gizartea
Ezinbesteko aurrerapausoa
Elisa Sainz de Murieta
Parisko Akordioak berrikuntza handia ekarri zuen aurreko Kyotoko protokoloarekin alderatuta. Akordioak helburu argia ezarri zuen 2015ean: munduko batez besteko tenperatura igoera 2 gradura mugatzea, igoera hori 1,5 graduan mantentzeko ahalegin guztiak egiteko konpromisoa ere hartuz. Helburu horri erantzuteko, behetik gorako arkitektura bat sortu zen; hau da, akordioak ez zion esango herrialde bakoitzari zenbat isurpen murriztu, bakoitzak erabakitzen baitu bere ekarpena zein izango den. Beste berrikuntza garrantzitsua prozesuan datza: oraingo konpromisoak Parisko helburutik urrun badaude ere, konpromisoak handitzeko epeak ezarri zituen prozesuak, baita egindako aurrerapen orokorra (global stocktake) neurtzeko mugak ere.
Ordea, adostutako helburu eta prozesu nagusiak aurrera eramateko, praktikan jartzeko, hainbat gai zehaztu behar ziren. Poloniako Katowice hirian egin den klima-aldaketarako goi-bilera honen helburua zen Parisko Akordioa garatuko duten arau eta gidalerroak onartzea, Arau Liburua izenez ezagutzen den dokumentua, hain zuzen. Aurreikuspenak ez ziren oso handiak; izan ere, adostu beharreko gaiak eta prozesua bera aski konplexuak ziren, alde guztiak kontuan hartu beharrekoak, garatutako herrialdeak eta garatze bidean daudenak, eta azken hiru urteetan egindako aurrerapenak txikiak izan dira. Beraz, aurreikuspenak apalak ziren goi-bilera honetan lor zitekeenaz. Hori kontuan hartuta, Arau Liburua adostu izana emaitza ona eta oso garrantzitsua da Parisko Akordioa martxan jartzeko, nahiz eta gai korapilatsu gutxi batzuk lantzeke geratu.
Zeintzuk izan dira Arau Liburuaren ekarpen nagusiak? Arau Liburuak herrialde guztiek klima-ekintzan egindako aurrerapenak neurtzeko eta informatzeko sistema orokorra ezarri du. Helburu berriak ezartzeko irizpideak adostu dira, baita lortutako emaitzak plazaratzeko gardentasun irizpideak ere. Alderdi guztientzat (garatutako zein garatze bideko herrialdeentzat) irizpide amankomunak badira ere, malgutasuna aurreikusi da gutxien garatutako herrialdeentzat eta gaitasun txikiena dutenentzat, nahiz eta malgutasun horren beharra ondo justifikatu behar den.
Onartutako Arau Liburuaz gain, deklarazio nabarmenak ere adostu ziren, klima-aldaketaren murrizketan basoek duten garrantziaz, elektromugikortasunaz, eta bidezko trantsizio baten aldeko deklarazioa. Elkartasunean eta justizia sozialean oinarritzen den karbono gutxiko trantsizioa bultzatzeko deklarazioak garrantzi berezia izan zuen goi-bilera osoan, batez ere Parisko jaka horien protesten ondoren.
Urrian Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) aurkeztutako 1,5 graduko txostenak ere tarte handia izan du goi-bilera honetan. Askok egin dute premiaz klima-aldaketa murrizteko neurriak areagotzeko deia, hala nola Talanoa elkarrizketaren ondoriozko deklarazioa, bere emaitzetan IPCCren txostenaren ondorio nagusiak bere eginez. Ildo beretik, anbizio-handiko koalizioak, Europar Batasunak bultzatu eta klima-politika aurreratuen dituzten herrialdeek osatutakoak, helburuak areagotzeko deklarazioa aurkeztu zen Katowicen, IPCCren 1,5 graduko txostenarekin bat eginez. Herrialde batzuen erreparoak gaindituz, azkenean goi-bilerak txostena aitortu zuen ofizialki.
Ondorioz, aurrerapauso garrantzitsua eta ezinbestekoa eman da aurten Katowiceko goi-bileran Parisko Akordioa abian jartzeko, baina egin beharreko bidea oraindik luzea da, eta oraindik munduko tenperatura igoera 2 gradura mugatzeko helburutik urrun gaude; are gehiago 1,5 graduko helburutik.