astekaria 2019/01/04
arrowItzuli

kirola

PELLO BILBAO

«Uste nuen baino urrutiago iristeko gai naizela ikusi dut»

Imanol Magro Eizmendi

«Uste nuen baino urrutiago iristeko gai naizela ikusi dut»

Gabon egunak lan egunak izan dira Pello Bilbaorentzat. Hiru hilabete dira azkenekoz lehiatu zela, eta gogor entrenatu da azken asteetan. Aurretik, egonaldia izan zuen taldekideekin, eta buruekin hitz egiteko baliatu zuen. Sasoia indartsu hastea da lehentasuna, Italiako Girora ondo iristeko.

Nolakoak dira txirrindulari baten Gabonak?

Pentsatzen dut antzinako txirrindularitzan beste modu batera biziko zirela Gabonak eta. Festa eta gozamenerako askatasun handiagoa izango zen, ziur asko. Gaur egun, denok hasi nahi dugu denboraldia indartsu, eta, Gabonetan, txirrindulari gehienei hilabete edo hilabete eskas falta izaten zaigu txapelketei ekiteko. Jatorduak baliatzen saiatzen gara familiarekin egon eta gutizia txikiren bat izateko, baina larregi deskuidatzea ere ez da ona, entrenamendu serioak sartzen hasiak baikara. Garai honetarako lan asko izaten dugu egina, eta pixka bat zaindu beharra dago. Niri asko gustatzen zait jatea, eta Gabonetan asko gozatzen dut, baina, egun jakin horiek kenduta, ez naiz askorik pasatzen.

Gainera, zuk hiru hilabete luze daramatzazu lehiatu gabe, Vueltaz geroztik.

Inoiz ez dut horrelako atseden luzerik izan. Normalean baino pixka bat lehenago utzi nion lehiatzeari, baina entrenatzen jarraitu nuen. Burua deskonektatzeko balio izan dit. Urteko egutegia nahiko jarraian izan dut, eta, halakoen ondoren, mesede egiten du atseden on bat hartzeak. Iaz 95 lehiaketa egun inguru izan nituen, eta aurten 80tik gora izan dira. Egun asko dira.

Zer traza hartzen diozu 2019ari? Abenduan taldeko buruekin egon zinen.

Iazko urteko arrakasta ikusita, planteamendu oso antzekoa egingo dugu, egutegiari zein helburuei dagokienez. Andaluzia, Valentzia, Katalunia, Alpeetako Tourra, Itzulia eta Girora. Gero ikusiko dugu urtearen bigarren zatian Tourrera, Vueltara edo urte amaierako klasikoetara begira jarriko garen. Iaz, Girora ondo iritsi nintzen, eta aurten taldearen helburu nagusia Miguel Angel Lopezekin Giroa irabaztea da.

Buruan duzu Giroa eta Tourra egitea?

Ez dut baztertzen. Gogo handia dut Tourra probatzeko, baina taldeak ezin dit baieztatu oraindik. Giroa nola bukatzen den eta gorputzak nola erantzuten duen ikusi behar, baita taldeko beste txirrindulariak nola dauden ere. Orduan ikusiko dugu aukera dagoen.

Miguel Angel Lopez, Ion Izagirre, zu... Girora talde indartsua eramango du Astanak.

Argi dugu Giroa dela helburu nagusia, eta gure liderrarentzat lan egitera goazela. Talde sendo eta osoa osatu dugu, eta Giroan eskarmentua duena.

2018an, ageriko jauzi kualitatiboa eman zenuen. Aldatu al da taldeko buruek zure inguruan duten iritzia?

Ni jakitun nago helburu nagusietarako lider bat izango dudala gainetik, baina, iazkoa ikusita, bigarren hautagaiarekin jokatzeko aukera egonez gero, hor egongo da nire aukera. Itzuli txikiagoetan izango dut nire aukera taldeburu joateko; esaterako, Alpeetako Tourrean edo antzeko beste lasterketa batzuetan. Taldeak nire esku utziko du ardura hori. Denboraldi hasieran izan daitezke aukerak Andaluzian edo Valentzian.

Euskal Herriko Itzulian?

Etxeko laurok joango gara, segur aski, eta laurok gogoz. Ikusi beharko zein egoeratan iristen garen, eta euskaldunon artean konponduko gara. Unean ikusiko dugu zein dagoen indartsuen, eta haren alde egin beharko dugu. Ni banaiz, nire alde, eta izagirretarrak badira, haien alde.

Udan zenioen bigarren liderraren rol hori nahi zenuela. Zuzendariak ere iritzi berekoak dira?

Bai, haiek badakite Italiako Giro oso gogor batean seigarren egiteko gai izan naizela. Gero, Vueltan ezin izan nuen hori errepikatu, eta Lopezentzat lanean ibili nintzen bete-betean. Badakite potentziala badaukadala, baina ikusi behar da taldeak bolada bakoitzean zein behar dituen. Bigarren lider moduan doanak ez du lehen liderrak adina pisu hartzen bere gain. Lider nagusia Lopez da, eta hark egoera larriak dituenean, eta laguntzeko taldeko beste inor ez badago, argi dago ni neu izango naizela sakrifikatu beharko dena, eta beti haren eskuetan egongo naiz. Baina lasterketetan egoten dira baliatu daitezkeen egoera taktikoak, eta hori abantaila izan daiteke.

Eta zuk, urte on horren ondoren, gauzak beste modu batera ikusten dituzu? Konfiantza aldetik...

Bai, argi dago. Aurreikuspenak, bai nireak eta bai inguruko jendearenak, aldatu egiten dira guztiz. Dena den, askotan ez da erraza izan aurreikuspen horiek betetzea. Baina nik behintzat konfiantza hartu dut, eta lehen uste nuen baino urrutiago iristeko kapaz naizela ikusi dut. Orain, beste gose edo intentzio batekin noa lehiara.

Zein izan da 2018ko unerik onena? Seigarren izan zinen Giroan, garaipen bat Alpeetako Tourrean eta beste bat Dauphinen...

Giroa izan zen unerik onena, eta Girotik bueltan jendeak emaitza hori nola hartu zuen ikustea [harrera handia egin zioten Gernikan]. Garaipenak zirrara biziz hartzen dira, eta unean bertan poztasun eztanda bat bezalakoa da. Adibidez, Dauphinekoa garaipen oso berezia izan zen, eta, atzetik sartu ziren txirrindulariak ikusita, meritu handia eman dakioke. Baina, azkenean, Giroko seigarren postu horri balio handiagoa ematen diot, hiru asteko lana baita: sufrimendu handia, une zail asko... Nik uste dut horrek memorian iraupen luzeagoa duela.

Seigarren postu horrek tropelean kokatu zaitu. Aurkariek zurekiko duten tratua aldatu al da?

Tropelean hierarkiak daude. Txirrindulari esperientziadunek, edo emaitza hobeak dituztenek, beste errespetu bat hartzen dute. Garaipenetik gertu egoteko ahala erakutsi dutelako da. Baina niri ez zait larregi gustatzen. Mundu guztia errespetu berberarekin tratatzea gustatzen zait niri. Talde handi edo txikikoa izan, nik modu berean tratatzen ditut.

Iaz, garai honetan elkarrizketa egin, eta urtea horrelakoa izango zela esan balizute?

Niretzat ezustekoa izan da 2018a. Nire helburua World Tourrean garaipen bat lortzea izan da, eta beste urte batzuetan hurbildu izan naiz. Baina gauza bat da egun bateko garaipen bat gertu edukitzea, eta beste bat norberaren errendimendua maila bat gorago sentitzea. Niretzat, jauzi hori izan da ezustekoa. Orain arteko nire bilakaera ikusita, jauzirik handiena egin dudan urtea izan da.

Zein da 2019rako helburua? Beste pauso bat emanez gero, podiumetara begira jarri behar.

Badakit beste pauso bat emanez gero podiumean sartzeko jokoan aukera dagoela. Baina talde barruan guztiok funtzio bat dugu, horretarako mugak jar ditzakeena, eta ez dakit aukera horiek jorratu ahal izango ditugun. Helburua? Beste pausotxo bat ematea, neure buruari mugarik jarri barik, eta, bueno, erakustea maila hori ez dela kasualitatea izan.

Urte bukaeran, kontratua amaituko zaizu. Begiratzen al diozu horri?

Kontratua bukatzen duzun urteak beti dira garrantzitsuak, eta tentsio handiagoa izaten dugu. Argi dugu urte osoan hori izaten dugula; ikusiko dugu zein aukera azaltzen diren, eta aztertu beharko dugu. Baina oraindik oso goiz da horren inguruan hitz egiten hasteko.

Izagirretarrak berriak dira taldean; zer moduz haiekin? Euskal herritar asko zaudete.

Oso ondo! Beti eskertzen da inguruan etxeko jendea izatea, eta euskal giroan oso gustura gabiltza. Alde batetik, nazioarteko taldea dugu, bere abantaila guztiekin, gauza ezberdin asko ikasteko, eta era betean etxeko giro hori topatu ahal dugu, askotan eskertzen dena. Omar Fraile, Iban Belasko, Aritz Arberas, izagirretarrak... Euskaldun pila bat gaude hemen, eta seinale ona da hori, konfiantza dute gugan.

BERRIAn argitaratua (2019/01/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA