astekaria 2018/12/28
arrowItzuli

kultura

1916KO BOZAK GAUR

Mikel P. Ansa

1916KO BOZAK GAUR

Gerla Handia; 1914. Frantziako armadak frontera igorri ditu milaka euskal herritar. Horietako 5.000 eta 6.000 artean hil egingo dira; beste milaka asko, elbarrituko; eta beste milaka asko, preso eroriko. Azken horietatik, hamar euskalduni kantuak eta kontuak grabatu zizkien Prusiako Errege Komisio Fonografikoak, 1916an eta 1917an. Gerrarekin batera hasi zen lanean batzorde hori, eta Alemaniako preso eremuetan atxikita zeuden ehunka pertsona grabatu zituen gramofonoekin eta fonografoekin, ikerketa linguistiko, musikologiko eta antropologiko baten barruan. Ehun urtez gordeak egon dira orduko euskal presoen audio artxibo horiek, eta, orain, joan den azarotik, Interneten daude entzungai. EKE Euskal Kultur Erakundeak Mintzoak.eus atarian jarri ditu. Mende bat geroago, etxera itzuli dira Alemaniako euskal presoen bozak.

Ez da lan samurra izan, Maite Deliart EKEko langileak oroitarazi duenez. Duela ia bost urte jaso zuten grabazioen berri lehen aldiz. Ordura arte ez baitzekiten bazirenik ere. Eta grabazio horiek euskaldun guztien eskura jartzeko lanean aritu dira harrezkero. Lortu duten arte. Azaro honetan jarri dituzte Mintzoak.eus atarian. Berlingo Etnologia Museoaren eta Lautarchiveren baimenak lortu zituzten iaz -hamar presoen grabazioak bi museo horien artean partituta baitaude-. Aurten, urtarrilean, artxibo guztiak jaso, eta grabazioei testuingurua emanik, azaroan entzungai jartzeko modua egin dute.

Horretarako, analisi orokor bat egin dute, grabazioetan zer dagoen aztertuz. Prusiako Komisio Fonografikoak grabatu zituen hamar preso horiek zeintzuk ziren ere argitu dute. Haien biografiak ikertu dituzte, eta harremanetan sartu dira lau presoren senideekin. Lan horretan segitzekoak dira, grabazioak sarean jartzearekin ez baita lana bukatua.

Oraingoz, datu hauek argitu ahal izan dituzte: grabazio haiek zer izan ziren, nola egin ziren, zertarako, nortzuek grabatu zituzten, eta presoak zein ziren. Bestalde, 2015ean lankidetza bat hasi zuten Mondragon Unibertsitatearekin, eta lan horren ondorena izan da bi ikaslek -Elena Canasek eta Ainara Menoyok- egin duten dokumentala, Maitia nun zira? izenekoa. Horrez gainera, Jasone Salaberria Euskal Ikasketetako doktorearekin elkarlan bat ere egin dute. Grabazioen azterketa linguistiko bat hasteko asmoarekin, eskatu zioten audioen transkripzioak egiteko. Lan gaitza izan da, Deliarten arabera, eta Salaberriak ezin izan ditu grabazio guztiak transkribatu, alimaleko lana baita eta EKE bere baliabidez soilik ari baita lanok aitzinatzen. Zernahi gisaz, Deliartek uste du badela oinarri bat Salaberriak jarri duen oinarriarekin azterketa zientifiko bat hasteko. Bestalde, pentsatzen du interesgarria litzatekeela azterketa musikologiko bat egitea ere.

Etnopoloarekin elkarlanean

Berriki, Euskal Etnopoloarekin elkarlanean hasi da EKE. «Anitz aukera ireki ditu horrek guretako, eta horizontea zabaldu zaigu», azaldu du Deliartek: «Bada interes handi bat». Ikerketa lerroak aztertzen ari dira orain, eta batzorde zientifiko baten laguntza izanen dute. Bada zer ikertua, «etnologia, antropologia, ahozko literatura edo mundu ikuskeraren aldetik, adibidez», aipatu du Deliartek.

Mintzoak.eus atarian jarri dituzte grabazio guztien fitxa guztiak, eta egin dute azterketa oso bat, baina gaurko egunean ez da posible audio guztiak entzutea sarean. Humboldt Unibertsitateko Lautarchiven gordeta dauden audioak ezin dira argitara eman oraingoz. EKEk espero du 2019tik aitzinera posible izango dela «pixkanaka» ate batzuk irekitzea: Berlinen, egoitza bakarrean bildu nahi baitituzte Komisio Fonografikoaren artxibo guztiak.

BERRIAn argitaratua (2018/12/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA