ekonomia
Ikatza, hobeto portatu arte
Danel Agirre
Aipatutako paradoxa da Alemaniako energia politikaren bereizgarri nagusia. Berriztagarrien sektorea bizkor ari da garatzen. 2030erako energia ekoizpenaren erdia iturri garbiekin bete nahi zuen, duela gutxi arte, Alemaniako Gobernuak. Orain, xede hori %65era igo du. Aldi berean, ordea, konpainia elektrikoek ikatza saldoka erretzen dute oraindik. Europako herrialde aberatsenaren produkzioaren ia %40 hartzen dute atari zabaleko meategietatik lortutako mineralek. Lignitoa erabiltzen da gehien, erregai fosilik kutsagarriena.
2011n, Fukushimako zentralean isuri erradioaktiboa izan eta astebetera, Alemaniako Gobernuaren ordura arteko bide orria zuzendu, eta energia atomikoa ahalik eta lasterren baztertzea erabaki zuen Angela Merkelek —kantziler baino lehenago ingurumen ministro izandakoa da—. Zentral zaharrenak berehala itxi ziren; azkenekoak 2022an deskonektatuko dituzte. 2010ean argindarraren %23 eskuratu zuen Alemaniak nuklearrekin. Hutsune hori berriztagarrien susperraldiak konpentsatu du, baina ikatzaren tarta zatiak bere horretan jarraitu du ordainetan.
Lubmineko portuan, Baltikoan, Errusiatik Gazprom enpresaren gasa zuzenean garraiatzeko pipeline hodia eraikitzeari ekin berri zaio. Alemaniak ikatz gutxiago erre eta CO2 emisioak apaltzeko gasa balia lezake —Erresuma Batuak azken hamarkadan egin moduan—, baina berandu dabil asmo horretan.
Hambachegatik hunkituta
Parisko klima akordioak konplitzetik urrun da Alemania. Hori gutxi ez, eta atzerapen hori zuzentzeko jarraibideak ezarri behar dituen komisioak datorren otsailera arte atzeratu du bere txostena. Ikatz meategiak eta zentral termikoak noiz eta nola itxi, sektoretik bizi diren eskualdeak konpentsatu, eta baterienen gisako teknologien sustapenean egin beharreko inbertsioak zehazteko, batzorde bat izendatu zuen gobernuak joan den udaberrian. Interes kontrajarriak ordezkatzen dituzte komisioko eragileek, eta, lanerako eman zaizkien hilabete eskasetan, ez dute lortu ados jartzea.
Gobernuak, aldi berean, beste negoziazio bat du zintzilik, konpentsazio eskuzabalak exijituko dituzten konpainia elektrikoekin. Olaf Scholz Finantza ministroak azaro bukaeran onartu zuen Alemaniak «milaka milioi euro mordoxkako» faktura ordaindu beharko duela Kohleausstieg delakoagatik, ikatza baztertzeagatik, alegia.
Meatzeak eta zentral termikoak Ipar Renania-Westfalia, Brandenburgo, Saxonia eta Saxonia-Anhalten daude. 30.000 lanpostu inguru galduko dituzten eskualdeentzat 1.500 milioi euro gordetzea aurreikusten du gobernuak osaturiko komisioak. Estatu horietako agintari batzuek ohartarazpena igorri dute Berlinera: itxieren ondorio ekonomikoak arintzea zaila da, eta baliteke efektu politikoak are larriagoak izatea azkenerako, eskuin muturra zelatan baitabil. «Kontuz ibili beharra dago ikatza azkarregi uztearekin, ekialdean AFD indartuko bailuke horrek», adierazi berri du Dietmar Woidkek, Brandenburgoko ministro-presidente sozialistak. 2019an hauteskundeak izango dira han, eta eskuin muturra aurrea hartuta dabil inkestetan —bozen %23—.
Galdeketei so gobernatu nahi izanez gero, bestelako pistak ere baditu, ordea, Alemaniako gobernuak. Herritarren %46k 2025era aurreratu nahi lukete Kohleaussteig-a; %73ek, 2030era —azken hori ingurumen aktibistek ezarri ohi duten jomuga ohikoena da—. Are gehiago dira ikatza eskuratzeko naturagune gehiagorik ez kaltetzeko exijitzen dutenak. Iritzi publikoa hunkitu du RWE partzuergoak Hambacheko atari zabaleko meategia hedatzeko garbitu nahi duen baso okupatuaren kasuak. Ez da gisa horretako jazoera bakarra. Ehun bat bizilagunek laga dute Poedelwitz herrixka, Saxonian, Mibrag enpresaren kalte-orainak jasota. Beste 27k, eskaintzari uko egin, eta desafioa bota diote ikatzaren industriari, meatzeek dagoeneko inguruko landak ia osorik irentsi badituzte ere.