharretara zaletuta datoz batzuk, egiteko modu berriak arakatzen bestetzuk. Esaterako, berritzaileetan ausart bezain interesgarri ari zaigu Lorena Martinez, euskal sortzaileentzako ezohikoa den adin txikieneko irakurleentzat sortzen gainera. Iaz Zortzi kolore narrazio biluzien katalogo aski interesgarriarekin («Poesiaren eta albumaren arteko lana» Xabier Etxaniz Erleren arabera), aurten A! bitxi honekin.

A! irakurtzen ez dakitenek autonomoki irakur dezaten egina da, hiruzpalau urtetik aurrerakoek irakurketaren zirrara dasta dezaten. Testua letra bakarrak osatzen du, eta irudiek daramate narrazioaren haria, irakurlearengan probokazio bat sortzen duena, solasean aritu dadin obrarekin, edota irakur-kideekin.

'Kantu bat Alikarentzat'

Idazlea: Antton Kazabon

Argitaletxea: Ibaizabal

Euskal sortzaileen publikazioei erreparatuta, idazle kontsakratuen berrargitalpen zuzendu eta gaurkotuak albiste izan ditugu, hala nola Yolanda Arrietaren Mari Xor, Pello Añorgaren Zupankapaloak edota Juan Kruz Igerabideren Grigor, bai eta sorkuntza berriak ere, Patxi Zubizarretaren Korri, Kuru, korri! saritua kasurako. Aurtengo publikazioei erreparatuta, nabari da molde berrietan dabiltzala idazle guztiak, aritu zein hasiberriak. Nabarmena da jada ez dela denborapasako literaturarik sortzen (Gaizka Arostegiren Nerbioi zinemako sekretua litzateke salbuespen bakanetakoa), orain literatur pedagogikoa eta aberasgarria sortzen da, irakurleari pertsona hobea izaten laguntzea xede duena.

Aspaldi ari da Antton Kazabon ildo honetan, eta Kantu bat Alikarentzat adibide eredugarria da.

Emozioei buruz hitz egiten duen obra da, emozioak adieraztearen garrantzia azpimarratzen duena, eta batik bat estereotipo maskulinoari eragiten diona.

BERRIAn argitaratua (2019/01/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA