ekonomia
DONALD TRUMP, DENEN AURKA
Irune Lasa - Xabier Martin - Iker Aranburu - Jon Fernandez
A
AT SISTEMA
Urtearekin batera, martxan jarri zuen Gipuzkoako Aldundiak AT bidesari sistema N-1 autobian, 3,5 tonatik gorako kamioientzat. Argudioa izan da egunero 12.000 kamioi pasatzen direla Gipuzkoako errepide nagusitik, eta haiek eragiten dituztela kalterik handienak egituran. Kamioilariek gaizki hartu zuten bidesaria, eta apirilean epaitegi batek ebatzi zuen Gipuzkoatik kanpoko garraiolariak zigortzen zituela. Aldundiak ez zuen, ordea, amore eman: hasierako ordain-tarteak, arkuen kokalekua eta tarifak aldatu zituen. Azarora arte, 9,2 milioi euro bildu ditu sistemak.B
'BREXIT'-A
Brexit-erako eguna gerturatzen ari zirela lortu zuten Erresuma Batuak eta Europako Batasunak irteerari buruzko akordioa. Baina Theresa Mayrentzat ituna egiteko nekea bezain handia izaten ari da itun horrek Westminsterko parlamentuaren oniritzia jasotzea. Korapiloa, neurri handi batean, Irlandan dago oraindik. Uhartean muga gogor bat ez ezartzeko konpromisoa bete behar izateak EBren menpe baina hitzik gabe jartzen du Erresuma Batua epe baterako, eta hori onartezina da tory askorentzat eta DUPentzat; oposizioak —laboristek, liberal demokratek eta Eskoziako eta Galesko nazionalistek—, berriz, ez du onartu nahi merkatu bakarretik irtetea dakarren brexit-ik. Blokeoa hautsiko duen formula magikoa agertu bitartean, beste erreferendum bat egiteko aukera indarra hartzen ari da.C
CARLOS GHOSN
Renault-Nissan-Mitsubishi aliantzako burua Tokion atxilotu zuten azaroaren 19an, iruzur fiskala leporatuta. Nissanek berak abiatutako ikerketa batek ekarri du autogintzaren handiki nagusietako baten eroria. Nissanen arabera, azken bost urteetan Ghosnek 38,7 milioi euro ezkutatu ditu irabazien aitorpenean. Kostuen borreroa ezizena hartu zuen Ghosnek, aurrena Renaulten eta gero Nissanen egindako kostu eta lanpostu murrizketengatik. Nissanek bere karguetatik egotzi du Ghosn, baina Renaulteko buru da oraindik —Frantziako Estatuarena da haren %15—.D
DIESELA
2010ean saltzen ziren autoen hiru laurden kasik diesel motorrekoak ziren Euskal Herrian. Iaz %43ra jaitsi zen kopuru hori, eta aurten ez dira %40ra ere iritsiko. Gasolioa erretzen duen motorraren gainbehera 2011tik aurrera hasi zen, baina dieselgate auziak (2015eko iraila) azkartu egin zuen joera hori, eta, hirietako kutsaduraren ardura handiena haren bizkar jarri ondoren, erabatekoa izan da diesel autoak baztertzeko joera. Are gehiago ingurumenaren izenean hainbat gobernuk gasolioaren gaineko zerga handitzeko hartu duten erabakiarekin; Espainiako Gobernua da horietako bat. Baina diesela ez ezik, errekuntza motorra da auzitan dagoena. Teknologia horri epemugak zehazten hasi dira Europako estatuak —Euskal Herrian, 2040an—, eta testuinguru horretan geroa ez dago argi autogintzarentzat Europan. Motor elektrikoarena da etorkizuna, baina hura oraina bihurtu arteko trantsizioan salmentei nola eutsi bihurtu da auto konpainien erronka nagusia.E
ELKARRIZKETA
SOZIALERAKO MAHAIA
Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek osatzen duten mahaia hautsi egin zen apirilean, Lakuak eta patronalak enpleguaren inguruko itun bat egin ondoren. Beren burua kanpoan ikusi zuten sindikatuek, eta ofizialki ere mahaitik kanpo geratzea erabaki zuten; lehenik CCCOk, eta ondoren UGTk. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak berak esku hartu behar izan zuen, eta irailerako lortu zuen sindikatuen itzulera. Patronalarekin adostutakoa atzera botatzea izan zen prezioa. Bake soziala islatu nahi duen argazkia lortu zuen berriro Urkulluk, baina hutsuneak nabarmenegiak dituen irudi bat da: ELA eta LAB ez daude, ordezkaritza sindikalaren gehiengo argia osatzen duten sindikatuak. Aurten, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia instituzionalizatuko duen dekretua aurrera atera nahi du gobernuak.F
FAGORREN EKARPENEN
EPAIKETA
Fagor Etxetresnak zenaren 885 bazkide ohik —3.600 daude— eta bazkideen 70 bat oinordekok Mondragon taldearen aurka jarritako salaketa ekainean iritsi zen epaitegietara. Baina epailearen ahotik entzundakoa ez zen haiek esperotakoa izan: salatutakoa preskribatua dago, eta, beraz, korporazioak ez dizkie itzuli beharko Fagorri egindako ekarpenak eta maileguak; guztira, 47 milioi euro. Bergarako areto txikian, lupaz aztertu zen Fagor Etxetresnak kooperatibaren gainbeheraren kudeaketa, baina ez ziren azaldu kudeaketa horretan Mondragonek izandako ustezko arduraren loturak. Helegitea jarri dute salatzaileek. Fagorren hondoratzearen arduradun bakarra Fagor dela dio, berriz, Mondragonek.G
GREZIA
Ofizialki, aurtengo abuztuaren 20an amaitu da Greziaren amesgaizto ekonomikoa, zortzi urte iraun duena. Kapitulua ixteak arnasa pixka bat eman dio Alexis Tsiprasen gobernuari, hamar urtez atzeratu baitiote zorraren parte handi bat itzultzeko epemuga. Zortzi urteko infernua izan da: herrialdeak hiru erreskate kateatu ditu jarraian, eta 273.000 milioi mailegatu dizkiote euroguneko beste estatuek eta NDFk. Prezio garestian jaso du laguntza, erreforma sakonak eta murrizketa mingarriak egitera behartu baitute aldian aldiko gobernua. Krisiaren kolperik gogorrenarekin, herrialdeak aberastasunaren laurden bat galdu zuen, langabezia tasak %27ko langa gainditu zuen —%50ekoa gazteen artean—, eta 355.000 biztanle galdu ditu 2011tik, nagusiki emigrazio ekonomikoagatik. Orain, tunelaren amaiera argia ikusten ari da Grezia, datu makroekonomikoei erreparatuz gero: iaz, %1,5eko hazkundea izan zuen; aurten, %1,9koa espero du; eta, 2019an, %2,3koa. Halere, %176ko zor publikoa dauka ordaintzeko.H
HIPOTEKEN ZERGA
Urrian, Espainiako Auzitegi Gorenak gol ikusgarri bat sartu zuen bere atean. Aurreko jurisprudentziaren kontra, erabaki zuen bankuek ordaindu behar zutela hipoteken eskriturengatik pagatu beharreko ekintza juridiko dokumentatuen zerga, eta ez bezeroek. Egun bakar bat behar izan zuen atzera egin eta bankuen aldeko erabaki ilun bat hartzeko, gaur-gaurkoz Espainiako justiziak izan dezakeen zilegitasun apurra txikitzeraino. Milioi euro gehiegi zituen jokoan bankak, baita administrazioak berak ere, atzerako eraginaren inguruan har zitezkeen erabakiak zirela eta. Emaitza: eskandalu erraldoia Espainian. Bi egun iraun zuen bilkura hark, eta, epaileen gehiengoak bankuen alde egiten zutela jakin eta ordu gutxira, legea aldatzea erabaki zuen Pedro Sanchezen gobernuak; bezero apalen salbatzailearen rola bereganatu nahian aritu zen Moncloa, baina lasaitu ederra hartu ondoren, jakinda administrazioak ez zuela hasi behar zerga hori itzultzen, eta gero itzulitako hori bankuei eskatzen epaitegien bidez. Nafarroako Parlamentuak ere bide horretatik jo zuen, baina ez aldundiek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren etxea erosten dutenek soilik ordaintzen baitute zerga hori. I
INGURUMENA
Klima aldaketaren aurkako borrokak ekonomian izango duen garrantziaren erakusle dira aurten ezarri edo aurkeztu diren erregai fosilen gaineko zergak. Berotze globalari bi gradu zentigraduen azpitik eusteko, ezinbestekoa izango da ekonomia ahalik eta bizkorren deskarbonizatzea, eta gobernuek bide hori hartu nahi dute, Europan behintzat. Argindarraren zatirik handiena iturri berriztagarrietatik lortzea eta ikatza erabat baztertzea da lehen pausoa. Azken ikatz meategiak eta zentralak ixten ari dira, esaterako, Erresuma Batuan, Frantzian eta Espainian. Hori bai, Poloniak ez du horretarako asmorik, eta Alemaniak ere ez du lortu aurten erabakirik hartzerik ikatzaren inguruan. Garraioaren deskarbonizazioaz, Europako herrialdeak euren buruari epeak jartzen hasiak dira: Espainiak eta Frantziak 2040rako debekatu nahi dute diesel, gasolina eta motor hibridoen autoen salmenta, eta Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek eta Irlandak, 2035erako.J
JAKA HORIAK
Erregaien gaineko zergaren garestitzearen aurkako protesta gisa abiatu zen Jaka Horiena azaroan, baina, berehala, erosteko ahalmenaren galeraren eta Macronen aurkako protesta bizi bilakatu zen. Mugimenduak iritzi publikoan jasotako babesak, Parisen gertatutako istilu gogorrek eta, oro har, matxinada giroak Macronen aulkia dardarka jarri zuten, eta Frantziako presidenteak amore eman behar izan zuen. Erregaien zergaren igoera eten zuen, gutxieneko soldata ehun euro igo, eta pentsiodun gehien-gehienak CSG zerga igotzetik salbuetsi zituen. Neurri horiekin amorrua baretzea lortu ote duen ikusteko dago oraindik.K
KUKUXUMUSU
Udazkenean itxi zen Kukuxumusuren azken denda, Iruñeko Mercaderes kalekoa, eta, horrekin, ikono bat iraungi zen. 1989an jaio eta sanferminen inguruan sortutako marrazkiekin, arkakusoaren markak bide oparoa izan zuen, ehun saltoki inguru ere izan baitzituen garai batean, 2008ko krisia iritsi zen arte. Zorrari aurre egin ezinik, bazkide sortzaileetako bik euren partea saldu zioten Ricardo Bermejori 2012an, eta Mikel Urmenetak gauza bera egin zuen 2016an. Iaz, Bermejok auzitara eraman zuen Urmenetaren Katuki Saguyaki enpresa, «Kukuxumusuren unibertsoko marrazkia» baimenik gabe egitea leporatuta. Bermejok irabazi zuen auzi hura, baina ez du enpresa bideratzea lortu, eta, zorrari aurre egin ezinik, Kukuxumusu hartzekodunen konkurtsoan sartu zen martxoan.M
MERKATARITZA GERRA
Make America Great Again leloa bandera gisa hartuta, AEBetako industriari aspaldi galdutako distira itzultzeko gerra deklaratu zuen Donald Trump presidenteak. Merkataritza gerra, alegia. Bat ez, gutxienez hiru gerra abiatu zituen aldi berean: Mexikorekin eta Kanadarekin, Europako Batasunarekin eta Txinarekin. Su-etenean daude bigarrena eta hirugarrena, negoziazio korapilatsuek emaitzak emateko zain. Eta, bitartean, protekzionismoaren haizeak munduko ekonomiaren panorama goibeldu du.L
LAN ISTRIPUAK
Lan istripuetan hildako beharginen kopuruak gora egin du aurten. ELAk eta LABek diote 66 direla beharrean hildakoak 2018an, iaz baino %20 gehiago. Lanera irten eta etxera itzultzen ez den behargin ororen heriotza da gogorra, dudarik gabe. Hala ere, aurten bereziki egun gogorra izan zen otsailaren lehena, lau behargin hil baitziren egun bakarrean: Bizkaibuseko gidari bat eta kamioilari bat zendu ziren Galdakaon, bi ibilgailuek elkar aurrez aurre jota, eta, Loiun, furgoneta batean hilik topatu zituzten bi langile, deskantsuan zeudela berogailuak intoxikatuta. Uztailaren amaieran ere istripu larria izan zen, eta bi langile hil ziren, Corellako araztegiko putzu batera erorita. Eraikuntzan nabarmen gehitu dira istripu hilgarriak, sektore horren jarduera handiagoaren isla.N
NAVAL
2017an geratu zen ekoizpena Navalen, eta 2018an porrot egin zuten Sestaoko ontziola historikoa salbatzeko saioek: akziodunek ez dute diru gehiago jarri nahi; bankuek galerak txikitu nahi dituzte; Van Oordek ez du arriskurik hartu Navalen utzi duen kroskoarekin; eta Jaurlaritzak ez du zaldun zuririk aurkitu. Likidazioan eta langile guztiak kaleratzeko gutunaren zain daudela hasiko du ontziolak 2019. urtea, behin betiko itxiera eragotziko duen inbertitzaile bat agertzeko itxaropena guztiz galduta ez dutela.O
OGASUNEN BILKETA
Langabeziaren jaitsierak, kontsumoaren hazkundeak eta enpresa askoren emaitza positiboek ogasunen kutxak bete dituzte. Iazko markak hautsi dituzte Hegoaldeko ogasunek, nahiz eta aurten ez duten Madrildik kupoari eta ekarpenari lotutako oparirik jaso. Diruak aurreko urteetan estali gabeko zulo batzuk betetzea ahalbidetu dute, nahiz eta krisi garaiko murrizketa batzuek indarrean jarraitzen duten.P
PENTSIODUNAK
2018. urteko beste irudia pentsiodunek eman dute. Pentsioen %0,25eko igoerarekin nazkatuta, protesta mugimendu bat abiatu zuten urtarrilean. Bilbo izan da mobilizazioen epizentroa, baina Euskal Herriko beste hiri eta herrietan ere astero elkartu dira pentsio duinak eskatzeko. Indar erakustaldiak eman du fruituren bat: lurperatuta geratu da pentsioak eguneratzeko PPren gobernuak indarrean jarritako sistema, eta KPIaren araberako igoerak bermatu dizkiete. Baina hor jarraitzen du arazoaren muinak: zer egin behar da etorkizuneko pentsio sistema bideragarria izateko?R
RATO
Espainiako Ekonomia ministroa eta Nazioarteko Diru Funtseko lehendakaria izan ostean, urrezko erretiroa izango zuela pentsatuko zuen Rodrigo Ratok, Caja Madrideko eta gero beste hainbat aurrezki kutxa biltzen zituen Bankiako presidente izendatu zutenean, 2010ean. Oker zebilen. Urte haietan, txartel ezkutuen bidez Caja Madrideko dirua modu bidegabean eskuratzeagatik lau urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zioten iaz Ratori, eta jarritako helegite guztiak alferrikakoak izan ditu; Madrilgo Soto del Real espetxean dago urriaz geroztik. Bankiaren burtsaratzean iruzurrik izan zen argitu behar duen epaiketa azaro amaieran hasi da, eta fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatzen du haren kontra. S
SNCF
Langile borrokaren ikur bati erronka bota zion Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta irabazi egin zuen. SNCF trenbide konpainia publikoa lehia librera egokitzeko haren kostuak jaitsi behar zituela argudiatuta, langileen estatutua erreformatzeari ekin zion udaberrian. Oraingo langileen eskubideak ukitu gabe, enplegatu berriei estatutu berezi horren baldintzak ez ezartzea eta langile arruntenak ezartzea zen erreformaren muina. Erronkari greba luze batekin erantzun zioten SNCFko sindikatuek, baina, asteek aurrera egin ahala, indarra galdu zuen, eta Frantziako Parlamentuak ekainaren amaieran onartu zuen erreforma.T
TAXIA
Garraioaren mundua iraultzeko asmoz sortu zen Uber. Baina iraultza guztiek bezala, Uberrenak ere baditu galtzaileak: taxilariak. Auto beltzen ugaritzeak bezero asko kentzen diela salatzeko, protestan ari dira Europa osoan. Uda honetan lehertu da haserrea gurean: grebak, trafikoa oztopatzen zuten ilara luzeak, eztabaida biziak eta irainak taxilarien eta gidarien artean... eta ia inon betetzen ez den proportzio bat, Espainiako Auzitegi Gorenaren onespena duena: Ibilgailu Gidaridun bat 30 taxiko. Hego Euskal Herrira artean ez dira iritsi Uber, Cabify eta Ibilgailu Gidaridunen baimenak pilatzen dituzten enpresak, baina, gatazka berriro piztu aurretik, taxien eta IGen arteko «bizimodu harmoniatsua» arautuko duen lege bat agindu du Eusko Jaurlaritzak.U
USMCA
Ituna izendatzeko ere lanak dituzte. USMCA deitzen dio Donald Trumpek AEBetan Mexikoren eta Kanadaren arteko merkataritza itunari, presidente estatubatuarraren ustetan aurreko «desastrea» konpontzen duen akordio erabat berria delako. NAFTA zaharrari eusten dio, berriz, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak oraindik ere. Azaroaren 30ean sinatu zuten, ia urte osoko negoziazio korapilatsuen ondoren. Trumpen merkataritza gerraren lehen atala izan da, eta garaipen batekin amaitu du, auto industriari dagokionez batez ere.V
VICRILA
Ia bi urtez hartzekodunen konkurtsoan egon ostean, Lamiako auzoko (Leioa, Bizkaia) beira lantegiaren jabetza Mivaricar taldeak eskuratu du aurten. 234 langileek, hori bai, euren soldatak %25 murriztea onartu behar izan dute, Mivaricar lantegiaren kargu egingo bazen. Zuzendaritza berriak urrian aurkeztu du bost urterako plan estrategikoa. 2022. urtera bitartean hamazazpi milioi euroko inbertsioak egingo ditu lantegian, eta epe horretarako fakturazioa bikoiztu nahi du, 25 milioi eurotik 50 milioi eurora.W
MENG WANZHOU
Huawei Txinako telekomunikazio erraldoiko finantzaburuetako bat, Meng Wanzhou, abenduaren lehenean atxilotu zuten, Vancouverreko aireportuan (Kanada), AEBen eskariz. Estatu Batuek Irani ezartzen dioten bahimendua hautsi izana leporatzen diote Huaweiri, eta gai horretan iruzurretan ibili izana Mengi. Gainera, Meng Wanzhou Huaweiren sortzaile Ren Zhengfeiren alaba da. Atxilotu eta 11 egunera askatu zuten Meng, baina auzia irekita dago, eta Txinaren eta Mendebaldearen arteko harremanak pozoitzen ari da.X
XINGOLA
Uda aurrera zihoala, mendiak gorrituz joan ziren, batez ere Gipuzkoan. Euskal Herriko pinudiek urteak daramatzate jasaten xingola gorriaren eta marroiaren gaitzak eta haiek eragiten dituzten onddoak, baina aurtengo beroak eta hezetasun handiak izugarri indartu dute haien erasoa. Ondorioa: intsinis pinuen %35 inguru gaixorik daude. Basogintza sektorean kezka handia dago, pinuak garrantzi handia baitu alorrarentzat, eta 20.000 lanpostu inguru baitaude hari lotuta. Baso politikari eta monolaborantzari buruzko eztabaida ere piztu du gaiak. Eztabaidatsua da, era berean, gaixotutako pinudiak fungizida indartsuekin artatzeko tratamendua. Z
ZERGA DIGITALA
Heriotza eta zergak omen dira bizitzaren bi egia bakarrak, baina logika horri ihes egiten ari dira Google, Facebook, Amazon eta Internet euskarri duten negozio berriak; bizi-bizi dabiltza, eta ia ez dute zergarik pagatzen. Azken horri irtenbide bat bilatu nahian, Google zerga izenekoa proposatu du aurten Europako Batzordeak, euroguneko estatu handiek akuilatuta. Salmentak batetik bestera pasarazten iaioak direnez, haien fakturazioa zergapetzea nahi du Bruselak. Baina zerga digitala EB osoan ezartzeko saioek horma gaindiezin bat aurkitu dute orain arte, Irlandak eta Eskandinaviak osatutakoa. Akordio bat egiteko, martxora arteko epea eman dute Alemaniak eta Frantziak, baina azken horrek ez du itxoin nahi: Jaka Horiei keinu bat eginez, eta diru sarrera berrien bila, urtarrilaren 1ean bertan ezarriko duela agindu du Bruno Le Maire Finantza ministroak. Ez da urrun ibiliko Espainiako Gobernua, hark ere proiektua baitu.