astekaria 2019/01/04
arrowItzuli

bizigiro

EVELIO LOBERA LIQUETE

«Aparteko ingurua dugu, baina galtzen uzten ari gara»

Jon Rejado

«Aparteko ingurua dugu, baina galtzen uzten ari gara»

Gasteizko udalerrian, hiriaz gain, landa eremu zabala dago. Landa eremu horretan 60 herri baino gehiago daude, baita basoak eta balio handiko natura guneak ere. Evelio Lobera Liquete (Huesca, Espainia, 1946) herri zein natura ingurune horiez arduratu da 30 urtean baino gehiagoan. 1978. urtean hasi zuen udal teknikari lana, eta 2010eko hamarkadaren atarian hartu zuen erretiroa. Bidean, herrietako azpiegitura eta zerbitzuen zaharberritzean parte hartu zuen, baita Gasteizko ikur nagusietako baten sorreran ere: Eraztun Berdea. Azken horren 25. urteurrena dela-eta omendu dute, berriki.

Madrilen ikasi zuen Basogintza Ingeniaritza. Duela 47 urte heldu zen Gasteizera, eta apur bat geroago hasi zen Gasteizko Udaleko Landa Eremuko Taldean. Ordura arte, zenbait enpresa pribatutan lan egin zuen, Bizkaian: Barakaldon, Durangon, Lekeition...

Nola izan zen enpresa pribatutik administrazio publikorako jauzia, 1978an?

Hasieran, ezin nituen gauza asko ulertu. Sektore pribatuan gauzak di-da konpondu behar dituzu. Udalean, aldiz, txosten bat aurrera eramateko, batzordera eraman behar da, horrek hiru aste har ditzake...

Udalean hasi zinenetik hainbat alkate pasatu dira: Alfredo Marco Tabar, Jose Anjel Cuerda, Alfonso Alonso eta Patxi Lazkoz. Zure lana aldatzen zen agintari aldaketekin?

Aldatzen da, bai. Dena den, zorte handia izan dut, oso independentea izan bainaiz beti. Jose Angel Cuerda zen guztien artean irekiena, seguruenik. Arazo asko konpondu zizkidan. Beti izan dut politikariak gutxi molestatzeko gaitasuna edo zuhurtzia. Are, politikariengandik zenbat eta urrunago egon, orduan eta askeago zara lan egiteko. Askatasun handia izan dut gobernu guztiekin eta alkate guztiekin.

Teknikarien lanean sartzen ez den politikari izatea politikari onaren ezaugarria al da?

Baietz uste dut, baina gero eta gutxiago gertatzen da. Ez da konfiantzarik ez dutela, baizik eta beren aholkulariak izan nahi dituztela ondoan. Baina teknikaria da —funtzionario publikoa— politikariaren aholkularia. Udal handietan, aldundietan, ia gai guztietarako teknikariak dituzte. Agian une zehatz batean txosten berezi bat beharko dutela-eta kanpoko norbaitengana jo behar dela? Ados, baina gehienetan ez da horrelakorik egin behar.

Hilabete hasieran omenaldi bat egin zizuten, Gasteizko Eraztun Berdearen 25. urteurrena dela eta. Orduan esan zenuen 1978an udalera heldu zinenerako eraztuna ia eginda zegoela.

Parke nagusiak bertan zeuden. Bi gune nagusi falta ziren: Salburua eta Zabalgana. Inguru horiek lehengoratzen hasi ginen, poliki-poliki. Dena den, orduan ezin nuen irudikatu Eraztun Berdea zer den orain. Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren meritua da hori lortzea, batez ere.

Zergatik?

Luis Andres Oribek, bertako zuzendariak, nik ez nuen beste ikuspuntu bat zuen. Kudeatzaile ona da, administratzaile ona... baita saltzaile ona ere. Finean, halako proiektuen zailtasun nagusia dagokionari saltzea da.

Nola saldu zenion Jose Angel Cuerdari Salburua eta Zabalgana lehengoratu beharra?

Cuerdak bazuen ideiaren bat edo beste. Salburuan egon ginen elkarrekin, eta egoera erakutsi nion, bertatik bertara. Lehortuta zegoen urmael bat zen, eta azaldu nion lehengoratzea merezi zuela. Dirua behar zen hori egiteko, Gasteizko Udalarenak ez ziren lur batzuk eskuratu behar baitziren: Zurbaorenak, Arkautirenak... Horregatik hasi ginen Zabalganan, Salburuko lurrak eskuratzen genituen bitartean.

Zabalganan errazagoa zen?

Bertan egin genuen lehen obra handia. Harrobi erraldoia zegoen bertan, eta, inguruan, udalarenak ziren lursailak. Udalarenak ziren, baina Ehariko laborariek baliatzen zituzten.

Nola lortu zenuten lur horiek berreskuratzea?

Mundu guztiak pentsatzen zuen oso zaila izango zela. Abokatuen bitartez egitea proposatu izan zen. Eskatu nien hitz egiten uzteko, eta poliki-poliki landu genuen gaia. Hitz eginda zegoenean, lubaki bat egiteko eskatu nuen, parkea izango zenaren muga markatzeko. Hor amaitu zen tentsioa. Ulertu zuten zein zen egoera. Hitz egiten konpon daitezke gauza gehienak.

Gaur egungo parkea hutsetik egin zenuten, nolabait. Nola erabaki zenuten zer egin?

Poliki-poliki. Horrela egiten dira halako proiektuak. Poliki-poliki. Luis Oriberekin hitz egin nuen aurrekoan: orain ikusten duguna egiteko prozesua duela 30 urte hasi genuen.

Salburuko eta Zabalganako lanak egin zenituztenean, ezin ziren aurreikusi gerora egin dituzten auzoak.

Ez, ez... Salburuko eta Zabalganako auzoak inoiz ez ditut oso gogoko izan. Uste dut proiektu handiegiak direla. Lur eremu handiegia hartzen dute, beharrik gabe. Espazio erdian eraiki zitekeen egin dutena. Berandu ulertu nuen egin nahi zutena. Herri batzuetako bizilagunek esan zidaten, aspaldi: «Lurrak erosten hasi zaizkigu». Zertarako, baina? Eta nork? Ezin nuen ulertu...

Eta, azkenean, argitu zen.

Zaila egiten zait ulertzea, gaur egun ere. Oso azkarrak behar zuten izan lurrak erosi zituzten horiek. Udal barruan egonda, nik neuk ez nekien auzo horiek egiteko plan orokorra egiten ari zirenik. Egin behar zutena jakin nuenerako, egoerak ez zuen konponbiderik.

Eraztun Berdera itzuliz, milaka hiritar erakartzen ditu egun.

Eta, horri esker, ez dira inguruko mendietara joaten. Gasteiz hegoaldean eta iparraldean dauden mendiak sakratuak dira niretzat. Horrek ematen dio arnasa hiriari. Beraz, lasaitu nintzen baso horietara joateari utzi ziotenean.

Zergatik?

Lau basozain baino ez ditugu inguru hori zaintzeko. Jendea Eraztun Berdera mugitu zenez, errazago egin zitzaigun baso horiek zaintzea.

Gasteizko Landa Eremuko Taldean hasi zinenean, zer aurkitu zenuen?

Eskarmentu handiko gizon bat ordezkatu nuen. Erretiroa hartu zuen, eta haren tokian sartu nintzen. Aparta zen. Ez zuen izango prestakuntza akademikorik, baina inork baino hobeto ezagutzen zuen ingurua. Aurreko guztia ezagutu ondoren, sailari astindu polita eman genion, egoerak hala eskatzen baitzuen.

Zergatik? Zein zen Gasteizko landa eremuaren egoera?

Behar asko zeuden herrietan. Funtsezko zerbitzuak falta zitzaizkien. Eta, niretzat, alor horretan egin genuen lanak balio handiagoa du Eraztun Berdeak baino. Gaur egun, herriaren izaera aldatu da, ordea. Ni hasi nintzenean, herrietan nekazariak bizi ziren, eta orain oso gutxi daude.

Nolakoak ziren herriak?

Kalean argiztapen eskasa zuten. Zorua lurra zen. Ez zegoen espaloirik. Ez zegoen zaborra biltzeko zerbitzurik, ezta gaikako bilketa egiteko ere: papera, beira... Ura ere herri bakoitzak leku ezberdinetik hartzen zuen. Egoeraz jabetu nintzenean, Jose Angel Cuerdarengana joan nintzen.

Zer esan zizun?

Dena kontatu nion. Ez dakit kasu handirik egin ote zidan, baina, bertan nengoela, zinegotzi bat sartu zen: Estanis Agirre. Herri batean bizi zen bera. Nekazari ona, azkarra. Entzun ninduen, gero elkar aurkeztu, eta lanean hasi ginen. Esan nion: «Behar dugunaren aurrekontuak egingo dizkizut; zu borrokatu nagusiarekin».

Eta aurrera egitea lortu zenuten?

Poliki-poliki. Behin etorri zitzaidan: «Goazen Madrilera, edukiontzien azoka bat dago eta». Eta hara joan ginen, autoz. Egun osoa azokan eman genuen: edukiontziak, kamioiak... Ahal beste informazio lortu, herri bakoitzean beharko zena zehaztu, eta horrela egin genuen aurrera.

Eta argindarra?

Oso urria zen herri gehienetan. Azpiegitura berritu genuen. Duintasun apur bat, arraioa! Eta urarekin, gauza bera. Herri askotara Gasteizko ura eramatea lortu genuen. Beste batzuetan zailagoa zen, baina iturburuekin zuten lotura hobetu genuen: estolderia berritu... Kaleak asfaltatu...

Gerora herrien inguruan egin diren azpiegiturek lekua kendu diote lehen sektoreari?

Hirigintza plan orokorretan nahiko txukun aztertu genuen herrien hazkundea. Herriren batean norbaitek iparra galdu zuen, baina, oro har, lortu genuen herriak zentzuz handitzea. 30 etxe zeudela? Ba, gehienez bost etxe berri onar ditzatela. Alegia, guk eramandako azpiegiturek nahikoak izan behar zuten biztanle berriak hartzeko.

Zenbat ari zineten lanean Gasteizko Landa Eremuko Taldean?

Lau basozain, bi delineatzaile, obra publikoetako teknikaria, administraria eta ni. Eta 65 herri genituen zaintzeko! Hiriak lehentasuna zuen ni lanean nengoenean. Horregatik, beti eskatzen nuen aurrekontutik zatitxo bat guretzat gordetzeko.

Gasteizko landa eremuko herri batzuetan kexak entzun dira; esaten dute udalak ez dituela aintzat hartzen.

Hori beti gertatu da. Eskatzen ez duenak ezin du ezer lortu. Bulegoan hala gertatzen zitzaigun. Herri batzuetakoak hil batean 28 aldiz etortzen ziren zerbait eskatzeko. Eta, lortzen zutenean, ondoko herrikoak etortzen ziren, besteari emandakoa nahi zutela.

Miren Fernandez de Landak, Gasteizko Kontzejuen Elkarteko presidenteak, hitz onak izan zituen zure omenaldian. «Aliatu» ere esan zizun.

Oso pertsona ona da. Omenaldiaren ostean gogorarazi nizkion izan genituen borroka guztiak [barre egin du]. Lan oso handia egin du. Tirabirak izan ditugu, baina gauzak konpondu ditugu.

Gasteizko landa eremua ogibide izan zenuen garai batean. Erretiroa hartu zenuenetik, nola bizi duzu?

Bizikleta hartu, eta joaten naiz, noiz edo noiz. Aparteko ingurua dugu, baina galtzen uzten ari gara. Hainbat leku utzita daude. Mendia. Dugun apur hori zaintzen ez badugu... Naturari laguntzeko ez da gauza askorik behar, lau kontu. Baina diru apur bat behintzat behar da. Jendeak ezin du irudikatu basoen zaintzan topatu izan duguna.

Adibidez?

Okinako mendatean, basoan, hala aurkitu genituen, txukun-txukun jarrita, sofa bat, bi besaulki, mahaitxo bat, eta, horren gainean, telebista bat. Norbaitek bertan utzi zituen gutaz trufatzeko!

Gasteiz hiriak landa eremuan duena baloratzen du?

Mendizaleak daude, ibiltariak... Baina, oro har, ez da ezaguna. Pentsa, iparraldean Badaiako mendilerroa du Gasteizek. Artadi bat dago han, eta handik iparraldera ez dago besterik penintsulan. Harribitxi bat da, baina ez da ezaguna.

BERRIAn argitaratua (2018/12/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA