astekaria 2019/01/04
arrowItzuli

kultura

Doazenak eta datozenak

Miren Garate

Doazenak eta datozenak

Sarrerak erosteko, segundoko 3.000 eskaera baino gehiago izan ziren lehen egunean, eta erabat blokeatu ziren plataformak. Datu horrek erakusten du zenbateko ikusmina sortu duen «etenaldi mugagabea» hasi aurretik Berri Txarrak-ek emango duen azken kontzertuak. Azaroaren 23an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta musikazale askorentzat hura izango da aurtengo musika saio nagusia. Aurrez, ordea, mende laurdena ospatzeko eta zaleak agurtzeko, Ikusi arte bira egingo du. Enkore da jarraituko ez duen beste euskal talde bat. 10 urte oholtzaz oholtza eman ostean, agur esango die zaleei, hark ere bira bat egin ostean. Halatsu Zarauzko Delorean taldekoak ere; hemezortzi urteko bidearen ostean, azkeneko lau kontzertuak emango dituzte urtarril-martxo artean. Batzuk joan eta besteak etorri. Urte osoan, eta batez ere Durangoko Azokaren bueltan, uzta oparoa espero da. Gogoeta prozesu baten ostean, berrasmatuta eta indarberrituta itzuliko da Euskal Herria Zuzenean festibala ere. Ekainaren 29tik uztailaren 1era izango da.

Jende asko biltzen duten bestelako festibal batzuei dagokienez, dagoeneko iragarri dituzte aurten ekarriko dituzten taldeetako batzuk. Ekainaren 21ean eta 22an egingo dute Azkena Rock Gasteizen, eta, besteak beste, The B-52s, Wilco, Stray Cats, Deadland Ritual, Corrosion of Conformity, Glassjaw eta Meat Puppets taldeen kontzertuak izango dira. Bilboko BBK Live uztailaren 11tik 13ra antolatu dute, eta tartean, Idles, Slaves, Shame, Viagra Boys, Sleaford Mods, Nathy Peluso, Olatz Salvador eta EraBatera taldeak ariko dira. Donostia Festibalak, berriz, iaz hartutako bideari eutsiko dio, eta hiri musikaren aldeko apustua egingo du. Iragarritako taldeen artean, Natos y Waor, La Pegatina, Ayax y Prok, Gatibu, Bad Gyal, Mala Rodriguez eta Carolina Durante daude. Donostiako Hipodromoan izango da jaialdia, irailaren 13 eta 14an.

Festibaletatik kanpo ere egongo da atzerriko sona handiko artistak entzuteko aukera. Bira amaigabean dabil oraindik Bob Dylan musikaria. Urtean ehun kontzertu inguru ematen ditu, eta horietako bi Euskal Herrian izango dira aurten: apirilaren 25ean, Iruñeko Nafarroa Arenan joko du; eta hurrengo egunean, Barakaldoko (Bizkaia) Bizkaia Arenan. Nafarroa Arenan ariko da Mark Knopfler ere, maiatzaren 5ean.

Etxebestetarrak, bueltan

Agur esanez, baina bueltan datoz etxebestetarrak. Aupa Etxebeste!-ren bigarren zatia, Agur Etxebeste! izenekoa, prest dute Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek. Iragarri dutenez, aurreko filmaren amaieran zegoen egoera jarri dute bigarrenaren abiapuntuan: osasun arazoek postua uztera behartuko dute Patrizio herriko alkatea, eta Maria Luisa emazteak hartuko du haren lekua. Etxeko giroa eta udaletxeko eguneroko martxa hankaz gora jarriko ditu horrek.

Lara Izagirre gidoilari eta zuzendaria ere bere bigarren film luzea prestatzen ari da: Ane eta Peio, maitasun istorio bat piper artean. Aurten grabatuko dute, eta emakume baten istorio pertsonalak gidatuko du kontakizunaren haria. Komedia kutsua izango duela iragarri du zuzendariak, eta oraindik «hain ezezaguna» den road trip formatuan errodatuko dutela. Ane Pikazak antzeztuko du protagonista nagusiaren rola.

Handia filmak sekulako arrakasta izan zuen iaz Espainiako Goya sarietan, eta aurten ere euskal herritar bat baino gehiago daude sari horiek eskuratzeko hautagaien artean. Arantxa Etxebarriaren Carmen y Lola filmak zortzi hautagaitza ditu, Jon Serrano eta David Heras efektu berezirik onenen saria eskuratzeko hautagaiak dira, Errementari-n egindako lanagatik, eta Andrea Jaurrieta nafarrak zuzendari berririk onenaren saria lor dezake Ana de día filmagatik. Otsailaren 2an banatuko dituzte sariak.

Etorkizuneko zinema uzta handitzen lagun dezake Donostiako Tabakaleran aurten irekiko duten euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategiak ere. Ane Rodriguez kultur zuzendariaren ordezkoa ere aukeratu beharko du kultura garaikidearen nazioarteko zentroak, udaberrian kargua utziko baitu hark. Museoaren barneko antolaketa aldatuko duela azaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak ere. Museoa fisikoki eta espiritualki modernizatzea da helburua, eta, horri lotuta, barne antolaketa aldatzea baino garrantzitsuagoa izango den beste aldaketa bat ere egingo dute: 8.000 metro koadroan handituko dute museoa. Horretarako, 5.000 metro koadro gehituko dizkiote, eta 3.000 metro koadroko beste azpiegitura bat eskuratuko dute. Obrak martxan jarri arte pare bat urte pasatuko dira, baina otsailerako iragarri dute lanak adjudikatzeko «arkitektoen nazioarteko lehiaketa publikoa».

Bitartean, Euskal Herriko museo nagusietako batzuek dagoeneko iragarri dute zer erakutsiko duten datozen hilabeteetan. 2019an Guggenheimek hartuko dituen erakusketen artean izango dira, besteak beste, Jenny Holzer, Thomas Struth, Lucio Fontana, Gerhard Richter, Jesus Soto eta Giorgio Morandi artistei eskainitakoak. Donostiako San Telmo museoan, heriotzari, robotikari, diseinuari eta Gipuzkoako historiaurreari buruzko erakusketak izango dira.

Txillida Leku, zabaltzear

Eta ondo bidean, Euskal Herriko arte eskaintza horretara batuko da Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku ere berriro. Ziurtasun osoarekin adierazi zuen orain aste batzuk Ignacio Txillida eskultorearen familiaren bozeramaileak uda aurretik irekiko dutela. 2010eko abenduaren 31n itxi zuten, arazo ekonomikoak argudiatuta, eta orain urtebete jakinarazi zuen familiak Hauser & Wirth Suitzako galeriarekin akordio bat lortu zutela. Hark hartuko du bere gain museoaren kudeaketa.

Bertsolaritzan, txapelketa nagusiaren urtea ez bada, urtero izaten da herrialdeko txapelketaren bat. Gipuzkoakoa eta Arabakoa izango dira aurten. Arabakoan zein hemezortzi bertsolari ariko diren erabakita dago dagoeneko. Martxoaren 30ean izango da finala. Gipuzkoan, berriz, maiatzean eta ekainean jokatuko dute sailkapen fasea, eta aurrera egitea lortzen dutenek eta aurretik sailkatuta daudenek kantatu ahal izango dute txapelketan. Irailean hasiko dira lehen saioak, eta abenduan izango da finala. Gainera, bi urte barruko Euskal Herriko txapelketan kantatu ahal izateko txartela lortzeko balioko du. Bertso Eguna ere urteroko hitzordua izaten da bertsozaleentzat, eta urteurren biribila izango du aurten, 50. aldiz egingo baita. Donostiatik atera eta ibiltari egitea erabaki zuten iaz, eta Barañainen (Nafarroa) antolatuko dute aurten. Urtarrilaren 26an izango da.

2019ko maskaradak, berriz, Urdiñarbeko gazteek emango dituzte eta lehen agerraldia igande honetan izango da. Ohitura da lehen eta azken saioak herrian bertan egitea.

BERRIAn argitaratua (2019/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA