astekaria 2016/01/22
arrowItzuli

ekonomia

Kulunka orekatzeko bidean

Oihan Vitoria

Kulunka orekatzeko bidean

Gutxi falta zaie Iparraldeko eta Hegoaldeko prezioei pare-parean egoteko. 2007an eta asteon eginiko erosketa bana konparatu ditu BERRIAk, eta frogatu du berdintzen ari direla bateko zein besteko oinarrizko otarreak. Sendotzen ari da joera orokorra: erosketak Ipar edo Hego Euskal Herrian egitearen aldea %6koa da soilik.

Konparazioak egite aldera, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) eta Oiartzungo (Gipuzkoa) sare bereko bi saltokitan egin ditu erosketak kazeta honek. Orotara, hilabeterako oinarrizko 35 produktu hartu ditu bietan, baina ez marka berekoak: batzuk, marka zurikoak; eta beste batzuk, nazioarteko marka entzutetsuenak. Izan ere, nahiz eta biak merkataritza gune erraldoietan egon eta konpainia handietakoak izan, oso nekeza da marka bereko produktuekin topo egitea Bidasoaren bi aldeetan.

Produktu guztietan erdibideko salneurrietakoak hartu dira kontuan; ez garestienak, ez eta merkeenak ere. Halere, ez dago kasik alderik erosketa batetik bestera. Donibane Lohizunen 126,99 euro ordaindutako saskiak 120,61 euroko kostua eduki du Oiartzunen. Produktuen markek prezioen gorabehera handiak eragin ditzaketen arren, badira hainbat produktu nabarmen adierazten dutenak parekatzekoa dela joera: 2007an ez bezala, oinarri-oinarrizko produktuek prezio bertsua dute.

Ogia, ura, esnea, barazkiak eta komuneko papera dira produktu horietako batzuk. Zentimo eskasetan dago horien aldea lurralde batetik bestera. Joera alderantzizkoa da haragiaren eta edari alkoholdunen prezioetan: garestiagoak dira Ipar Euskal Herrian. Esate baterako, haragi xerraren eta txerri solomoaren truk pagatu beharrekoa kiloko bi eta lau euro garestiagoa da Lapurdin Gipuzkoan baino; oilaskoaren prezioa, ordea, oso antzekoa da. Alkoholean ageri dira desberdintasun nabarmenenak: whiski botila batek Hegoaldeko saltokian baino ia lau euro gehiago balio du Iparraldekoan.

Garbiketa eta kosmetika produktuei erreparatuta, Hegoaldeak dauzka prezio handienak, baina ez askogatik: ontziak garbitzeko produktuak eta tanpoiak asko jota 40 zentimo garestiagoak dira Iparraldekoen aldean. Hori bai, inoizko prezio apalenean daude. Ontziak garbitzeko produktuen prezioak %24 apaldu dira 2007az geroztik: Hegoaldean, 1,42 euroraino; eta Iparraldean, 1,22 euroraino. Xanpua ez da salbuespena: bederatzi urteotan euro bat baino gehiago merkatu da Iparraldean, eta 50 bat zentimo Hegoaldean.

Eginiko erosketen arabera, atera daitekeen ondorio nagusietako bat da oinarrizko saskiaren prezioa parekatzen ari dela azken hamarkadan Ipar eta Hego Euskal Herrian. 2002an, euroa indarrean jarri zenean, erosketa egitea %62 garestiagoa zen Iparraldean Hegoaldean baino. Alde hori %20raino txikitu zen 2007aren hasieran, eta %6koa baino ez da gaur egun.

Olioa inoiz baino garestiago

Badira, dena dela, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasunak agerian uzten dituzten zenbait produktu. Kondoi kaxen kasua aski esanguratsua da: lau euro garestiagoak dira, batez beste, Hego Euskal Herrian. Justu kontrakoa gertatzen da fruitu lehorrekin: intxaurra kiloa bi euro gutxiagoren truke lor daiteke Hegoaldean, eta bi kiloko laranja zakua, euro bat gutxiago pagatuta.

Txokolatearen, kafearen, zerealen, kakao hautsaren eta jogurten bidetik, oliba olio litroa ere sekula baino garestiago dago Euskal Herrian. Azken hamalau urteotan %51 hazi da botilaren prezioa Hegoaldean: 2,07 euroko prezioan zuen 2002an, eta 4,20 euroan saltzen da orain. Lasaiagoa, baina garestitzea ere oso nabaria izan da Iparraldean: %23 igo da, 5,40 euroko prezioa edukitzeraino. Kontuan hartu behar da garai hartako gutxieneko soldata ez zela egungoaren adinakoa, eta inflazioa ere ez zegoela gaurko maila apalean.

BERRIAn argitaratua (2016/01/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA