iritzia
Bakardadea
Onintza Enbeita
Baserria konpontzeko asmoak bankura eraman gintuen ahizpa eta biok, eta ea hipoteka bakarrik eskatuko nuen galdetu zidaten. Nik ezetz: ahizparekin batera neukala proiektua. Ez zen hura bakardadea hautsiko zidana, ordea. Orain ere jende asko kezkatzen du bakarrik bizi naizen edo ez kalkulatzeak. Eta, nire moduan, nire adin inguruko emakume asko dira kezka sortzaile.
Kontua da, ordea, bakardadeak hainbeste kezkatzen duen gizarte honetan jendea bakarrik hiltzen dela. Bakarrik ez dagoenari hala dagoela sinetsarazi nahian ari dira: ez duelako senarrik, ez duelako umerik, ez duelako kuadrilla konkreturik. Baina, gero, bakarrik hiltzen denaren lagunek ez dute jakin berogailua pizteko ez zuela dirurik, edo auzokoek uste zuten haren senarra jatorra zela, edo ez dugu usaindu ere egin bakardadean botilak husten zituela, edo ez genekien eskolan ez zutela ondo hartzen.