politika
Arrakastaren osteko ajeak
Jon O. Urain
Ez da giro Ahal Dugu-n. Duela hiru urte abiatutako hauteskunde zikloan, alderdi politikoa indartsu sartu zen euskal erakundeetan, presentzia esanguratsua lortuta Nafarroako Parlamentuan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan eta baita hainbat udalerritan ere. Ezinbestekoa izan zen Nafarroako politikagintzaren norabidea aldatzeko. Alderdi berriak sektore ugaritako jendea erakarri zuen, eta ilusioa piztu herritar askorengan, Hego Euskal Herrian 194.833 boto biltzeraino. Hiru urte geroago, bestelakoa dirudi egoerak: talde parlamentarioak zatitu egin zaizkio Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta hiru lurraldeetan, akusazio larriak tarteko: taldekideen artean nahiz ordezkarien eta alderdiko zuzendaritzaren artean. Espainiako proiekzioaren aparrek ere mesede egin zioten Ahal Dugu-ren euskal olatuari, eta baliteke bestondoa iristea orain Madrildik, inkestek galera iragartzen baitiote Podemosi Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Alderdiarentzat, azken urte eta erdia gatazkatsua izan da Nafarroan. Idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeak egin zituzten iazko maiatzean, eta bozketa horrek islatu zuen zenbaterainoko zatiketa zegoen alderdi barruan: 28 boto eskasen aldearekin, Eduardo Santos nagusitu zitzaion Laura Perez ordura arteko idazkari nagusiari. Podemosen eta Ahal Dugu-ko ildoen arteko orekak iraultzea eragin zuen bozketa horrek, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sokakoa nagusitu baitzitzaion Antikapitalisten sektorearen gertukoa zenari. Gipuzkoan, auzitara iritsi da batzarkideen arteko liskarra. Ezin ikusiak telefono gastu bat du oinarrian. 2016ko urrian, batzarkide taldeko buru Juantxo Iturriak espediente bat zabaldu zion Ione Cisneros taldekideari, oporretan laneko telefonoarekin sortutako gastua ez ordaintzeagatik. Horren ondoren, Cisneros gaixo baimena hartuta egon zen urtebetez, eta salaketa bat aurkeztu zuen Patricia Geteren, Monica Moraren eta Iturriaren aurka, hertsatzea eta intimitatearen aurkako delitu bat egitea leporatuta. Abenduaren 19an, instrukzio epaileak ez zituen hiruren helegiteak aintzat hartu, eta Gipuzkoako Auzitegiari dagokio orain erabakitzea ahozko epaiketa zabalduko duen akusatuen aurka. Araban, zortzi batzarkide lortu zituen Ahal Dugu-k 2015ean. 2016ko abenduan, desadostasunak agertu ziren alderdiko zuzendaritzaren eta batzarkideen erdien artean, Koldo Martinek, Daniel Trujillanok, Juanjo Celoriok eta Javier Bizarrok aurrekontuen aurka bozkatu zutelako, alderdiak abstenitzeko agindu zien arren. Ondorioz, lau batzarkide horiek kargutik kendu eta kanporatu egin zituen alderdiak 2017ko maiatzean, eta, ordutik, talde mistoan daude lau kritikoak. Arabako nahiz Gipuzkoako kasuetan, «arazo pertsonalak» sortu dira batzarkideen artean, Ahal Dugu-ko iturrien arabera. Arabako kasuan, batzarkide taldearen desadostasunetan bazegoen oinarri politiko bat, bi ildotakoek osatu zutelako taldea -Antikapitalistak eta Roberto Uriarte idazkari nagusi ohiaren zuzendaritzak proposatutakoak-, baina, gerora, horrek ez du eragin politikorik izan, tirabirak ez baitira ikuspuntu politikoen araberakoak izan, iturrion arabera.
NAFARROA: ZAURIA, ZABALIK
Lehia ez zen hor amaitu: iazko azaroaren 30ean Orain mugituz agiria atera zuten Nafarroako Ahal Dugu-ko kide batzuek, eta, egun berean, joera hark Kataluniako egoerari buruzko hitzaldi bat antolatu zuen. Hitzaldian parte hartu zuen Laura Perezek. Handik gutxira, Perezen eta alderdiko hamalau kideren aurka salaketa aurkeztu zuen militante batek, «alderdiari akabera ematea eta gerra zikina egitea» egotzita. Urtarrilean, berriz, alderdiko Berme Demokratikoen Batzordeak «ustezko irregulartasunak» atzeman zituen Perezek parlamentari gisa garatu duen jardunean, eta alderditik kanporatu zuen.
Gatazkak bitan banatu zuen talde parlamentarioa: batetik, gehiengoa, zuzendaritzaren ildoarekin kritikoak diren lau ordezkariak: Perez bera, Carlos Couso, Ruben Velasco eta Fanny Carrillo. Bestetik, hiru ofizialistak: Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez. Gehiengoa izanik, taldearen izena moldatu zuten kritikoek, eta Ahal Dugu-Orain Bai izenaz bataiatu. Gerora, Couso, Velasco eta Carrillo ere egotzi dituzte alderditik. 2019ko aurrekontuak onartzeko bilkuraren ostean heldu zen barne liskarraren hamaikagarren koska, kritikoek sektore ofizialeko hirurak taldetik egotzi eta gero. Horrek parlamentuko presidentetzatik kanpora dezake Aznarez, eta laukoak gehiengoa gal lezake legebiltzarreko mahaian, hauteskundeetarako bost hilabete eskasen faltan.
Egoerak kezka piztu du laukoa osatzen duten beste indar politikoetan ere, alderdiaren balizko boto galera esanguratsu batek kolokan jar bailezake aldaketaren aldeko indarren gehiengoa. Inkestak besterik ez dira, baina, EiTBk azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean eginiko inkesta baten arabera, galera handia izan lezake Ahal Dugu-k: %7,5 boto eta lau ordezkari; egun dituen zazpi parlamentarietatik eta botoen %13,7tik urrun. Hurrengo egunean argitaratutako Navarrometroak ez zion emaitza hoberik iragarri: hiru ordezkari eta %6,4 boto.
Bi inkestak ez datoz bat Ahal Dugu-ren boto galerak indar korrelazioetan izan dezakeen eraginean: EiTB Focus inkestaren arabera, laukoa sendotu egingo litzateke -Ahal Dugu-ren botoak Ezkerrara eta Geroa Baira joanda-; Navarrometroaren arabera, ordea, PSN litzateke alderdi morearen galeraren onuradun nagusia, eta egun Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indar politikoek gehiengoa galduko lukete parlamentuan.
GIPUZKOAN, AUZIBIDEAN
Edonola ere, auzibideak jada eragina izan du alor politikoan. Inputazioaren ondorioz, Ahal Dugu-ko Koordinazio Kontseiluak erabaki zuen zigor prozedura bat abiatzea Iturriaren, Geteren eta Moraren aurka, eta Iturria bozeramaile kargutik kendu zuten behin-behinean.
ARABAN, ERDIBITUTA
Krisiak beste atal bat izan zuen, ordea, Mari Cruz Polaina batzarkideak kritikoen aldeko agiri bat sinatu zuenez gero. Gaixo baimena izan zuen krisiak iraun zuen bitartean, eta bere eserlekura itzultzean hartu zuen kargua uzteko erabakia, iazko urrian. Agurrean, kritiko azaldu zen alderdiko nahiz batzarkide taldeko zuzendaritzarekin, desadostasun politikoak adierazita: «Herritarrei egiten zaien iruzurrean parte hartu» nahi ez zuelako, «hauteskundeetan egindako promesekiko» eta euren botoa eman zieten herritarrekiko «zintzotasunez» jokatu nahi zuelako eta bere «balioei koherentzia» zor dielako utzi zuen kargua.
PRIMARIOEN ERREZETA
Alderdia udal eta herrialde mailan eratzen ari zela heldu ziren 2015eko udal eta foru hauteskundeak, eta jende berria sartu zen instituzioetara. Lau urte igarota, alderdian uste dute amaitzear den legealdiko liskarrak ez direla berriro gertatuko datorrenean: «Orain jendeak elkar ezagutzen du, badaki nola egiten den lan...». Bada beste berrikuntza bat 2015etik: hauteskunde primarioen bidez aukeratu dituztela maiatzerako zerrendaburuak, eta zerrenda bateratuak aurkeztu direla primario horietara: «Aurrerapauso handia da».
EITBk abenduaren 16an argitaratutako inkestaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3,3 eta %3,6 arteko apalaldia izan lezake alderdiak hiru batzar nagusietan. Aitzitik, udalak izan daitezke haren indargunea, 2015eko bozetan ezin izan baitzuten zerrendarik aurkeztu hainbat udalerritan. Lau urtean udal mailako presentzia handitzeko eta egonkortzeko astia izanda, nabarmen zabal lezake ordezkaritza tokiko erakundeetan.