astekaria 2018/12/28
arrowItzuli

kultura

GORKA BASTERRETXEA

«Kultur mugimendu bat pizten ari da Gasteizen; une berezia da»

Aitor Biain

«Kultur mugimendu bat pizten ari da Gasteizen; une berezia da»

Komikigintzatik artelanen mundura jo du Gorka Basterretxeak (Donostia, 1959); Zuloa liburu dendatik Talka galeriara. Zortzi hilabete dira urratsa egin zuela, eta, baloraziorik egiteko «goizegi» bada ere, pozik dago proiektu berria abiatu izanarekin. Artearen mundua ez zaio erabat berria egiten, halere. Lehendik ere ezagun zuen, batez ere Nestor aitari esker. Baina buru-belarri sartzea erabaki du orain. «Gasteiz hiri handia da, eta arte galeria bat behar du. Agian ez dira garairik onenak horretarako, baina tira: hemen nago».

Liburu dendatik arte galeriara badago aldea.

Bai, handia. Oso ezberdinak dira, eta egunerokoak ere ez du zerikusirik. Galeriara baino jende gehiago joaten da liburu dendara, noski. Baina, horretaz gain, Zuloa oso espezializatuta egon da komikian, eta guk aukeratu izan dugu zein komiki ekarri eta zein ez. Horrek eguneroko lan bat eskatzen du: liburuak irakurri, fitxak egin, bezeroekin egon... Oso lan ezberdina da. Hau apalagoa da, lasaiagoa. Erakusketa jarri ostean ere asko lasaitzen da egoera. Artea, halere, oso mundu bizia da, eta gainean egon behar da.

Zergatik erabaki zenuen Talka galeria zabaltzea?

Beharra ikusten nuen hirian, alde batetik, azken urteetan galeria asko itxi baitira Gasteizen. Baina, horrez gain, aukera izan nuen aitaren lanarekin hazi eta hezteko, eta galeriarena aitzakia ederra zen artearen mundura hurbiltzeko. Zuloa liburu dendan izan naiz azken 16-17 urteetan, eta bi urte edo badira gaiari bueltak ematen ibili nintzela. Baina hori aldatzeko ziztada bat sartu zitzaidan.

Aitaren artelanekin osatu zenuen aurreneko erakusketa, hain zuzen: Lau kardinalak zuen izena erakusketa hark. Berezia izateaz gainera, lagungarri ere izango da hastapenetan, ezta?

Bai, baina laguntzea ez baizik bidea harekin hastea zen niretzat garrantzitsuena. Niretzat oso artista handia da, eta harekin hastea polita izan zen. Alde batetik, haren obra berreskuratzeagatik; bestetik, artista puska bat zelako. Jende asko etorri zen. Ekarri nituen lan asko ezezagunak ziren, gainera; asko harrituta geratu ziren. Erakusketa zegoen bitartean, hainbat ekintza egin genituen. Hainbat proiekzio ere egin genituen: Ama Lur filma eman genuen galerian bertan, baita Alquezar eta Pelotari ere. Ogetaren semea ere etorri zen filma aurkeztera; oso ederra izan zen, bai.

Asko jaso zenuen aitarengandik? Betitik nahi izan duzu artearen munduan aritu?

Duela lau urte zendu zen, eta haren artelan batzuekin geratu ginen. Eta denbora tarte honetan etorri zen galeriaren ideia, hain zuzen, artelan horiekin lotuta. Pieza horiekin mugitzen hastea zen asmoa, pixkanaka. Baina orain haren lana beste bide batzuetatik mugitzen ari da. Harekin hasi nintzen, eta beti presente dago galeria honetan. Nahiz eta beste artista batzuk egon, haren artelana beti egongo da hemen, nola ez.

Abizena pisua da bide berri honetan zuretzat?

Aldentzen saiatzen naiz. Ni neu naiz eta kito. Laguntzen du? Agian bai, baina ez diot garrantzi berezirik ematen.

Zer artistarekin lan egin nahi zenuke aurrerantzean?

Artista gazteekin lan egitea gustuko dut, baina ikusiko dugu. Zerrenda bat badugu dagoeneko, eta nahastu egingo ditugu. Denak hemengoak izango dira oraingoz. Egia da, era berean, urtean bost edo sei erakusketa egin daitezkeela, bakoitzak bi hilabeteko iraupena izaten baitu gutxi gorabehera. Artista asko daude, eta saiatzen gara erakusketetan artista ezberdinak uztartzen; proposamen ezberdina da.

Hiru erakusketa jarri dituzu orain artean, zein bere diziplinakoa: pintura, eskultura, argazkilaritza... Bide hori jorratu nahi duzu aurrerantzean ere?

Bai, gustatuko litzaidake. Nahiko argi daukat zer bideri jarraitu nahi diodan, egia esan. Garaikidea izatea, eta, horren barruan, kontzeptualismoaren arloa ere jorratu nahi dugu. Bide zabala da, eta aukera asko ematen ditu. Gainera, hainbat diziplina uztar ditzakezu erakusketa bakar batean, eta emaitza aberasgarriak ditu. Nahi genuke erakusketari lotuta hainbat ekintza ere antolatzea: ardo dastaketa bat egin dugu, eta Montauk taldearen diskoaren aurkezpena ere bai. Halako ekintzek jendea erakartzen dute. Espazio ireki bat izatea nahi dut.

Alde Zaharrean kokatu duzu galeria. Propio?

Bai. Alde zaharrak asko gustatzen zaizkit. Hondarribikoa naiz, eta alde zaharrean bizi naiz. Gainerako hirietan ere gune horietan zentratzen da bizitza. Zuloa ere alde zaharrean dago. Lokalaren bila hasi nintzenean, hainbat gune begiratu nituen, baina egokiena oraingo hau iruditu zitzaidan. Plaza bat du alboan, gainera, eta izugarri polita da. Bigarren erakusketa egin genuenean, Ruper [Ordorika] etorri zen, eta kontzertu txiki bat eman zuen. Jende asko bildu zen.

Zergatik 'Talka' izena?

Badu azalpen bat atzetik: zuk gauza berri bat proposatzen duzunean, dagoenarekin nolabaiteko talka bat sortzen du. Planteamendu berri bat da, eta zerbait sortzen du, talka moduko bat; dagoenarekin apurtzen du. Haiei ez zaie gustatuko agian, edo bai. Horregatik jarri nion Talka. Izena ere polita da.

Zer helburu du galeria honek?

Helburua garbia da: artelanak saldu nahi ditugu. Eta jendeari erakutsi nahi dizkiogu horretarako. Aurreneko pausoa jendea erakusketa ikustera etortzea da; gero erosten badute, primeran, baina ez da derrigorrezkoa. Liburu denda batean sartu eta begira aritzen zaren moduan, arte galeria batean ere gauza bera egin daiteke. Saltzeko, aurrena ikusi eta ulertu egin behar da.

Galeriek eredu zaharkitu bati eusten diotela diote adituek...

Egia da: aditu askok esaten dute galeriek gero eta toki gutxiago dutela artearen munduan, eta aldaketa bat datorrela. Baina nik garrantzi handia ematen diot guneari; fisikoki hemen egotea oso garrantzitsua da niretzat.

Zer eginkizun izan behar luke galeriak Artiumen itzalpean?

Artistek bi aukera dituzte, gutxienez, beren lanak erakustera emateko: bata, museo baten bitartez erakustea da; bestea, galeria baten bitartez erakustea. Badira bestelako plataforma batzuk ere, baina bi horiek dira nagusiak. Beraz, galeria pribatu baten eta Artium bezalako museo baten arteko lotura eta elkarlana derrigorrezkoa da. Hau da, museoaren eginkizunaren gehigarri izan behar luke gureak ere. Guk ere gure pribatutasunetik erraztu behar diegu artistei beren lanak ezagutzera emateko aukera izatea. Eta hala egitea espero dut. Beatriz Herraez Artiumeko zuzendari berria hemen izan zen aspaldi ez dela, eta hitz egin genuen horri buruz ere. Ea emaitzak etortzen diren.

Nola dago Gasteiz artearen ikuspuntutik?

Pizten ari dela esango nuke. Gero eta jende gehiago ari da kulturaren bueltan, eta kultur talde gehiago sortu dira. Nire asmoa litzateke horiekin guztiekin harremanetan jarri eta elkarlanerako sare bat osatzea. Esango nuke pizten ari dela horrelako kultur mugimendu berri bat; nik, behintzat, horrela ikusten dut. Bai plastika munduan, bai antzerkiarenean, bai zinemaren alorrean... hainbeste gauza ari dira egiten, uste dut garai polita dela alde horretatik; garai berezia da.

Talka proiektu pertsonala da, baina baduzu laguntzailerik.

Bai, batez ere diseinu grafikoari eta argazkilaritzari dagokienez. Semeak ere Bartzelonatik laguntzen dit; hark eramaten ditu sare sozialak, esaterako. Muntaketa egunetan ere etortzen da, halere. Haren kuadrillako bi lagunek laguntzen didate: Kauldi Iriondo da argazkilaria, eta Douglas Robertson diseinatzailea. Jende gazteaz inguratuta egotea beti da polita.

BERRIAn argitaratua (2018/12/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA