astekaria 2016/01/15
arrowItzuli

kirola

Bete gabe utzi du tosta bat

Aitor Manterola

Bete gabe utzi du tosta bat

Arraun mundua aztoratu egin zen igande eguerdian. Zumaiako Arraun Elkarteak iragarri zuen sare sozialen bidez emakumezkoen trainerua ez duela aterako aurtengo udan. Historikoetako bat lehorrean geratu beharrean izan da, taldea osatu ezinda.

«Ez daukagu nahikoa neska, eta ez gara iristen trainerua osatzera», esan du Anjel Etxanizek, Zumaiako Arraun Elkarteko presidenteak. Zarata bazebilen aurreko udako denboraldia amaitu zenetik: «Neska askok esan ziguten uztera zihoazela, taldearen erdiak-edo». Baina garai horretan ohikoa izaten da halakoak esatea arraunlariek, eta, gero, jarraitu egiten dute askok azkenean. Leku guztietan gertatzen da gauza bera. Baina zumaiarren kasuan, irail aldera entzundakoa gauzatu egin zen gero ere: uztera zihoazenek utzi egin zuten. «Zazpi-zortzi arraunlarirekin geratu ginen, baina, hala ere, traineruak uretan jarraitzeko ahalegin betea egin behar genuela erabaki genuen klubean».

Eta osatu, osatu zuten. Hamalau-hamabost arraunlariko taldea biltzea lortu zuten denen artean, utzi zutenetako lau jarraitzeko prest azaldu zirelako. Entrenamenduei ere ekin zieten. Uretan ere aritu izan dira lanean, urtea bukatu baino lehenxeago. Baina, orain, ez ateratzeko erabakia hartu behar izan du klubak. Bidean zer gertatu den azaldu du Etxanizek: «Aurrera jarraitzeko erabakia hartu genuenean, uztera zihoazen baina jarraitu egin zuten arraunlari beterano batzuek baldintza bat jarri zuten segitzeko. Esan ziguten maila oneko ontzia ez bazen osatzen ez zeukatela segitzeko asmorik, eta orain, azkeneko unean, arraunlari horiek izan dira atzera egin dutenak. Eta azkenean, ezin, bada, taldea osatu, zazpi bat arraunlari geratu direlako».

Aurreko larunbatean egin zuten azkeneko bilera taldeak, entrenatzaileak eta zuzendaritzak, zer egin erabakitzeko: «Baietz esandako batzuek ezetz esan dute orain, eta neska nahikorik gabe geratu gara, eta horrela ezin dugu trainerua osatu». Ontzi txikietan lehiatzeko adina arraunlari badauzka, ordea, Zumaiak, eta bateletan eta trainerilletan egin egingo dute denporaldia. Gero, batzuk beste talde batzuetara joango dira traineruan lehiatzera.

«Aro bat bukatu da. Oso ona izan da, bikaina», laburbildu du Etxanizek emakumezkoen taldearen ibilia. Traineruen estropadak 2008an hasi ziren, eta hasieratik egon da Zumaia uretan. Sekulako maila eman du, gainera, eta irabazi beharreko guztia irabazi du. Kontxako Bandera preziatua 2013an lortu zuen, eta marka jarriz, gainera: Euskal Herriko lehen taldea izan zen Donostiako estropada irabazten, aurreko bostetan Galizia izan baitzen garailea. Duela hiru urteko denboraldia izan zen onena garaipenetan Telmo Deun-entzat: Gipuzkoako Liga, Euskotren liga eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi zituen. Dena. Zortzi urte hauetan, palmares bikaina osatu du, baina garaipen handiena hau izango du: emakumezkoen traineru estropaden sustatzaile eta eragile handienetakoa izatea beste talde batzuekin batera. Banderekin batera, betiko gordeta geratuko da.

Olatz Agirregabiria izan da zortzi urte hauetan tostetan ibili den bakarretako bat, eta gorputzaldi txarrarekin dabil larunbataz geroztik, triste: «Pena handia daukat. Saiatu gara trainerua osatzen, baina ezin izan da. Azkenean, hasieratik egon gara hor, zortzi urte zoragarri izan dira, eta bat-batean ezer gabe geratu gara». Bizipen ugari geratu zaizkio urte hauetatik, eta, batez ere, lehen urteekin geratzen da: «Politenak izan ziren niretzat. Estropadetan gozatzera ateratzen ginen, batere presiorik gabe». Gero sartu zitzaien irabazteko premia hori: «Gerokoak ere politak izan dira, baina presio hori gurekin izan dugu». Irabazitako Kontxako Bandera dauka gogoan, baina beste garaipen batzuek beste horrenbeste bete dutela dio: «Izen gutxiagoko banderak irabazi ditugu, eta irabazi izandako moduagatik ondo gogoan dauzkat beste garaipen batzuk ere».

Berriz itzultzeko asmoa

Zulo handia utziko du Zumaiak uda honetan, eta zuloa gehiago ez handitzeko lan egingo du zuzendaritzak. Hala iragarri du Etxaniz presidenteak: «Berehala hasiko gara lanean datorren urtean uretan izateko berriz». Ez dira hitz hutsak. Nolako taldea izatea nahiko luketen ere garbi daukate klubean: «Etxekoekin osatu nahi dugu gehienean, gizonezkoen taldea bezala. Harrobitik badatoz arraunlari gazteak, eta horiek izan behar dute taldearen oinarri». Pena ematen dio gazte horiek heldu artean segida ez emateak traineruari: «Ona izango zen etenik ez izatea, eta gazte horiek berez-berez gehitzea trainerura, baina ezin izan da horrela izan, eta onartu egin behar dugu egoera».

Atzera egingo du Zumaiak aurten. Emakumezkoen traineru estropadetan, tosta bat hutsik utziko du, bete gabe. Talde handienetakoa faltako da. Baina batzuetan atzera egin behar izaten da, gero aurrera egiteko. Horretan dira Zumaian orain.

BERRIAn argitaratua (2016/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA