astekaria 2018/12/21
arrowItzuli

politika

Sua piztu zuten, armak itzaltzeko

Maider Galardi F. Agirre

Sua piztu zuten, armak itzaltzeko

Izan zitekeen gaurkoa bezalako egun bat. Negu hurbileko egun hotz bat. Ez zen izan nolanahikoa, ordea: 2016ko abenduaren 16 hartan gizarte zibileko zenbait ordezkarik ETAren armetako batzuk indargabetzeko asmoa zuten. «Behar zen txinparta bat», dio Beatrice Mollek. Baietz diote, aho batez, Jean Noel Etxeberri Txetx-ek, Stephane Etxegarai Etxe-k eta Mixel Berhokoirigoinek ere. Bake prozesua «blokeatua» zegoen, eta bide berriak urratu behar zirela uste zuten. Horregatik piztu zuten Luhusoko sua, ETAren armagabetze zibila abiarazteko. Luzea izan zen eguna, eta, haiek orduan jakin ez arren, luzeak eta emankorrak izan dira Luhusoko operazioaren ondoko bi urteak ere. ETAko kide zirelakoan atxilotu zituzten, baina ETAren armagabetze zibilaren alea jarri zuten Luhusoko bakegileek orduan. Ia bi urtez izan dute debekua elkarrekin biltzeko, eta udan kendu zieten baldintzapeko neurri hori. Bi urteren ostean, BERRIAk elkartu zituen, atzo, lehen aldiz, Errekartea baserrian. Bakegileak itzuli dira beren habiara.

«Ikusten genuen Aiete gertatu eta gero eta ETAk borroka armatua utzi eta gero gauzak blokeatuak zirela. Estatuek oztopatu egiten zuten bidea, eta Baionako Foroan eta Parisko Foroan argi gelditu zen jendartearen inplikazioa beharrezkoa zela», azaldu du Berhokoirigoinek. 2015eko urtearen bukaeran hasi ziren zenbait kide gaiaren inguruan gogoetan. Nola segitu Euskal Herriko bake prozesuarekin, hori zen auzia. 2016ko urte hasieran hasi ziren bilera «formalak» egiten, eta, apurka, Luhusokoak forma hartu zuen. Inplikatuak ziren ordurako Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidente ohia, Txetx Bizi mugimendu ekologistako militantea eta Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidente ohia.

Goizean goiz abiatu zen Txetx Baionatik. Miarritzera (Lapurdi) joan zen Mixel Bergougnianen bila, autobusez. Han, furgoneta bat alokatu zuten, eta Ipar Euskal Herritik itzuli batzuk eman ostean ailegatu ziren Luhusora.

Molleri eta Etxeri ere Biziko militanteak egin zien proposamena. Etxe bat behar zuten armak indargabetu ahal izateko, eta Mollerengana jo zuten Errekarteko ateak irekita ote zeuden galdetzeko. «Etxe honetan beti egon da jendea harreran hartzeko tradizioa. Nire senarra zenak [Ximun Haran] etxea eraberritu eta jende asko hartu zuen. Erantzukizun horrekin segitzeko motibo bat zen Luhusokoa», erantzun du Mollek: «Aipatu zidaten eginbeharra, baina detaile askorik gabe. Ni babesteko modu bat zen». Etxek ere ez zuen jaso bestelako argibiderik: «Ez zidan beste xehetasun handirik eman: bake prozesuari lotutako ekintza bat zela eta ea prest nintzenez kamerarekin grabatzeko».

Izan ere, hasierako asmoa zen ETAren armak nola indargabetzen zituzten grabatzea, eta ondoren bideo labur bat bidaltzea Frantziako Estatuari. ETAren armagabetze ordenatuan laguntzeko eskatuko zioten. Baiezkorik ezean, otsailean agerraldi bat egingo zuten, Parisen, eta, bideo luze batean, Berhokoirigoinek, Tubianak eta Txetxek azalduko zuten beraiek abiatu zutela armen indargabetzea. Une horretan bertan, Ipar Euskal Herriko herriren batean armak erakutsi, eta Baionako prokuradoreari esango zioten ETAren armak hor zirela.

A plana abiatzeko neurriak

Lehen asmo horri heldu zioten Luhusokoek. Helburua zen armen indargabetzea kameraz hartzea, eta, horretarako, Errekarteko beheko solairuko gela bat atondu zuten aurreko egunetan: «Lurra eta leihoak estali genituen, eta izkina batean jarri genituen armak indargabetzeko makinak», azaldu du Txetxek. Arma handiak hautsi, laburrak zulatu eta lehergailuak bereiztea zen asmoa.

Txetxek berak ekarri zituen armak, alokatutako furgonetan: «10 edo 11 kaxa izango ziren guztira». Bidean ez zuen sentitu ezer susmagarririk. Hainbat orduz ibili zen Ipar Euskal Herritik bueltaka inor segika ez zuela segurtatzeko, eta Bergouignanek ireki zion bidea Luhusoraino.

Gainontzekoek ere neurri bereziak hartu zituzten Errekartera ailegatzeko; «hitzorduz hitzorduko segurtasun sistema bat egin genuen Luhusoraino», azaldu du Etxek.

Berhokoirigoinek bai, sumatu zuen zerbait berezia. Laborantza Ganberako bilera baten ostean, Makean (Lapurdi) zuen hitzordua, baina ez zen inor azaldu. Leiho iluneko auto batzuk bai, ikusi zituen pasatzen, baina erabaki zuen, hala ere, Errekartera joatea. Txetx eta Bergougnian etxean zirela hasi ziren grabatzen. Molle eta Berhokoirigoin Tubianaren bila joanak ziren. Astia ere izan zuten Txetx grabatzeko, egiten ari zirenaren argibideak ematen: «Horrek segurtatzen zuen egiten ari ginena», dio Etxek.

«Urduritasunagatik, edo kameraren pisuagatik», deskantsua egiteko eskatu zuen kamerariak, eta zigarro bat erretzen ari zela entzun zuen Polizia etortzen: «Fite heldu ziren, autoa arrastaka, eta oihu egin zuten. Orduan ulertu nuen bertan zirela». Laser gorriak nonahi lehenik, eta 90 bat polizia etxe barruan ondoren. B plana martxan jartzeko garaia heldu zen.

Polizia sartu zenekoa

Gau horretan Polizia etortzekotan, bazuten bigarren plan bat antolatua Luhusokoek. Txetxek zenbait txio prestatu zituen unean bertan sarera igotzeko. Atxiloketen aurretik ere izan zuen «ezusteko bat». Polizia heldu baino lehenago atea jo zuen norbaitek. «Auzokide bat pasatu behar zen etxetik, baina ardogile bat zen. Esan zidan urtero pasatzen zela ardoa saltzera. Hasieran ez nion sinetsi. Uste nuen polizia zela, eta eskua prest nuen txioak sarera bidaltzeko. Esan nion Beatrice ez zegoela etxean, eta txartel bat eman zidan. Beatriceri galdetuta, esan zidan egia zela».

Lehenengo hartan ez, baina, Polizia etorri zenean, Txetx goiko solairura igo zen, jantzitegi batean ezkutatu, eta txioak sarean zabaldu zituen: «Bezperan prestatu nituen bost txio, eta 50 kazetari eta elkarte izendatu nituen bertan. Polizia etortzen bazen, bost segundoz mundu guztia abisatuko genuen. Lehentasuna zen hori». Ilunpetan eta Polizia ia gainean zuela lortu zuen txioak sareratzea. «Gure helburua zen ahal bezain fite eta ongi Poliziaren bertsio hori hautsi eta benetako bertsioa ezartzea», azaldu du Berhokoirigoinek. Horregatik, txioak ez ezik, biharamunean ETArekin izandako gutun trukea ere argitara atera zuten bakegileek, erakusteko gizarte zibileko kideak zirela eta ETArekin harremanetan zeudela armagabetze prozesu bat aurrera eramateko.

Ondorenak eta ondorioak

«Egiten ari ginena legez kanpokoa zen agian, baina zilegi zen», dio Mollek. Gau osoa pasatu zuten Errekartea baserrian Poliziarekin, eta, ondoren, lau egun egin zituzten preso. Frantziako Gobernuak esan zuen ETAren aurkako operazioa egin zutela, baina segituan etorri zen herritarren erantzuna: 4.000 pertsonako manifestazioa egin zen Baionan, eta Luhusokoei bakegile ezizena jarri zieten. Horrek ekarri zuen gizartearen inplikazioa, eta horrek, Luhusokoen arabera, Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa. «Guk erran genuen armagabetzea egin behar zela bururaino. Luhusokoa ez zela ekintza puntuala. Azkenean, egin zen armagabetze hori, guk finkatutako baldintzetan eta Parisen nolabaiteko kolaborazio tazituarekin. Beraz, Luhuso beharrezkoa zen», ihardetsi du Berhokoirigoinek.

Orain, ordea, gaitzetsi egin dute bake prozesua «blokeatua» egotea: «Presoei eta gatazkaren ondorioei buruz urratsak egiteko delegazio bat abiatu zen Parisera, eta orain gelditu da mugimendua», ohartarazi du Berhokoirigoinek. Beraiek ere ez dakite oraindik epaiketarik izango ote duten ala ez. Elkarrekin egoteko debekua kendu dieten arren, urte amaieran bukatuko dute Luhusoko gertakarien inguruko dosierra, eta orduan erabakiko dute epaileek auzia ireki ala ez. Berhokoirigoinek argi dio: «Luhusokoa ez dut egin bide erdia egiteko. Bururaino joan behar dugu».

BERRIAn argitaratua (2018/12/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA