astekaria 2018/12/28
arrowItzuli

gizartea

Hamaikatxo

Maddi Etxebarria

Hamaikatxo Maddi Etxebarria

Hamaikatxo emozio eta sentimendu sortu dizkigu Euskaraldiak. Ilusioa, ahobizi izatea erabaki duen euskara-ikasleari; etsipena, betiko lagunarekin ohitura aldatzea lortu ez duenari; konplizitatea, igogailuan auzokoari txapa aldean «egun on» esan dion bizilagunari; erronka, herriko denda guztietan euskaraz egitea erabaki duen erosleari; irribarrea, bus-geltokian zain dagoenari alboko bikotea txaparekin bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz entzun dituenean; babesa, bulegoan txapa paparrean elkartu diren bost langileei bilera euskaraz egiteko; gogoa, hamabigarren egunetik aurrera txapa ez kentzeko erabakia hartu duenari.

Hamaikatxo aukera berri bizi izan ditugu. Ahizparekin. Hiriburuko denda handietan. Lantokian. Kiroldegian. Lagun artean. Medikuarekin. Eskolaz kanpoko gurasoekin. Tabernetan. Bikotekidearekin. Kolegioko ikasleekin. Aparkalekuko zaindariarekin. Lagun onenarekin. Bizilagunarekin. Harakinarekin. Kaleko saltzailearekin. Herriko plazan.

Hamaikatxo antolaketa-lan egin ditugu. Bilerak eta batzarrak: administrazioek; administrazioek eta euskalgintzako eragileek; euskalgintzako eragileek; udaletako eta erakundeetako euskara-teknikariek; herrietako batzordeek; herriko batzordeek eta herriko elkarteek. Mezu elektronikoak eta jakinarazpenak: ariketaren berri emateko, belarriprest eta ahobizi rolak ezagutzeko, prestakuntza-saioak jasotzeko, bileretan parte hartzeko, prestakuntza-saioak emateko, txapa batzeko, esperientzia kontatzeko, ikerketarako galdetegia betetzeko, herriko Hamaikakoan parte hartzeko, aurkezpenera joateko.

Hori guztia eta gehiago izan da Euskaraldia. Beste milaka biztanlek bezala, emozio, aukera eta lan horiek bizitzeaz gain, Soziolinguistika Klusterrak ariketa sozial honen gaineko ikerketa egiteko ardura dauka. Izan ere, hamaika egun horietan eta horien prestaketan egindakoa eta gertatutakoa aztertu egin behar da, ikasgaiak ateratzeko eta aurrera begira urrats sendoak emateko.

Gainera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko gaia ez da berria gurean. Atzera egingo dugu denboran, urte batzuk, Aldahitz proiektua aipatzeko; izan ere, 2010etik martxan dugu hizkuntza-ohituretan aldaketak eragin eta ikertzeko proiektu hori. Labur azalduta, lan-eremuko talde naturaletan (bulego edo tailerretako lantaldeetan), hizkuntza-praktika zehatzekin lotzen diren rolak banatzen dira aste batzuetan zehar: bizpahiru lagunek euskarari beti eusteko konpromisoa hartzen dute, eta gainerako lankideek, aukera hori babesteko ardura. Alegia, esan genezake Euskaraldiaren eskala txikiko aurrekari batzuk izan direla. Interbentzio horiek Soziolinguistika Klusterreko teknikariek, enpresetako aholkulariek eta unibertsitate-irakasleek elkarlanean diseinatu, probatu eta ebaluatu dituzte. Proba pilotu horiek urtez urte praktikan jarri, aztertu eta moldatu egin dira, eta hizkuntza-ohiturak euskararen alde alda daitezkeela frogatu dugu. Horrela, Euskaraldian praktikan jarri diren ikasgai asko atera izan dira proiektu horren esperimentaziotik.

Horrela, bada, 2018ko esperientziak ikasgaiak eman beharko lizkiguke (bizi izan ditugun bizipenek zer arrasto utzi diguten, zer emoziok izan duen indarra, antolaketa-ereduan zerk funtzionatu duen eta zerk ez...), gero etorriko diren Euskaraldiak irudikatzeko (hasiera baino ez omen da...). Besteak beste, erabileran izan duen eraginak hizkuntza-plangintzarako eta -politikarako gakoak ekar ditzake, eta analisi zehatzagoak lagun dezake eremu eta praktika berrietara zabaltzeko moduak irudikatzen. Hortaz, egindakoaren gaineko ikerketa zientifikoak eta balorazio konpartituak egiteko parada hartu behar dugu. Izan ere, norbanakoaren hizkuntza-ohituren atzean, sistema oso bat dago, hizkuntza hegemonikoaren aldeko sistema osoa, eta, horretan eragiteko, beharrezkoa da ikerketa, ez soilik hiztunari begira, baizik eta hizkuntza-komunitate osoari begira; eta Euskaraldiak dimentsio handiko ikerketa egiteko aukera ere ekarri digu.

Izan ere, euskararen biziberritzeak, oraindik, hamaikatxo erronka izango ditu, eta horiei erantzuteko ezinbestekoak izango dira hausnarketa partekatua, berrikuntza metodologikoa, esperimentazioa, ikerketa eta ezagutza partekatzea; eta horien garapenean, elkarlana, gizartearekiko konpromisoa eta zientifikotasuna izango dira oinarri nagusiak. Eta horretarako guztirako, lan hori bermatuko duen egitura egonkor eta sendoa behar dugu.

Hurrengo Euskaraldian ere hamaikatxo emozio, bilera eta aukera berri izango ditugu, eta horiekin batera, beharko ditugu ikerketak, azterketak... Izan ere, euskarazko atsotitz batek dioen bezala, «Aurreak erakusten du nola dantzatu atzea».

BERRIAn argitaratua (2018/12/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA