astekaria 2016/01/15
arrowItzuli

mundua

Erlojuari irabazi ziotenekoa

Samara Velte, Berriemaile berezia

Erlojuari irabazi ziotenekoa

Hiru hilabeteko geldialdiaren ostean, ezinezkoa zirudien: Junts Pel Si eta CUP erabat trabatuta zeuden presidentearen inbestiduraren auzian. Lehenak bere hautagaiari eusten zion, eta Artur Mas aurkeztu nahi zuen setati; bigarrenak bi bider emana zion ezezkoa. «Ezezko lasaia» hasieran, denborarekin larritzen joan zena, harik eta Masen inbestidura korapilo osoaren muin bihurtu arte.

CUPek urtarrilaren 3an jakinarazi zion behin betiko Junts Pel Siri ez zuela haren gobernurik babestuko hautagaia aldatu ezean. Adierazpen harekin, independentista askok hilzorian ikusi zuten prozesua. Ez hainbeste alderdiek atea ia erabat itxi zutelako —zirrikitu txiki bat utzi zioten elkarri zabalik—, baizik eta, batez ere, denbora agortzen ari zelako. Astebururako akordiorik lortu ezean, jarduneko presidenteak ezinbestean deitu beharko zukeen bozetara. Eta horrek ziurgabetasunaren zakua zabalduko zukeen guztientzat.

Filtrazioek, gehiegizko mediatizazioak eta presioak mesederik egiten ez zutela jakitun, bilerak ahalik eta sekretuen izan zitezen ahalegindu ziren negoziatzaileak eta bitartekariak, irudi bitxiak eragiteraino. Raul Romeva diputatuaren autoa Bartzelonatik bueltaka ikusi zuten ostegunean; bertsio batzuen arabera, kazetariak nahasten ari zelako; beste batzuen ustez, berak ere ez zekielako bilera non zen.

Kameren aurrean, negoziazioek irtenbiderik izan zezaketela sumarazten zuen arrastorik ez. Junts Pel Sitik inork gutxik hitz egiten zuen koalizioaren izenean; Masek, bere buruarenean baino ez. «CUPek herrialde izpirituarekin pentsatzen zuela uste izan genuen», kexu zen: «Orain ohartu gara izpiritu iraultzailea gailendu dela. Eta iraultza egin nahi izatea zilegi da, baina egin dezatela bost diputaturekin».

Minetik minera egindako hitzaldia izan zen, paternalista eta ez inor ezertara erakartzeko modukoa. «Munduko pazientzia guztia eduki dugu, baina ezin dugu gehiago eskaini», zioen Masek. Akaso susmatuko zuen ordurako bere alderdiak oraindik eskainiko zuela beste zerbait; akaso horregatik baliatu zuen jarduneko presidenteak bere azkenbigarren prentsaurrekoa CUPi arduraren zati handiena egozteko.

Lerro artean

Ostiral arratsaldean, Jordi Sanchezek azkenekoz deitu zituen alderdiak ANC Biltzar Nazional Katalanaren egoitzara. Sekretua mantentzeko eginahalak gorabehera, iluntzerako zabaldua zen berria, eta kazetari saldo batek bete zuen Bartzelonako Marina kaleko 315.aren ataria. Azalpenen bat emate aldera, Sanchez bera agertu zen prentsaren aurrera, artean askorik kontatu ezin zuen arren. «Gure bitartekari lana amaitu da», esan zuen; «hemendik aurrera, alderdien borondatearen esku dago dena. Lasaitzen nauena da jakitea bilera hauetan lortu dugula bi aldeak berriz elkarrekin hitz egiten hastea». Lerro arteko mezua: akordio posible baterako oinarriak mahai gainean zeuden, baina alde guztien oniritzia behar zuten oraindik. «Esperantza izpi bat» bazegoela soilik esan zuen. Kazetariek ez zuten berehala ulertu, eta estutu egin zuten. «Baina zertarako daude aukera gehiago, hauteskundeetarako edo gobernuko inbestidurarako?», galdetu zioten. «Denboran, gertuago gaude hauteskundeetatik», erantzun zuen Sanchezek. Prentsa martxorako planak egiten hasi zen.

Une hartan, negoziatzaileak Bartzelona erdialdeko hotel batera bidean zeuden, beste bilera batera. CDCk, ziurrenik, bazeramatzan egun batzuk balantza aztertzen: zerk hondoratuko ote zukeen lehenago, Masi uko egiteak —hark publiko kontserbadorearengan daukan erakargarritasuna kontuan izanik—, edo martxoko hauteskunde batzuetan jaso zezakeen belarrondokoak. Inork ez daki zehazki zein unetan, baina azkenean Mas sakrifikatzea erabaki zuen. Azken kontzesio bat egin zioten jarduneko presidenteari: bere hautagai kuttuna aukera zezala ordezko gisa.

Carles Puigdemont Gironako alkate esnatu zen goiz hartan; ordura arte, nekez irudikatuko zukeen ordu gutxiren buruan Kataluniako hurrengo presidentea izango zela. Junts Pel Siko diputatuen artetik aukerak zituztenetako bat zela, bai; batez ere, alternatibak ere ez zirelako asko. CDCk berak jarri zuen baldintza gisa presidentea bere alderdikoa izatea: Masi uko egitea aski kostatu ez, eta, gainera, ERCko norbait aukeratzea gehiegi zatekeen. Puigdemont, gainera, AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidentea ere bada; aski sinbolikoa da, beraz, independentismoa adiskidetzeko.

Azken mugimenduak

Larunbata zen akordioa egiteko azken eguna: arratsalderako prest behar zuen parlamentuko bilkurara deitzeko agiriak. Goizeko tentsio isila filtrazioek hautsi zuten eguerdi aldera: «Ba omen dago akordioa». Masek atzera egin zuen seinale. Berehala hedatu ziren haren ordezkoari buruzko espekulazioak. Neus Munte gobernuko presidenteordeak bezperan ukatua zuen «inoren truke-txanpon» izango zenik; Muriel Casals, Omnium Culturaleko presidente ohia, zen beste aukera bat. Vilaweb atariak eman zuen akordioaren lehenbiziko xehetasunen berri: CUP prest agertu zela Puigdemont inbestitzeko, baina trukean alderdi antikapitalistako diputatu batzuek kargua utziko zutela.

Albisteek aurrea hartu baino lehen, azalpenak ematera atera zen Mas. Nabarmen haserre jakinarazi zuen «kostuak eta onurak» balantzan jarri zituela —edo zizkiotela—, eta agidanean onurak gehiago zirela bera gabe. Ohar zorrotzak egin zizkion CUPi, alderdi gisa bere burua gobernura lotu zuela aditzera emanez. Eta itzultzeko asmoz egin zuen azken agurra: «Berriro ez aurkezteko konpromisoak ez dit gehiago eragiten».

Ezker independentistako alderdiak, ordea, biharamunean zeukan jada burua; baita Masen koalizioko kide gehienek ere. Carme Forcadell parlamentuko presidenteak erlojuaren aurka deitu zuen osoko bilkurara, eta 24 ordu gerorago bidean zen gobernu independentista berria.

CUPentzat, garaipen txiki bat izan da jarduneko presidentea bidetik aldentzea. Puigdemont haren itzaletik heldu da, baina ez da Mas. Inbestidurako zortzi botoak «konfiantza keinu» gisa definitu zituen Anna Gabriel diputatuak: «Errepublika eraikitzen hasteko keinua da, baina ez gehiago. Horregatik izango dira aldeko zortzi boto eta bi abstentzio; beharrezko diferentzia ere erakusteko».

Une surrealisten bilduma bat utzi dute azken hiru hilabeteok Katalunian, eta merezitako amaiera izan da joan den asteburua. Elkarren segidan kateatu dira azaltzeko geroz eta zailagoak ziren gertaerak. Irailaren 27ko hauteskunde gaueko azken minutuetan Junts Pel Siri ihes egin zion eserleku hark ez zukeen, berez, halako desberdintasunik eragin behar; kasualitatea zen, ordea, independentismoaren aurkako indarrek justu koalizio independentistak baino eserleku bat gehiago lortzea. CUPek ez zuen espero gobernuak bere botoak beharko zituenik presidentea izendatzeko, eta abstentzio erosoaren plana moldatu behar izan zuen. Horri buruzko erabakia hartzeko, batzar nazional historiko batera deitu zituen militanteak. Gutxik esperoko zuten berdinketa historiko batekin amaituko zela; eta, azken unean, hauteskundeak ia bistan zeudenean, bat-batean akordioa egingo zutela. Gidoilariei zorionak emateko moduko amaiera.

BERRIAn argitaratua (2016/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA