gizartea
Berotzeari hitz epelak Katowicen
Arantxa Iraola. Maite Asensio Lozano
Ohartarazpen argia egina du NBE Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketa ikertzeko eratua duen aditu taldeak, IPCCk: Lurreko tenperatura 1,5 gradutik gora igotzen bada, ondorioak aski larriak izango dira, eta ahaleginak egin behar dira muga hori ez pasatzeko. Horiek horrela, auziari buruzko kezka agerikoa da, eta Katowicen (Polonia) klima aldaketaz jarduteko egin berri den goi bilerara begira ere -iragan asteburuan amaitu zen- erne egon dira eragile asko. Topaketaren xede nagusia zen araudi bat onartzea Parisen 2015ean planetaren berotzea gerarazteko hitzartu zen ituna gauzatzeko, eta, alde horretatik, eman du fruitua: bide orri bat itundu dute. Talde ekologistek, hala ere, uste dute ez zaiela behar adinako tokirik egin ebidentzia zientifikoak egun ezartzen dituen irizpideei. Oso larritzat daukate hori.
JUAN LOPEZ DE URALDE Equo
«Zientzia esaten ari da: 'Ez igaro muga hori '. Eta ez zaio kasurik egiten»
«Helburuei anbizioa falta zaie». Hortxe ikusten du Equo alderdiko eledun Juan Lopez de Uraldek klima aldaketari aurre egiteko eragozpenik handiena. Esplikatu ohi du hartzen ari diren neurriak «dortoka» baten martxan doazela, oso astiro: «Klima aldaketa, berriz, erbiarenean doa aurrera». Horiek horrela, Katowicen onartu den akordioari oker nagusi bat ikusten dio: ebidentzia zientifikoan oinarrituta egindako ohartarazpenei ez zaiela behar adinako aitortzarik egin. «Benetako burugabekeria da. Zientzia esaten ari da: 'Ez ezazue igaro muga hori'. Eta ez zaio kasurik egiten».
Uste du goi bileran agerikoa izan dela petrolioaren ustiapenari estu lotuta dauden herrialdeen presioa, eta areago ez egitea ekarri dutela. «Beste aukera galdu bat izan da. Ekintza atzeratu da berriro ere; erabaki garrantzitsuak atzeratu egin dira. Baina denbora bukatzen ari da. Egin beharrekoa egiteko garaia da, konpromiso irmoak hartzekoa». Gogorarazi du azken datuek klima aldaketa eragiten duten gas isurien gorakada bat erakutsi dutela: «%2,7koa. Oso albiste txarra da. 2014. eta 2017. urteen artean isuriak egonkortzen ari zirela zirudien, baina gora ari dira orain berriro, eta arazoa larritzen ari da».
Gogoratu du Parisen 2015ean ezarririko konpromisoekin bakarrik ezin dela onbideratu egoera, xede horietan moldaketak egin behar direla, eta «politika zehatzak» ezarri behar direla horretarako. «Ezinbestekoa da erregai fosilen mendekotasunetik ateratzea. Hori egiteko gai garen heinean, galga jarri ahal izango diogu klima aldaketari. Eragoztea jada ez da posible: hementxe dugu».
TATIANA NUÑO Greenpeace
«Gobernuek kale egin dute berriz; mezua ez da behar bezain argia»
«Ezinbestekoa zen Parisko akordioa ezarri ahal izateko eskuorri bat: bide orri bat». Eta Katowicen, hain justu, helburu hori lortu izana pozgarria dela onartu du Greenpeace talde ekologistako ordezkari Tatiana Nuñok. «Positiboa da». Argi du tresna ona izango dela martxan jarri beharko diren neurrien gardentasuna eta berrikusketa bermatzeko. Baina topaketaren emaitza, hala ere, herrena dela uste du: «Erdian IPCCren txostena ipini behar zen. Hartzen diren neurri guztiak eragin apalekoak izango dira ez badira oinarritzen zientzialariek egindako ohartarazpenetan. Etorkizuneko berrikuspenetan helburuak ez badira berritzen IPCCk esaten duenaren arabera, esku artean munduko araudirik onena badugu ere, alferrekoa izango da».
Izan ere, Greenpeaceren aburuz, iragarpen horiek ezinbesteko tresna dira gobernuei klima aldaketaren kontra «goragoko» helburuak eskatzeko. «Alde horretatik, gobernuek berriz kale egin diote gizarteari: mezua ez da behar bezain argia izan», salatu du Nuñok. «IPCCren txostena aipatu dute, eta esker ona ere adierazi diete zientzialariei». Horiek, ordea, hitz epelegiak direla esan du: «IPCCren txostenak muina izan beharko luke». Benetan hala balitz «konpromiso irmoak» hartuko liratekeela adierazi du: «Izan ere, zientzialariek argi eta garbi diote: 2030erako, isuriak erdira jaitsi behar dira».
Berehalako neurriak eskatuko lituzke horrek. «Kontuan hartu behar da herrialdeek ezarriak dituzten helburuak berrikusi egin behar dituztela: goragokoak izan behar dute». Gainera, Katowicen ez dute «lidergorik» ikusi. «Gogorik eza» nagusitu dela uste du Nuñok: «Onartezina da». Izan ere, horrek neurriak geroratu nahi dituzten herrialdeei hauspoa eman diela azaldu du.
JAVIER ANDALUZ Ekologistak Martxan
«Poloniak alde teknikoa besterik ez du erdietsi; parte inportanteena, ez»
«Metodologian» aurrera urratsak ekarriko ditu Katowiceko akordioak klima aldaketari aurre egiteko neurrietan; bat dator horretan ere Ekologistak Martxan taldeko ordezkari Javier Andaluz. Baina IPCCren gomendiorik «interesgarrienak» amaierako testutik kanpo geratu direla esan du, eta onartezina dela hori. Jokatzeko modu horrek «ausarkeria» besterik ez duela erakusten uste du. «Poloniak alde teknikoa besterik ez du erdietsi; parterik inportanteena, ez. Hartu beharreko neurriei eta horiek erdiesteko diruari buruzko eztabaida atzeratu egin dute. Egiteko daude horiek, eta, ondorioz, Parisen ebatzi zen mandatua lortzeko dago».
Klima aldaketaren aurka onartzen ari diren akordioen hitzak gero eta «epelagoak» direla esan du, eta horrek ezinegona eragiten diela. Adierazi du, esate baterako, Katowiceko bileran zabaldu direla IPCCren ohartarazpenak «zalantzan» jarri nahi dituzten berbak ere, eta aski xenda arriskutsua zabaltzen ari direla mezu horiek konponbiderako bidean. «Hainbat herrialdek eragozpenak jartzen jardun dute». Erantsi du ezin zaiela horiei gailentzen utzi: «Orain, akordio politikoaren garaia da; badakigu onartuta dauden konpromisoak ez direla aski: horiek errealitatera egokitzeko garaia da». Gainerakoan, ondorioztatu du onartu den araudiarekin «porrota» besterik ezingo dela ebaluatu, nahi eta ezina: «Soilik balioko du ikusteko ez ditugula helburuak betetzen».
MATTIN IHIDOPE Bizi
«Arriskuak hartzen ari dira datozen belaunaldientzat»
«Oso kezkatuta» daude Bizi talde ekologistako kideak Katowicen azaleratutakoarekin: «Doi-doi lortu zuten akordioa, espero genuen helburutik oso urrun». Mattin Ihidoperen arabera, arduradun politikoek denbora asko eman zuten IPCCren txostenaren «birformulazioak egiten», eta leku handia utzi zitzaien erregai fosilen lobby-ei: «IPCCk errana du petrolio erreserben %80k lur azpian geratu behar dutela, baina multinazionalek ez dute trabarik teknika berrietan inbertitzeko».
Diplomazia lanak ere «aski ilun» ikusten ditu. «Frantziako Gobernuak ez du inor igorri». Hartara, «arduragabekeriaz» aritzea egotzi dio klase politikoari. «Parisen ondoren, adituek jada erran zuten akordioa erabat errespetatuta ere hiru gradu berotuko zela planeta. 30 urteren buruan neurri garrantzitsuak hartuko dira agian, baina berandu izanen da. Arriskuak hartzen ari dira datozen belaunaldientzat».