politika
Atea ireki zioten bake prozesuari
Maider Galardi F. Agirre
Horregatik, «etsita» dago Etxebehere: «Ez gaituzte entzun desarmatzea antolatzen edo hasten ari ziren laguntzaile gisa, baina bi terrorista aterpetzen zituzten batzuen gisan kondenatuak izan gara». ETAk bere ibilbidea behin betiko amaitu osteko lehen epaiketa handia izan da Retaren, Goienetxearen, Etxebeheren, Lekunberriren eta Mateoren aurka egindakoa.
Hirurek uste dute Euskal Herriko testuingurua aldatua dela, eta horrek eragina izan duela beren epaiketan. Besteak beste, auzitegi korrekzionalean epaitu dituzte, eta, horregatik, gehienez ere hamar urteko presondegi zigorraren arriskua zuten. Baina, hala ere, auzitegiak «logika zaharretan eta bortitzetan» jokatu du, Mateoren ustez: «Arras guti aldatu du horrek epaiketan. Epaileak onartu zuen 2011tik hona aldatu zela testuingurua, eta korrekzionalean epaitu gaituzte, baina oraindik ikusten da aldaketa politikoek ez dutela eraginik izan epaiketan». Hala dio Etxebeherek ere: «Ez digute egin opari bat. Aurreko txiparekin, tira, baina, orain ETArik ez dela kontuan hartuta, zigor handiak dira. Kondekoratu eta eskertu egin beharko gintuzten hori egiteagatik».
Harri bat bide luzerako
«ETAren armagabetzea bideratzeko lanean ari ziren bi lagun aterpetzea» izan da Etxebeherek, Mateok eta Lekunberrik egin zutena. 2011n ETAk behin betiko su-etena aldarrikatu ostean, eta zenbait urtez egoera blokeatuta egon ondoren, alde bakarreko bidea urratu behar zela deliberatu zuen erakundeak. Horretan ari ziren Reta eta Goienetxea, joan den asteko epaiketan azaldu zutenez, eta, lan hori egiteko, beren etxeko ateak ireki zizkieten hiru ortzaiztarrek.
«Istorio» horretan sartu zirenean, Mateok pentsatzen zuen ez zuela izango halako oihartzunik: «Zeure buruan da zerbitzu hori egiten duzula, eta gero badoazela. Ez luke gaizki atera beharko. Hor gaizki pasatu zelarik ohartu ginen zer-nolako makineria dagoen atzean».
«Orduan ez genekien Luhuso helduko zenik, ezta Baionako armagabetze zibila gertatuko zenik ere, baina bagenekien zertan ari ziren. Horregatik egin genuen egin genuena», azaldu du Etxebeherek. Hala esan zuen bera atxilotzera zihoazela, 2015eko uztailaren 9an ere: «Lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat. Ez naiz batere dolu».
Hain justu, Etxebeherek atxiloketaren aurretik telebistarentzat eta irratiarentzat esandakoak eragina izan du hiru urteren ostean epaiketan ere: «Guretzat ongi izan zen, gure bertsioa zabaldu zen eta. Behingoz ez zuten beraiek informazioaren egutegia zehazten», esan du Mateok. Unean bertan bake prozesuari lotuta zeudela esan zuen Etxebeherek orduan, eta horixe defendatu dute Parisen epailearen aurrean. Hala ere, prokuradoreak deklarazio horiek hartu ditu oinarri, eta auziaren mediatizazioa ere leporatu diete. Horretaz gain, Etxebehereren hitz horiek erabili dituzte leporatzeko «ETAko bi kide aterpetzea modu kontzientean» egin zutela.
Hiru ortzaiztarren eta Retaren eta Goienetxearen atxiloketaren aurretik, izan ziren ETAren armagabetzerako beste zenbait aurrerapauso, Mateoren ustez. Horien adibide dira 2014ko Baionako Foroa eta 2015eko maiatzean Miarritzen (Lapurdi) ETAren armetako batzuk etxean zituztela atxilotutako hiru lagunen kasua, esaterako. Edonola ere, Lekunberriren ustez, mugarria izan zen beren atxiloketa: «Sentitzen dugu gure harria ekarri diogula gauza horri, eta harri bat gehituz egiten da bidea».
Izan ere, ordutik aurrera handiagoa izan da «gizarte zibilaren engaiamendua» bake prozesuan. Besteak beste, Etxebeherek uste du Ipar Euskal Herriko gizarteak egun horietan izandako erantzunak baduela lotura Mateoren eta Lekunberriren inguruko sarearekin. «Haurrengatik, lanagatik, familiagatik... Beste sare bat ukitu genuen», azaldu du Lekunberrik. «Batetik, kontzientzia politikoa garatzen ari zen, eta, bestetik, bi hauek beste mundu bat ukitu zuten. Bi gauzak elkartu ziren orduan», esan du Etxebeherek.
Hasieratik defendatu zuten mezua izan zen bake prozesuaren alde etxean hartu zituztela Reta eta Goienetxea, baina aitortu dute ez zutela ondoko urteetan izandako gertakarien berri ere: «Ez genuen gure keinuaren inpaktuaren kontzientzia osoa. Gero gertatu dira gainontzeko gertakariak, baina logika berari segituz. Gizarteak bere ardura hartu zuen, estatuak berea hartu ez zuelako», azpimarratu du Lekunberrik. Mezu hori bera helarazi nahi izan dute hiru ortzaiztarrek Parisko epaitegian.
Mezua Parisi helaraztea
Horregatik, joan den astelehenetik asteazkenera bitarte Parisen izandako epaiketan «bake prozesuaren alde engaiatutako herritarrak» zirela azpimarratu dute Etxebeherek, Mateok eta Lekunberrik. Prokuradoreak ETAri laguntzea egotzi die hirurei, baina ortzaiztarrek epaiketa baliatu dute Parisen ere bake prozesuaren aldeko mezu hori zabaltzeko. «Ez gara joan bakarrik geure burua defendatzera», gogorarazi du Etxebeherek: «Bake prozesuaren inguruko mezua zabaltzera ere joan gara».
«Tripetatik» hitz egin dute, Etxebehereren arabera, «Euskal Herrian gertatzen dena ulertarazteko». Bost ziren akusatuak, eta hiru abokatu izan dituzte, baina beren ekintzak epailearen aurrean azaltzeko garaian «tonu bera» erabili dutela azpimarratu dute Lekunberrik eta Mateok. Asteazkenean eman zuten epaia, eta, nahiz eta sententzian gaur egungo testuinguru berriaren zantzurik ez den «ageri», hirurek aitortu dute epaiketan luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dutela.
Besteak beste, Lekunberrik azken hitzean epaileari galdegin zion Euskal Herriko bake prozesuan «engaiatzea»: «'Nahiko nuke zuk ere bake prozesuan laguntzea', erran nion epaileari», nabarmendu du Lekunberrik. Une hori baliatu nahi izan zuen oroitarazteko herritarrek ez ezik botere judizialak ere baduela zer egina eta zer esana afera horretan. «Epaileak ez dira aldatu arlo politikoan aldaketak egin arren», ohartarazi du, halaber, Mateok. Lekunberrik, ordea, espero zuen epailearen keinu bat: «Hori nahi genuen, aldaketa sinboliko bat». Epaileak, ordea, elkarte «terrorista» bati laguntzea eta «atentatuak egiteko babesa» ematea leporatu die, besteak beste, hiru ortzaiztarrei. «Hori ez da posible», azaldu du Mateok: «Gu egiten ari ginen lanak segurtatzen du ez zela atentatu gehiago izanen».
Gainera, Retari eta Goienetxeari zazpina urteko espetxe zigorra ezarri die epaileak, nahiz eta haiek ere epaiketan azaldu zuten zertan zen armagabetzea. Hala dio Lekunberrik: «Epaiketan ongi esplikatu dute egin zutena. Esplikatu dute ahal bezainbat nola lagundu zuten desarmatzea egiten». Handik bi hilabetera, 2015eko irailaren 22an atxilotu zituzten Iratxe Sorzabal, David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxo Flores, Baigorrin (Nafarroa Behera). Horiei ere ETAko kide izatea leporatu zieten, eta, Etxebehereren arabera, segituan hasiko da haien aurkako epaiketa. ETAren armak baliogabetzeko xedea zutela defendatu zuten atxiloketetan.
Datozen ateak eta atakak
Hain zuzen ere, ETA behin betiko amaitu ondorengo epaiketek zein traza izango duten, solasean aritu dira Etxebehere, Mateo eta Lekunberri. Haien ustez, epaileek joan den astean izan zuten tonu bera izango dute: «garai zaharretakoa», alegia. Uste dute, Euskal Herrian izaten ari den bake prozesuari erreparatu baino gehiago, «ETAko kideen aurkako» auzibideak izango direla, eta, horregatik, «ataka» batean dira «armagabetzea egiten lagundu» zuten hainbat eta hainbat kide. Horietako batzuk dira Sorzabal, Pla, Sagarzazu eta Flores, baina oraindik ez da argitu Luhusoko ekintzaileen aurkako epaiketarik izango ote den, eta epaileak zein jarrera izango duen «ikusi beharko» da, ortzaiztarren ustez. «Ez badituzte epaitzen, jadanik aurrerapauso handia litzateke», nabarmendu du Lekunberrik. Bestalde, uste dute epaileak Luhusokoekin berekin izandako jarrera izango balu Euskal Herrian inork ez lukeela ulertuko. Goienetxea ere hala mintzatu zen Parisko epaiketan Etxebehereren, Lekunberriren eta Mateoren balizko kartzelatzeari buruz: «Gu aterpetu gintuzten hiru herritar hauek espetxeratzen badituzue, Euskal Herrian ez du inork ulertuko».
Epaileen jarrera aldatzeko, ordea, beharrezkoa da aldaketa politikoak bultzatzea, Mateoren ustez. Gizarte zibilaren garrantzia ere azpimarratu du: «Egutegia menperatu behar dugu. Jendeak lagundu behar du erritmo hori mantentzen eta ekintza berriak proposatzen». Harago jo du Etxebeherek: «Nik ikusten dut behar dela beste kolpe bat, indar bat laguntzeko hor diren hautetsiei. Haiek ez dira mugituko gu ez bagara mugitzen. Haiek senti dezatela herri bat dutela atzean, mugi daitezela, eta Parisek mugitu beharko du inoiz». Lekunberrik ere hala pentsatu zuen epaiketaren ostean ere: «Pentsatzen nuen behar dela ekintza sinboliko bat, indartsua. Nik ez dakit nola orekatu ahal den politika, ez bada joko azkar baten bitartez».
Salatu dute, gainera, Frantziako estatuak blokeatua duela euskal presoen afera lantzeko irekitako elkarrizketa bidea. Azken urteetan gerturatzeak egin arren hilabeteotan prozesua eten egin dela salatu zuen Bake Bideak orain bi aste. Parisek, ordea, esan zuen elkarrizketarako atea irekita zegoela, eta ez zela hausturarik egon. Urrats gehiago egitea galdegin dute, hain zuzen ere, Etxebeherek, Lekunberrik eta Mateok. Horretarako, epe laburreko egun bat ere ekarri dute gogora: «Beharrezkoa da urtarrilaren 12an Baionara eta Bilbora manifestaziora joatea», ohar egin du Etxebeherek. «Ikus dadila badela bake prozesu batera engaiatuta herri bat eta indar bat, eta hautetsiek eta bake prozesuan ari direnek senti dezatela». Ipar Euskal Herriko errealitatea gogoan izateko ere eskatu dute: «Momentukotz, urratsak hemen egiten baitira», gehitu du Mateok.
Urrats horien hastapena izan zen, hain justu, orain hiru urte Etxebeherek, Mateok eta Lekuberrik Reta eta Goienetxea ETAren armagabetzean laguntzeko aterpetu izana. Eta, joan den astean Parisen izan duten epaiketaren ostean ere, bake prozesuaren ondorengo urratsekin konprometituta segitzen dute hirurek, gizarte zibileko kide gisa. Norberak bere alea jartzearen garrantziaz aritu dira ortzaiztarrak, uste baitute bestela Frantziak eta Espainiak nekez emango dituztela pausoak gatazkaren konponbiderako. Argi amaitu du Etxebeherek: «Bakoitzaren esku da indar hori lortzea eta jokatzea. Garbi dena da judiziala ez dela aldatuko politikoa aldatzen ez bada». Ateak irekitzen segitu behar, hortaz.