politika
«Inplikazio kanpaina» bat abian, estatus politikoa «sakon» aldatzeko
Jon O. Urain, Karmele Uribesalgo Alzola
Apirilean aurkeztu zuten testuaren bertsio gaurkotua plazaratzeko, agerraldi bat egin zuten atzo Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Carlos Santamaria eraikinean. Bertan izan ziren sustatzaileak eta dokumentua izenpetu dutenetako asko: besteak beste, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohia, Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea, Miren Azkarate EAJko Donostiako zinegotzia, Iñigo Santxo abokatua, Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko bozeramailea eta Inaki Irazabalbeitia Aralarreko europarlamentari ohia.
Azken asteetan eta ekainera bitartean, bost aditu ari dira idazten estatutua eguneratzeko proiektua, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarrien arabera. Oinarri horiek «norako onean» doazela uste dute manifestuaren babesleek: «Atxikimenduak gehitzeko garaia da, edukiak indargabetu ordez beren garapen leialaren alde bultza egin dezaten».
Amaia Goirigolzarri abokatu eta Erabakizaleak erabakitzeko eskubidearen aldeko juristen taldeko kideak irakurri zuen manifestua, euskaraz. Sustatzaileak kritiko dira Espainiako sistema politiko-judizialarekin, uste baitute «demokraziaren aurkako inboluzio olatua nagusitu» dela azken urteetan: «Integrismo erreakzionarioa botere judizialaren jabe egin da». Horien iritziz, Espainiako panorama politikoa «arnasezina» bilakatu da euskal eta kataluniar gizarteentzat, «bertako herritargoaren borondatearekiko errespetuan oinarritutako demokrazia eredu bat» hobesten duten heinean. Horregatik, dei egin dute «gehiago ez itxarotera eta estatus berri baten trena hartzera», «atzeraezina» iruditzen zaielako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan estatus politiko berri bat «landu eta indarrean jartzea». Era berean, uste dute Nafarroako erakundeek «autogobernua garatzeko egin dituzten proposamenak saihetsezinak» direla.
Bide horretan, «izaera demokratikoko aldaketa sakona» proposatu dute euskal erakundeen eta Espainiakoen arteko harremanetan, premisa batetik abiatuta: «Euskal herritarrok nazioa gara».
«Eskumen osoen» beharra
Bultzatzaileen iritziz, estatus politiko berriak «eskumen oso eta esklusiboak» izan behar ditu, «akordioaren testuinguruan ongi babestuta, alde bakoitzak besteari subiranotasuna aitortuz, Euskal Herriaren giza garapen jasangarriari lotuta dauden gaietan». Izan ere, nabarmendu dute sinatzaileek eremu askotan dihardutela lanean, eta autogobernuari buruzko eztabaidak horien «egunerokotasunarekin, pertsonen bizimoduarekin» lotura zuzena duela.
Horregatik, azaldu dute autogobernuaz mintzatzean «ongizate eredu propioa, unibertsala eta jasangarria eraikitzearekin, aberastasuna sortu eta banatzeko ereduarekin, lotura daukan guztiaz» ari direla: zerga sistemaz, zerbitzu publikoez eta gizarte segurantzaz, besteak beste. Zerrenda horretan aipatu dute genero parekidetasuna «eremu guztietara» zabaltzeko beharra ere, «nagusikeria patriarkala» baztertzeko.
Atzokoan, egitasmoa babesten duten 89 laguneko zerrenda bat zabaldu zuten antolatzaileek; osatu gabe zegoen zerrenda, azken egunetan batutako izen-abizenak ez baitzeuden jasoak. Apirilean manifestua aurkeztu zutenean, 70 ziren sinatzaileak: Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Anjeles Iztueta, Javier Madrazo eta Joseba Azkarraga sailburu ohiak, Josetxo Arrieta Ahal Dugu-ko senataria, Mirentxu Purroi kazetaria, Iratxe Esnaola eta Jule Goikoetxea irakasleak... Hilabeteotan, ordea, jende gehiago batu da: Xabier Ezeizabarrena EAJko Gipuzkoako batzarkidea, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Jose Maria Arrate Athleticeko lehendakari ohia, kasurako.
Zerrenda hori luzatzea da orain helburua; mila lagun ingururen babesa jaso nahi dute datozen asteetan, eta ekitaldi jendetsu bat egin otsail aldera. Ez zuten datarik zehaztu. Xabier Oleaga adierazpenaren bultzatzailearen hitzetan, «jardun politiko eta sozial zabalean diharduten pertsona erreferentzialen» babesa bilatuko dute.
Agerraldirako, mezu bat bidali zuen Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak: «Estatus politikoari buruzko eztabaidan, aukera handia duzue estrategia transbertsal bat eratzeko erabakitzeko eskubidearen alde; gehiengo instituzional eta sozial bat lor dezakezue eskubideak izateko eskubidearen alde».