astekaria 2018/12/21
arrowItzuli

bizigiro

Jolasa ez, baizik ibilgailua

Uxue Gutierrez Lorenzo

Jolasa ez, baizik ibilgailua

Tradizioz, egitura sinple bezain erraza izan dute patineteek, eta jostailu gisa sailkatuak izan dira. Alegia, haur eta nerabeen erabilerari atxikiak, eta garraiobide izatetik urrun. Egun, ordea, abiadura bizian ikusten dira gailuok Euskal Herriko kaleetan barrena. Ezaugarri berri bat ere gehitu zaie saltoan: elektrikoak dira, eta motor baten bidez mugitzen dira. Sakelako telefonoen eran, bateria bidez kargatu eta giza ahaleginik gabe higitzen dira berrienak. Bizikletekin gertatu zen legez, erabileraren gorakada nabarmena ekarri du aldaketak berarekin. «Oraindik, jostailu bat dela uste du jende askok. Orain arte hala izan da, eta erabiltzaile asko ez dira arriskuaz ohartzen. Baina arriskuak egon, badaude». Ana Amondoren hitzak dira, Motor Verde ibilgailu elektrikoen dendako arduradunarenak.

Amondok aipaturiko arrisku horietatik tiraka, hedatzearekin batera heldu da lehen arazoa: 90 urteko andre bat harrapatu zuten bi lagunek Katalunian, eta bertan hil zen emakumea. Orain, jakin-mina piztu da patinete elektrikoen arriskuen inguruan. Oro har, erabiltzaileek eta saltzaileek ez diote aparteko arazorik ikusten gailuari, baina bai horren inguruko ezjakintasunari. «Arazoa ez da patinetea, erabiltzaileak baizik. Beste edozein gailurekin bezala gertatzen da: zentzuz erabiliz gero, ez duzu zertan istripurik izan edo inor molestatu», hala uste du Amondok.

Erosle eta dendariak bat datoz: funtzionamendu erraza bezain praktikoa dute. Izan ere, patinete elektrikoek orain artekoen tankera bertsua dute, berrikuntza teknologikoak gehituta. Heldulekuaren azpian, bi palanka; eskuinekoan, azeleragailua, eta ezkerrekoan, aldiz, galga. Lau botoi ere badituzte, eta pantailatxo digital bat. Botoiak, ezkerretik eskuinerako hurrenkeran, piztekoa, aurreko argiena, atzekoena, eta klaxonarena dira. Pantailak bestelako datuak ematen ditu: kilometro kopurua, bateriaren egoera eta abiadura. Sinpletasunean, baina, badute berezitasunik.

Azken urtean, gora

Saltzaileek azaldu dutenez, patinete elektrikoen merkaturatzea ez da berria: orain hamarkada bat agertu ziren lehenbizikoak. Hala ere, paradigma erabat aldatu da azken urtean. «Aurten lehertu da interesa: ia egunero dator norbait galdezka, batez ere udatik hona. Dena den, gu ez gara ausartu gehiegi sartzen merkatu horretan», hala azaldu du Amondok ikusi duen aldaketa.

Orain urte eta erdi erosi zuen patinete horietako bat Gerardo Martin bilbotarrak, eta ordutik ez du inoiz ezustekorik izan. Jose Antonio Somozas erabiltzailea ere uste berekoa da: «Zentzuz jokatzea da kontua». Martinen aburuz, onurak besterik ez du patinete elektrikoak: «Oso praktikoa da: oso espazio gutxi hartzen du gainean zoazenean eta gordetzerakoan. Gainean noala, oinezko baten toki bera hartzen dut, bizikleta batek baino askoz gutxiago. Eta, bidaia bukatzean, tolestu eta kito: edonon gorde dezaket». Ia egunero erabiltzen du patinetea Martinek, lanerako zein aisiarako.

Asmo berarekin joan da Somozas Motor Verde ibilgailu elektrikoen dendara: Amondok saldu dio patinetea. Galdera ere bota dio Amondok: «Zuk zergatik erosi duzu patinete elektrikoa?». Somozasek birritan pentsatu gabe eman du erantzuna: «Denbora eta osasun kontua da. Asper-asper eginda nago; lanetik bueltan, egunero topatzen dut auto ilara amaiezina Bilbora sartzeko». Inoiz ez du patineterik erabili Somozasek, baina argi ditu gailuaren abantailak: «Bilbotik kanpo egiten dut lan. Orain, patinetea maletategian gorde, autoa edonon utzi, eta etxeraino patinetean joango naiz».

Amondok zalantzak ditu patinete elektrikoen segurtasunaren eta abantailen inguruan; baina, hala ere, bezeroen eskariek bultzatuta hasi zen patinete elektrikoak saltzen. «Dena oso azkar gertatu da, eta arazoak dakartza horrek; salmentaren ondoren datoz arazoak, batez ere. Askotan, patinetea saldu, eta desagertu egiten dira saltzaileak, batez ere Internet bidezko erosketetan. Baina, gero, gailuek mantentzea behar dute, eta horri ere erantzun egin behar zaio».

Antzeko kezka nabarmendu du Borja Erasok, Iruñeko Tu Tienda Energetica dendako kudeatzaileak:«Txinatarrek bultzatu dute boom-a. Aurreneko modeloak duela hamar bat urte agertu ziren, bizikleta elektrikoekin batera. Orain, txinatarrek modelo merke eta lehiakorrak merkaturatu dituzte, eta orduan heldu da zoramena».

Prezio alde handia

Produktu berria den heinean, gastuaren inguruko zalantzak ere ugariak dira. Denetarik dagoela azaldu dute dendariek; betiere, kalitateari lotuta. «200 euroren truke aurki daitezke patinete elektrikoak egun. Oinarrizko zerbitzua ematen dute horiek, eta batez ere gazteentzat dira», azaldu du Erasok. Berak, aldiz, «goi mailako» modeloak saltzen dituela azaldu du, beste mota bateko beharrizanei lotuta. Iruñeko alde zaharra laua izan arren, inguruko auzo eta herrietatik hurbiltzeko malda aski bortitzak daudela ohartarazi du. Hortaz, patinete «merke» horiek ez dituzte horrelako beharrizanak betetzen. «Patinete guztiek ez dituzte funtzio berak betetzen: kilometro ugari egin eta bide malkartsuak hartu behar dituenak ezin du 200 euroko patinete bat erabili». Tu Tienda Energetican saltzen dituztenak mila euroren bueltan daude.

Antzeko prezioak dituzte Motor Verden saltzen dituztenek; Amondok salmentaren osteko zerbitzuari atxikitzen dio bere hautua: «Guk bi modelo bakarrik ditugu salgai. Nahiko berandu hasi ginen patinete elektrikoak saltzen, ezjakintasun handia baitago: saldu ostean ere mantentze zerbitzua bermatu behar da». Mantentze lan horietan, gurpil bat aldatzea bezain gauza «sinplea» konplikatu bihurtzen dela iruditzen zaio. Hala erakutsi baitio bere esperientziak: «Askotan etortzen dira Interneten patinetea erosi dutenak: sarean ez dute erantzunik jasotzen, eta gurera jotzen dute. Askotan, konponketa patinetea bera baino garestiagoa da: horrek mesfidantza puntu bat sortzen dit produktuarekiko».

Potentzia bereizgarri

Funtsean, mekanismo antzekoa darabilten arren, ezaugarri batek markatzen du patineteen arteko hierarkia: potentziak, Erasok argitu duenez: «Zoru lauaren gainean, edozein patinetek ondo funtzionatzen du, baina, maldetan, potentzia handiko patinete bat behar da. Motor handiagoa dute patinete horiek, bateria handiagoa, eta pisutsuagoak dira. Eta, noski, prezio garestiagoa dute». Hala ere, lurzoruaren baldintzetara gehien egokitzen diren patineteak askoz handiagoak dira, eta bezeroek bestelako ezaugarriak lehenesten dituzte sarri. «Gailu txikienaren eta tolesgarrienaren bila etortzen dira asko, eta horiek muga batzuk dituzte».

Aukera asko eskaintzen dituela uste du Erasok, eta horregatik salmenta lekuak izugarri ugaritu direla. Saltoki gune handietan, Internet bidez edota jostailu dendetan eros daitezke. Denda espezializatuak, berriz, nahiko urriak dira. Eta, Erasoren ustez, ezberdintasun nagusia baterien mantentzean dago. «Hor dago ezjakintasunik handiena, eta, maiz, kalitatea eta prezioa bateriaren potentziak ezartzen ditu».

Soslai nagusia: helduak

Martinek 37 urte ditu eta, oro har, patinete elektrikoak erabiltzen dituen gehiengoaren batez bestekoaren barruan dago, saltzaileek azaldu dutenez. «Harrigarria badirudi ere, 40 urte ingurukoak dira gure bezero gehienak», nabarmendu du Erasok. Martinek ere horrelakoak ikusten ditu bidegorri eta kaleetan: «Nire adinetik gorako jendea ikusten dut batez ere, gazteak baino gehiago».

Bada, ordea, patinete elektrikoen inguruko zalantza erraldoi bat: oraindik ez dago udal arautegirik zehaztuta, ez behintzat Euskal Herrian. Udalek ezarri behar dituzte parametroak, eta batzuk hasiak dira mugitzen, baina arautegirik ez dute argitaratu. Madrilen, esaterako, arautu dute jada: bidegorrietan ibili beharko dute, debekatu egin baitiete errepide eta espaloietatik ibiltzea.

BERRIAn argitaratua (2018/12/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA