astekaria 2019/01/04
arrowItzuli

ekonomia

KONTRAKO HAIZEAN, MOTELAGO

Joxerra Senar

KONTRAKO HAIZEAN, MOTELAGO

Urtea amaitu berri, zer ekarriko du 2019ak? Etorkizuna aurreikusi ezin badaiteke ere, joera aldaketa nabari da. Azken bost urteotan, Euskal Herriko ekonomiak alde izan du haizea. Aurreko bost urteetan, krisiak eragindako triskantza neurri batean onbideratzeko balio izan du hazkunde zikloak. Alta, azkenaldian kontrako haizeak indar handiagoa hartu du, eta, horregatik, analista guztiak bat datoz: 2019an, ekonomia motelago haziko da. Motelaldiaren nolakoa batik bat orain buru gainean diren hodeiek markatuko dute: brexit-aren epilogoak, Donald Trumpen politika ekonomikoak, Europako ezegonkortasun politikoak... Arrisku horietako batek indarra hartuz gero, motelaldia gordinagoa izango da; bestela, oso pixkanakakoa.

Duela hamabi hilabeteko baldintzekin alderatuz gero, Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendaria ezkorrago dago: «Ez dut zoritxar iragarle izan nahi, baina politikaren esparruko erabakiek eragile ekonomikoen asmoetan eragin dezakete, enpresek eta sendiek bi aldiz pentsa dezaketelako inbertitu aurretik. Aurten joera hori uste baino harago joan da». Eta 2019an areagotu daiteke.



Hala ere, paradigma politiko berriak erlazio zuzena du egoera ekonomikoarekin. Azken batean, oraindik konpondu gabeko krisi baten oihartzunak nabari dira Atlantikoaren bi aldeetan antzematen den ezegonkortasunaren sakonean: Trump Etxe Zurira eraman zuen populismoak, brexit-aren emaitza, Frantziako egungo protestak... Gertakari desberdinak izanagatik, errealitate beraren ondorio dira: «Krisiak egonezin handia eragin du. Azkenean, makroekonomikoki, 2008ko errenta mailara iritsi gara, baina hau ez da matematika hutsa. Ez du esan nahi krisia gainditu dugula. Bidean jendeak oso gaizki pasatu du», esan du Madariagak. Azken bost urteetako hazkundearen indarguneetako bat barne kontsumoa izan da: «Gure koltxoia da», laburbildu du Madariagak. Ahulago bultzatu arren, oraindik hauspo sendoa du.

Endika Alabort EHUko ekonomistaren arabera, azken hamar urteetan lan munduan gertatu den prozesuari erantzun diezaioke kontsumoaren apaltzeak. Soldatek behera egin dute, eta gero eta prekaritate handiagoa dago: «Langabeziaren datuekin eszeptikoa naiz, auzia baita zer enplegu mota sortzen ari den. 18.000 enplegu eratu direla diotenean, ez dute zehazten jardunaldi osokoak diren, partzialak, behin-behinekoak... Langabe gutxiago dago, baina zer lan baldintza dituzte?». Hartara, lan mundua bereizi egin da kontratu finkoa dutenen eta behin-behinekoak dituztenen artean: «Langile prekario batek urtean finko batek baino 10.000 euro gutxiago jasoko ditu, eta horrek eragina du kontsumoan».

Aberastasunaren banaketa

Gainera, Alabort kexu da aberastasuna «batik bat enpresen eta kapitalaren eskuetan» geratu delako. Joera horrek ez du sustatzen kontsumoa, «eta inbertsio gutxi egiten du». Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak urrian kaleratutako lehiakortasunaren azken txostenaren arabera, langileko sortutako aberastasunaren %40 bereganatzen dute enpresek batez beste, Alemanian baino bi puntu gehiago. «Beharbada, hemen ez da hain argi ikusten gero eta aberatsagoa den populazioaren %1 hori, baina joera hori da».

Euskal ekonomiaren beste indarguneak industria eta, hari lotuta, kanpo sektorea izan dira. Aurten ekoizpen indizeak galgari nabarmen sakatu dio Hego Euskal Herrian, batez ere manufakturak eta ekipo ondasunen sektoreak. Autogintzaren kasuan, emisioak gutxitzeko Europako Batasunean ezarritako araudi aldaketak berehalako eragina izan du urte amaiera honetan. Alemanian, esaterako, industria produkzioaren berehalako jaitsieraren ondorioz, ekonomiak atzera egin zuen hirugarren hiruhilekoan. Albiste txarrak bere alde ona du, ordea. Madariagak «ia ziurtzat» jo du 2019ko lehen seihilekoan Alemaniak errebotea joko duela, eta mesede egingo dio euskal auto industriari.

Alaborten irudiko, aldaketa haizeak datoz, eta 2019an «erronka handi hori» antzemango du sektoreak: «Zer gertatuko da dieselarekin, eta nola garatuko da auto elektrikoa? Industria ehun interesgarria dugu, baina testuingurua aldatzen ari da». Epe luzera, garrantzitsu deritzo arlo ekonomikoak klima aldaketa aintzat hartzeari: «Ez du hala egiten, eta horrek eragin zuzena izango du nekazaritzan zein ur horniduran». Horri lotuta, oinarrizko lehengaien eskasia ikusten du. «Petrolio produkzioak goia jo du, eta alternatiba gisa hartzen den auto elektrikoak ere eskasak diren osagai batzuk behar ditu ekoizpenerako».

2019ko beste galdera marka handi bat da ea inflazioak kontrolpean jarraituko ote duen; lehengaien eta batik bat petrolioaren salneurriek dute giltza. Urritik abendura, Brent petrolio upelak behera egin du 80 dolarretik 54 dolarrera, baina, Madariagak azpimarratu duenez, «merkatu konplexua denez, oso zaila da antzematea» nondik nora joko duen. Petrolio merkeago batek hazkundea hauspotu dezake, eta inflazioa neurrian mantendu. Eta alderantziz.

Inflazioaren bilakaeraren beste giltza langabeziaren bilakaerak izan dezake: «Lan merkatua hobetu ahala, soldatek gorantz egiten dute. Halaber, 2015etik soldatak gorantz ari dira apurka-apurka». Urteotako hazkundeak modua eman du krisian ailegatutako langabezia gorenetik ia erdira murrizteko. 2019rako, Laboral Kutxak eta BBVAk aurreikusten dute %9tik behera jaitsiko dela. Beherakada positibo horrek ez du hauspotu inflazioa, Hego Euskal Herrian %1,1 baita. Madariagaren aburuz, enpresek badute maniobrarako tartea: «Lan kostuak igoz gero, bi aukera dituzte: prezioak igo edo negozio marjinak estutu». Haren ustez, 2016tik soldatak oso pixkanaka ari dira gorantz, eta, lehengaiak ez direnez nabarmen igo, «epe motzera inflazioa ez da arazo».

Ziklo luzea, inflazio gabe

Epe ertainera, berriz, inflazioa arazo izan daiteke. Teoria ekonomikoaren arabera, lehenago edo geroago inflazioak agertu beharko luke, eta horrek, halaber, hazkunde zikloaren amaiera ekarri. Gaur egungo testuinguruaren berezitasunetako bat da, hain zuzen ere, Atlantikoaren bi aldeetan luzaro iraun duen hazkunde ziklo honetan ez dela oraingoz inflazio handirik agertu: euroaren eremuan %2an dago, eta Estatu Batuetan %2,2an, bi banku zentralen helburuen barruan. «Halakorik ez da sekula gertatu. Nire ustez, prezioak berreskuratuz joango dira, baina harrigarria da hain ziklo luzeak hainbeste irautea inflaziorik igo gabe», dio Madariagak.

Diru politikaren norabide aldaketaren urtea izango da 2019a: Europako Banku Zentralak estatukideen zorra erosteari utziko dio zor merkatuetan, eta, inflazioaren arabera, interes tasak igotzen has daiteke urte amaiera aldera. Izatekotan, igoera oso apala espero bada ere, nola aurre egingo diote sendiek eta enpresek? Krisia piztuz geroztik, Hego Euskal Herriko zor pribatua %28 jaitsi da, 110.000 milioitik 79.096 milioiraino. Oraindik orbandu gabeko zaurien hauskortasuna azpimarratu du Mikel Casaresek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia irakasleak: «Soldata apalen ondorioz, familia askoren egoera egongaitza da, eta, horrekin batera, susperraldia arriskuan jar dezakete zor eta defizit publiko handiek». Azken egunetan, Italiaren eta Europako Batzordearen arteko gatazka bideratu izana mesedegarri izan daiteke zor merkatuak lasaitzeko. Casaresen arabera, sakoneko arazoak hor jarraitzen du, baina: «Europako diru batasunaren diseinuaren gaineko zalantzak ez dira uxatu oraindik, eta bi abiadurako Europa hor dago. Krisiak zor publiko handiak sortu ditu hainbat herrialdetan».

Argitzeko dago brexit-aren korapiloa askatuko ote den. Martxoaren 29ko epemuga gertu dagoela, atzerako kontua hasi da, eta, Theresa May lehen ministroak EBrekin akordioa lortu bazuen ere, ez dago antzematerik Komunen Ganberak hitzarmena berretsiko ote duen ala May agintetik botako duen Jeremy Corbin buruzagi laboristak bultzatu nahi duen zentsura mozioak. Bigarren erreferendum baten aukera ez da baztertzen, eta anabasa horren guztiaren eraginak neurtzerik ez dago. «Zaila da jakitea zer akordio mota lotu duten; beharbada, Suitzarekin egun dagoenaren parekoa da, baina uste dut EBk Erresuma Batua zigortzeko ildo gogorra hartu duela, aurrekaririk ez ezartzeko», dio Casaresek.

CER Europaren Erreformarako Zentroaren arabera, gaur-gaurkoz barne produktu gordinari %2,5eko hozkada egin dio brexit-ak, baina kaltea handiagoa izango da baldin eta akordiorik gabe gauzatzen bada. «Albiste txarra litzateke, batez ere haientzat. Euskal ekonomiaren kasuan, ez da bazkide handiena, baina %6 inguruko merkataritza harremana dugu haiekin». Zeharka ere eragin dezake, Europako beste herrialdeei kalte egiten badie.

Trumpen bi gatazkak

Beste ezegonkortasun iturri bat Donald Trump AEBetako presidentea da. Ustez, adierazle oso onak ditu AEBetako ekonomiak. Azken bederatzi urteetan batez beste %2,3ko erritmoan hazi da hango ekonomia, Europa baino puntu bat gehiago; hau da, ia hamarkada batez, 1,2 bilioiren aldea atera dio. «Adierazle on horien atzean, tranpa bat ezkutatzen da: dopatuta dago», dio Madariagak.

Izan ere, ekonomia gehiegi berotzeko arriskua du. Hori dela eta, Erreserba Federalak diru politika bidez jarduera hoztu nahi badu ere, Trumpen administrazioa suari egurra botatzen ari zaio, zerga jaitsieren bidez kontsumoa bultzatuz. «Politika horrek munduko ekonomia ere bultzatzen du, baina ezin du asko iraun, AEBek ez baituzte oreka fiskalik».

Aldi berean, Txinarekin abiatu nahi duen merkataritza gerrak ez dakar ezer onik, elkar elikatzen duten joera negatiboak sor ditzakeelako, logika ekonomiko ororen kontra, Madariagaren arabera. «Muga sari gehiago ezarrita ere, kontsumitzaileek inportatutako salgaiak erosten jarraituko dute. Ekonomia erori egiten da eta inflazioa igo, Erreserba Federala interes tasak igotzera behartuz. Ez du zentzurik». Trumpek, baina, gogor jo du bai Erreserba Federalaren eta bai Txinaren aurka, eta 2019ak erakutsiko du non amaitzen duen bide horrek.

Testuinguru horretan, Alaborten ustez, AEBek badituzte galtzeko arrazoiak, nahiz eta potentzia militar eta ekonomikoa izan. «Arazoa ez da Txina, mendebaldea baizik. Zorrari lotutako burbuila handia dago, eta ematen du eztanda etorriko dela, auskalo noiz». Hartara, hartzekodun nagusiarekin gatazka hasteak ez dirudi neurririk adimentsuena. Bi aldeek urte hasieran egoera bideratzeko negoziazioak hasiko dituzte, baina, gaizki ateraz gero, kalteak nonahi zabalduko dira. Erraldoiek doministiku egiten dutenean, txikiek aterkia atera behar dute.

BERRIAn argitaratua (2018/12/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA