iritzia
Denak gara besteak
Izaro Gorostidi
Dilma Roussefek eman zion hasiera Pentsamendu Kritikoaren Foroari, aurten Latinoamerikan gertatu den aldaketa politiko nagusienetako bat azaldu nahian, hots, Bolsonaro ultra eskuindarraren garaipena. Roussefen ustez, Latinoamerikan alerta piztu behar da aldaera neoliberal eta neofaxista honen aurrean. Ultraeskuindarren gorakada Europan aspalditik ezagutzen dugun fenomenoa da. 2014an egin ziren Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetako azken hauteskundeei erreparatuz, alderdi ultraeskuindarrek hainbat herritan lortutako emaitza onak topatuko ditugu. Erresuma Batuan (%29), Danimarkan (%23), Frantzian (%25), Grezian (%10), Hungarian (%15), Finlandian (%13) eta Austrian (%20) kasu. Europan abstentzioaren igoera nabarmenarekin lotu da fenomeno hori. Aipatutako azken Europar hauteskundeetan, abstentzioa irabazle suertatu baitzen, bozketa derrigorrezkoa den herrialdeetan izan ezik. Brasilen kasuan, Bolsonaro presidente bilakatzeko sare sozialek izan duten eginkizun erabakigarria azpimarratu zen foroan. Batez ere konfiantzazko esparruetatik bideratutako mezuak aipatu ziren, hots, familiako edo laneko Whatsapp taldeen erabilera.
Aldi berean, aztertutako beste fenomeno bat Lawfare edo gerra judiziala izan zen. Euskal Herrian aski ezaguna dugun fenomeno hori tresna juridikoen erabilera bidegabean oinarritzen da. Bere helburua jazarpen politikoa, irudi publikoaren suntsipena eta aurkari politikoa gaitasunik gabe uztea litzateke. Kontzeptu horrek gerra metodo ez konbentzional bat deskribatzen du, legea helburu militarra lortzeko erabiltzen denean, alegia. 1999an publikatutako estrategia militarreko Unrestricted Warfare liburuan azaltzen da, eta 2001ean Estatu Batuetako Indar Armatuen barruan ezaguna egingo da Duke Law Schooleko Charles Dunlap jeneralak honen inguruko artikulu bat plazaratu ondoren. Horrela, AEBak, Nazioarteko Garapenerako Estatu Batuetako Agentziaren bitartez (USAID), Latinoamerikako aparatu juridikoen erreformen aholkulari nagusia bilakatuko dira, eta botere judizialaren rola eraldatuko dute. Fenomeno horren barruan kokatzen dituzte Brasil, Argentina edo Ekuadorreko presidente ohien kontrako prozesu judizialak. Perez Esquivelen hitzak erabiliz, justizian sinistu behar da, baina ez prozesu judizialetan. Haren ustez, Brasilgo presidente ohia, Lula da Silva, ondo egin dituen gauzengatik kartzelatu dute, eta gogorarazi zuen Lula kartzelara bidali duen epailea Brasileko gobernu ultraeskuindar berriaren Justizia ministroa izango dela, lan onaren ordaina. Hizlari askoren diskurtsoETan aipatu zen moduan, demokrazia burgesaren gainbeheraren isla izango litzateke botere judizialaren krisia, neoliberalismoa neoabsolutismoarekin lotuz.
Hori guztia ulertzeko, derrigorrezkoa da beldurraren fenomenoa aztertzea, beldurraren erabilera politikoa, hain zuzen. Pentsamendu Kritikoaren Nazioarteko I Foroan azaldutakoaren arabera, beldurrak eskuinaren bidez gobernantzen du, eta haren mezua gero eta gehiago zabaltzen ari da. Izan ere, zure egoera sozioekonomikoaren ardura zu baino egoera ekonomiko sozial txarrago batean dagoen edonoren gain jartzen da, hots, errefuxiatuak, etorkinak, eta abar. Arrazoiketa horren argudioa argia da: beraiek sortu dute arazoa, beraz errua berauena da eta beraien arazoen ondorioek nigan eragin negatiboa dute (lana kenduko didate, delinkuentzia igoko da... eta abar). Beldurraren kulturaren aurrean beldurra gainditzea derrigorrezkoa litzateke, eta, horretarako, norberaren kontzientzia astindu behar da, zure baitan dagoen matxista, arrazista eta klasista identifikatzeko lana agerian utziz. Finean gure garunak deskolonizatzeko aukerak landu, gure egitura mentalen menderatze-mendetasun harremanak gainditzeko .
Baina nola politizatu lan hori? Instituzioen bitartez bakarrik ezin da, instituzioak ez direlako neutroak; beraz, egitura horiek ere deskolonizatzeko beharra daukagu, boterea lortu, boterea aldatzeko. Hala ere, gobernua irabaztea ez da boterea eskuratzea; are gutxiago, botere ekonomikoa kontuan hartzen badugu. Oxfam elkartearen arabera, azken urtean aberatsenen ehuneko batek ondasun berriaren ehuneko 87 sortu dute.
Dena den aldaketa handiak jendeak sostengatzen dituen aldaketak dira, herriaren lana funtsezkoa baita. Ekintza eta hausnarketa praxira eraman eta herria hitza berrasmatzea litzateke funtsa. Batasunaren aniztasunetik sortutako herria izango da herri-kategoria berreskuratzen lagunduko diguna. Horretarako, eguneroko bizitza politizatu behar da, eta itxaropena eraiki, itxaropen-biderik irekitzen ez duen jendea kontserbadurismoaren alde lan egiten duen jendea delako. Horrela, herri mugimenduen rol ikusezina balioan jarri beharko genuke eta mugimendu feministak XXI. mendean azalarazi duen sororitatea landu. Denak gara besteak.