astekaria 2019/01/04
arrowItzuli

ekonomia

MARI JOSE ARANGUREN

«Gure ekonomian indargune asko ditugula uste dut»

Irune Lasa

«Gure ekonomian indargune asko ditugula uste dut»

Bostondik (AEB) iritsi berri, Mari Jose Arangurenek (Urrestilla, Azpeitia 1969) tarte bat hartu du zuzenean ezagutzen dituen euskal ekonomiaren erronkei buruz gogoeta egiteko.

Nazioarteko hainbat forotan eta bilgunetan ibiltzen zara. Hurrengo hilabeteei begira, zein da horietan antzeman duzun giroa? Nola dago jendea, baikor, ezkor?

Aurreikuspen batzuk ikusi dira, eta esan dute hazkundearekin jarraituko dugula baina hazkunde hori pixka bat motelagoa izango dela. Joerak eta zikloak hor daude, baina nik uste dut gure ekonomian indargune asko ditugula. Industriak pisu handia du gurean, eta, hain zuzen, industrian aldaketa handiak gertatzen ari direla, gure enpresak aurreratu egin dira horietara. Ikusi dut enpresetan eskariak ugaritzen ari direla, enpresak jendea kontratatzen ari direla, langabezia jaisten ari dela, datorren urtean langabezia gehiago jaitsiko dela aurreikusten dela... Ni neu baikorra naiz gure ekonomiaren bilakaeraren inguruan.

Baina ziurgabetasunak hor daude, ezta? Lehiakortasun txostenean ere agertzen ziren. Gatazka politikoak, automatizazioa, demografia...

Eta ziurgabetasun horietako batzuk luzerako etorri dira. Adibidez, demografiarena, lanerako adinean gero eta jende gutxiago egongo delako. Hori dela eta, hainbat politika eta neurri ari dira hartzen. Jakina, horietako askoren eragina epe ertain eta luzera etorriko da; adibidez, jaiotza tasa sustatzeko politiken eta kontziliazio politiken eragina. Hala ere, horiekin batera, immigrazioaren integrazioa ere inportantea izango da. Eta hor, zenbat eta lurralde erakargarriagoa izan, orduan eta jende gehiago eta prestatuagoa etorriko da. Erakargarritasunak, bizi baldintza egokiak, testuinguru berritzaile bat izateak jendea erakartzen du, talentua esaten dioten hori. Era berean, etorri diren horiek horren prestatuak ez badaude, horien integrazioa sustatzeko politikak eta lan merkatuan sarbidea izan dezaten horien gaitasunak lantzeko prestakuntza politikak beharko dira. Demografiaren gaian hainbat politika bateratu beharko dira, ez da nahikoa jaiotzak sustatzea edo kontziliazioa bultzatzea; talentua erakarri beharko da, integrazioa hobetu, prestakuntza ziurtatu... Eta horien guztien abiada bizkortu egin behar dela nahiko argi dago.

Automatizazioarena da datorren beste aldaketa handi bat.

Txosten piloa ateratzen ari dira gai horri buruz, eta oraindik ez dago erabat argi automatizazioaren eragina zenbaterainokoa izango den. Baina lan motak eta lan moduak aldatzen ari dira. Uberizazioa... Joera horiekin guztiekin ikusten ari gara gero eta gehiagotan pertsonak enpresa edo erakunde batentzat baino gehiagorentzat ariko direla lanean; agian tarte batean lana izango dutela eta gero ez... Lan egiteko moduak eta erak ere asko aldatzen ari dira; horren ondorioz, beste hainbeste aldaketa izango dira politiketan, lanpostuetan. Eta aldaketa horiek egiteko prest egon beharko dugu.

Prest gaude?

Askotan kosta egiten zaigu aldatzea. Errazagoa da dakigunari heltzea. Baina aldatzeko prest egotea, ikasi eta gauza berriak egiteko prest egotea jarrera oso garrantzitsua izango da ziurgabetasun eta aldaketa handiko ingurune honetan. Hezkuntza, enpresak, gobernuak eta gu geu pertsona gisa ere aldaketarako prest egon beharko dugu.

Zuen lehiakortasun txostenaren arabera, hazkundea dualtasun ekonomiko eta sozialean erortzeko arriskua saihestuz lortu da oraingoz. Zenbateraino dago hurbil arrisku hori?

2016ko txostenean ikusi zen gizarte dualtasun horretarako joera bazegoela. Azken txostenean, 2018koan, garbi ikusten da ez soilik adierazle ekonomikoetan, gizarte kohesioari eta gizarte berdintasunari lotutako adierazleetan ere hobera egin dugula: pobrezia tasak jaitsi dira, desberdintasun tasak eta langabezia tasak ere bai. Hala ere, egia da, adibidez, egiturazko langabeziaren tasa handia dela oraindik ere, baita emakumeen eta gazteen langabezia ere. Dualtasunaren arriskua txikitzen hasi dela ikusten da, baina oraingoz epe motzeko joera da, eta monitorizatu egin behar da.

Zer egin behar da ongizateari eusteko?

Horri buruz nire lehen gogoeta da denon ardura dela ongizate ereduari eustea. Ez da soilik gobernuaren ardura, denok daukagu zeregina horretan; erantzunkidetasun bat dago hor. Bigarrenik, oso garrantzitsua da erantzunkidetasun horretan denok buruan, zentroan, pertsona izatea. Azkenean, ongizatea pertsonentzat da, eta pertsonen ongizatea bermatu behar dugu.

Nola egin daiteke hori, adibidez, enpresetan?

Barrura begira enpresan pertsona zentroan jartzen baduzu, pertsonaren garapen osoa hartuko duzu aintzat: lan baldintzak egokiak izatea, pertsonaren parte hartzea sustatzea, gaitasunak indartzen saiatzea, pertsonak eman dezakeen onena, bere potentzialtasun guztia, eman ahal dezan giroa sortzea. Hori oso lotuta dago enpresa kultura berria esaten zaion horri, kultura parte hartzaileei eta enpresa egitura horizontalagoei. Horretan, bultzada handiak egin dira, batez ere Gipuzkoan. Enpresa askoren antolaketa aldatzen ari da, kultura berriak ezartzen ari dira, pertsona zentroan jarrita.

Kanpora begirako jarreran, berriz, hemengo enpresek, irabaziak bilatzeaz gain, oso berezkoa izan dute lurraldearekiko konpromisoa, eta horrekin segitu behar dugu. Nire ustez, Euskadin bide hori eginez joan gara modu desberdinetan. Orain, joera global batzuek kontrako haizea dakarte, eta, beraz, gure eredu propioa indartu behar dugu.

Eta nola landu eredu propio hori?

Adibidez, gizarteko eta ingurumeneko erronkak aukera gisa hartuz eta haiei erantzuteko negozioak sortuz. Jarduera ekonomikoa lortzen eta, aldi berean, erronka sozialei erantzuten.

Bigarren aukera izan daiteke hartzen dituzun erabakiek balio kate osoan nola eragiten duten aztertzea, bai gizarte ikuspegitik bai ingurumenaren alorretik. Eta, horrekin, koherente izatea erabakiak hartzeko orduan; demagun, lehengaiak erosteko orduan edo kanpoan inbertitzeko orduan.

Hirugarren bidea sistemako beste aktoreekin harremanak sendotzea da. Hona datorren edo hemen dagoen enpresa batek harremanak lantzen baditu, esaterako, lanbide heziketako zentro batekin, zentroak eta pertsonak egokiago prestatuko dira dauden beharretara. Enpresa handi batek bere hornitzaileekin lankidetza harremanak ere susta ditzake, eta, mundu mailako joeren eta beharren berri hornitzaileetara iristen bada, horiek ere egokituz joango dira.

Horiek guztiak enpresei esaten dizkiezunean, enpresek ulertzen dute, edo beste hizkuntza batean ari zarela iruditzen zaie?

Denetik dago. Enpresa askok luzera begiratzen dute, eta ikusten dute horiek abantailak ekartzen dizkiela, eta euren estrategiaren barnean integratzen dute. Beste batzuk ez dira horretan pentsatzen jartzen, egunerokotasunak harrapatuta egunean-egunean sortzen diren ziurgabetasunei aurre egin behar baitie. Baina, begirada luzatzen bada, epe motzerako abantailak ere etortzen dira.

Eta gobernuek zer egin behar dute?

Erronka horiek guztiek politiken arteko loturak eskatzen dituzte. Hezkuntza, industria eta ingurumen politikek gero eta txertatuago joan behar dute elkarrekin. Eta hor ari dira ematen aurrerapausoak. Adibidez, espezializaziorako RIS3ko estrategia bultzatzerakoan, elikagaien inguruan Osasun Sailaren eta Nekazaritza Sailaren arteko lankidetza bultzatzen ari dira, elikagai osasuntsuak sustatzeko.

Enpresa txikietan I+G eta berrikuntza nola hobetu kezka badago, ezta?

Bai, enpresa txikiak espezializazio estrategia eta politika horietara gerturatu eta prozesu horietan integratzeko bideak jorratu nahi dira. Adibidez, aldundiak ari dira egiten hainbat proiekturekin, garapen agentzien bidez, enpresa txikien eta haien beharren tipifikazio moduko bat, eta ikusten ari dira nolako laguntza behar duten. Horretan ari gara.

Lehiakortasun txostenaren arabera, EAEk kokapen erlatiboan galera izan du besteekin alderatuta. Zein dira gure ahultasunak?

Krisian, batez ere adierazle sozialetan erlatiboki okerrera egin genuen, baina azken urtean txostenean horri buelta eman diogu. Eta definitu egin ditugu ahultasunak edo hobetzeko alorrak. Esaterako, oso inportantea da esportatzeko gai diren enpresa gehiago egotea, eta, gainera, ez izatea soilik enpresa handiak. Krisian hori gertatu da: enpresa gehiago hasi ziren esportatzen. Gero esan genuen esportazio hori modu jarraian egin behar zela, azkenean horrek krisiari aurre egiteko bidea ematen dielako enpresei. Eta hor ere pausoak eman dira. Orain gure txostenak dio esportatutako kopuruak handitu egin behar direla, oraindik ere kopuru txikietan gabiltzalako.

Prestakuntzan ere hobetu beharra daukagu. Goi mailako prestakuntzan ondo gaude, baina erdi mailako prestakuntzan ahulago gaude. Gutxieneko ikasketak gainditu eta hor gelditzen diren pertsona asko daude. Hor batez ere industriara bideratutako erdi mailako hezkuntza indartzen badugu, pertsona horien lan merkaturatzea erraztuko dugu. Industriako enpresa asko ari dira langile bila, eta zailtasunak dituzte.

Berrikuntza ez-teknologikoaren garrantzia ere aipatzen duzue.

Erronka inportantea da. Urteak daramatzagu esaten berrikuntza ez dela soilik berrikuntza teknologikoa. Berrikuntza ez-teknologikoarekin bateratzen denean, adibidez, enpresa hasten denean lankidetzan ingurukoekin, hornitzaileekin, berrikuntzarako tokiko agenteekin, horrek agian ahalbidetu dezake enpresa txiki batek teknologia bat errazagoa bereganatzea, bestela bere tamainagatik agian ezingo lukeenean. Hortaz, antolaketa aldaketa batek aldaketa teknologiko bat erraztu dezake. Garapen ez-teknologikoaren garrantziaz kontzientzia gero eta handiagoa da.

BERRIAn argitaratua (2018/12/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA