astekaria 2018/12/21
arrowItzuli

kultura

Baretzen ez diren ur lasterrak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Baretzen ez diren ur lasterrak

Ahoa estalita izan zuen Lekeitioko (Bizkaia) Armintxe haitzuloak bi hamarkada baino gehiagoz. Sarrera estali zitzaion inguruko etxeak eraikitzeko, eta galduta egon zen, harik eta Gernikako (Bizkaia) Ades espeleologia taldeko kideek zuloa aurkitu zioten arte. Euskal Herriko labar artearen historian mugarria izan da 2016ko maiatzaren 1eko data, kobaren ahoa baino gehiago aurkitu baitzuten espeleologoek: Europako Goi Paleolitoko grabatu multzorik handienetakoa du Armintxek gibelean. Labar artearen egoeraz ohartarazi dute espeleologoek orain. «Urak grabatu batzuk estali ditu». Egoeraren larritasuna azpimarratu du Oier Gorosabel Ades taldeko kideak. «Zabor asko pilatu da koban, eta arazo hidrologiko handia dago. Urak ez du beharko lukeen bidea hartzen, eta grabatuak urpean geratzen dira». Froga bat erakutsi du: urak estali duen zaldi baten irudia. Espeleologoek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu du, eta kexu da administrazioak «mespretxuz» tratatzen dituelako. Mikel Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko arkeologoak Gorosabelek esandakoa gezurtatu du. Behin baino gehiagotan jaurti du esaldia. «Gauza bat da distantzia batetik begiratzea, eta bestea inpartziala izatea».



Arazoaz jakitun direla dio aldundiko arkeologoak. «Hasieratik ezagutzen dugu uraren arazoa. Bi urte daramatzagu bertan lanean, eta, koba kontrolpean izan dugun bitartean, ziurtatu dezakegu grabatuak ez direla inoiz busti». Unzuetak gogora ekarri du diputazioak azaroaren 14an egindako agerraldia. Armintxen lanean ari den lantaldea aurkeztu, eta egindako lanei buruzko argibideak eman zituzten orduan, eta kobaren azterketa hidrologikoa ere izan zuten hizpide. Hala dio, hitzez hitz, aldundiak zabaldu zuen oharrak. «Kobazuloa aurkitzen den sistema karstikoaren behealdean gauzaturiko eraikuntza eta urbanizazioek, Lea ibaira duen isurbide naturala galarazten du. [...] Anomalia berri bat eragin du denboran, hots, kobazuloaren garapenaren zati baten uholdea; edonola ere, ura ez da iritsi erdi mailako galerietako eta galeria altuetako grabatuen paneletaraino».

Auzia, baina, ez dago horren argi, aldundiaren baieztapena gezurtatzen duten frogak bildu baititu Ades espeleologia elkarteak: 2016ko azaroaren 23an grabatu bati ateratako argazki bat, zehazki. Zaldi baten irudia da, eta ura igo izanaren aztarnak dituela azaldu du Gorosabelek. «Lupetza eta plastiko zatiak ditu itsatsiak». Informazioa «ezkutatu» izana leporatu dio aldundiari, koba aurkitu eta sei hilabetera ateratako argazkia baita espeleologoek erakutsitakoa.

Ez da ezohiko gertakaria izan, eta mailarik baxuenean dauden grabatuek duten arriskuaz ohartarazi du. «Egoera oso larria da. Aldundiak esan zuen haitzuloa kontrolpean dutenetik grabatuak ez direla busti, baina tranpa du esaldi horrek». Zergatia azaldu du jarraian. «Ez dituzte zonarik baxuenean edo hirugarren mailan dauden grabatuak ezagutzen. Agerraldian aipatu zuten hirugarren sektore bat bazegoela, baina ez dute zehaztu zer aurkitu duten bertan. Logikoena litzateke azken bi urteetan beraiek zerbait aurkitu izana, baina oraindik ez dute ezeren berri eman». Argi dio: oraindik ere, guztiz esploratu gabe dago Armintxe, eta horretarako beharrezkoa da espeleologoen lana. Orotara, 37 animalia irudi sailkatu ditu aldundiak orain arte.

Ikuspegi kontrajarriak

Gaiztotuta dago Ades elkartearen eta aldundiaren arteko harremana. Espeleologoek aspaldi salatu zuten aldundiak taldea baztertua duela, eta egoera berean jarraitzen dute oraindik ere. «Koba aurkitu eta elkarlanean jarduteko neurriak hartu genituen, normala denez». Aurkitu eta lau hilabetera, 2016ko irailean, koba uzteko agindua jaso zuten Ades taldekoek. «Ikerkuntza gelditzeko agindu ziguten, inolako azalpenik eman gabe». Hain justu, Armintxe utzi zuten aurreko astean aurkitu zituzten Gorosabelek aipatutako hirugarren sektoreko grabatuak. «Esplorazioa bukatu gabe zegoela utzi genuen koba».

Orduz geroztik, behin baino gehiagotan saiatu dira aldundiarekin harremanetan jartzen, baina ez dute erantzunik jaso.



Espeleologoek esandakoa ukatu du aldundiko kideak. «Ez ditugu bazterrean utzi, beraiek egin diote uko. Lehen unetik egitasmoaren parte izan ziren, baina denbora eta metodologia beraiek ezarri nahi zuten, eta guk protokolo bat ezarri genien. Orduan erabaki zuten egitasmotik ateratzea». Azpimarratu du aldundiari dagokiola ondarearen kudeaketa egitea. Grabatu «guztiak» ezagutzen dituztela, eta arkeologikoki ere katalogatuta daudela dio Unzuetak. «Oraindik ere ikerketa bukatzen ari gara. 2019. urtearen bukaeran aurkeztuko dugu behin betiko txostena, eta uholdeak saihesteko neurriak hartuko ditugu orduan».

Gorosabelek uste du neurriak «berehala» hartu behar direla. «Oso hondatuta daude azken mailan dauden grabatuak, kaka artean». Horregatik erabaki dute Uraren Euskal Agentziari eta Lekeitioko eta Ispasterreko udalei haitzuloaren egoeraren berri ematea. «Uren eskumena ez da aldundiarena, baizik eta Jaurlaritzarena. Egitasmoan parte hartu beharko luke erakundeak, eta berdin udalak ere. Bazter batean egon dira, baina beraiek ere eskumena dute».

Neurriak hartzeko itxaron egin behar dela dio Unzuetak: «Azken ikerketak esango digu zer egin behar den eta zein ordenatan. Hori guztia agintzen duen batzorde zientifiko bat dagoelako gaur egun Armintxen lanean, eta ez dakit zertara datorren espeleologoen presio hau». Azpimarratu du hemezortzi unibertsitateko 27 aditu daudela, gaur egun, koba aztertzen. «Zergatik jartzen da zalantzan lanean ari den talde zientifikoa?».

Horra gatazkaren muina: aditu izatearen eta ez izatearen arteko muga. Alde bakoitzak espeleologia nola ulertzen duen da gakoa, Gorosabelen hitzetan. «Karstaren zientzia da espeleologia. Haitzulo edo karst egitura baten barruan, hainbat diziplina elkartzen dira: arkeologia, biologia, klima, etnografia eta historia... dozena bat baino gehiago, eta guretzat errutinazkoak dira denak».

Oso bestelako ikuspegia erakutsi du Unzuetak. «Espeleologia, asko jota, arrisku kirola da, baina ez du zerikusirik zientziarekin. Hala izango balitz, espeleologia fakultate bat egongo litzateke, eta ez da kasua». Aitortu du, ordea, haitzuloak ikertzeko beharrezkoak direla espeleologoak. Parte hartzea mugatu die, halere. «Ezin dituzte egin ez dagozkien lanak. Ez dira profesionalak». Aitorpena egiteko ez du inolako arazorik Gorosabelek. «Ez, hau ez da gure lana, gure afizioa da». Horrek ez die jakintzarik kentzen, ordea. «Badaude espezialista profesionalak, hortik bizi direnak eta oso gutxi direnak; eta bagaude espezialista batzuk afizionatuak, eta hortik bizi ez garenak».

Elkarren beharraz

Armintxeko esku hartzea mugarria izango da, espeleologoaren hitzetan. «Profesional espezialistek mugak dituzte. Beren diziplinatik aritzen dira lanean, gainontzekoak aintzat hartu gabe. Baina oraingoan elkarrekin jardun beste erremediorik ez dute izango». Unzuetaren ustez, baina, bermatuta dago diziplinen arteko elkarlan hori. «Lanean ari den lantaldean orotariko adituak daude, eta erakunde asko daude ordezkatuta».

BERRIAn argitaratua (2018/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA