iritzia
Poz aldrebesa
Jaume Gelabert
2018an ohi baino kale-mobilizazio handiagoak izan dira, sei, eta jasotako datuen arabera, lau alderdiko gobernuaren aldekoa izan da Foru Erkidegoko kalea. Altsasuko gazteen atxiloketa salatzeko bi manifestazioak izan dira jendetsuenak, eta jarraian, hurrenez hurren, Manada-ren epaiaren kontrakoa, Martxoaren 8ko manifestazioa eta pentsiodunena; eta oposizioko taldeen euskararen aurkako manifestazioa izan da handienetan txikiena. Onartzen badugu lehenengo bostetan Aldaketaren aldeko nafarrek hartu dutela parte eta seigarrenean Antzinako Erregimenaren zaleek, berria positibotzat har daiteke; ebaluatzailea oposizioaren aldekoa izan ezean, noski. Positiboa bai; baina poztekoa?
Esanen nuke 2018an kalera atera ginen asko nazkatuta gaudela oinarrizko eskubideak eskatu behar izateaz; poztuko ginateke botere judizialak zuzen jokatuko balu, genero-bazterketa desagertuko balitz eta pentsiodunek diru sarrera duina izanen balute. Baldintza horiek beteko balira, nahiz eta mobilizazioen rankingaren lehenengo postua hartu, nahiago nuke hauteskundeen ondorengo urteetan kontserbadore-integrista-elebakarrek kalera atera behar izatea Gobernuaren politikaren aurka. Bide onean gaudelako seinale litzateke.