astekaria 2018/12/21
arrowItzuli

iritzia

Bisita bat Mas de Enric-era

Carme Porta Abad

Bisita bat Mas de Enric-era Carme Porta Abad

Udazkeneko eguzkia itzaltzen ari zen arratsalde umel baina ez hotz batean. Bideak erakutsi zigun nola ezkutatzen den hiritik gertu dagoen espetxe bat, zalapartatik hain gertu egon arren, bizitzatik aldendua eta isiltasun arraro batez inguratua. Mas d'Enric-era iritsi ginen Kataluniako Parlamentuko aurreko presidenteari, Carmen Forcadelli, bisita egiteko eman ziguten ordurako.

Korridoreetan egin beharreko itxaronaldia luzea egiten da. Abokatu batzuk sartu dira. Presoen zenbait senide zain daude, gutxi, normalean beste ordu batzuetan etortzen direlako. Ateak ireki eta itxi egiten dira sarrera bakoitzeko. Azkenean sar gaitezke. Eskailerak, korridoreak, ateak... ez da erraza azkenik ikusi ahal izango dugun tokira iristea. Kristalezko ate batzuen atzean ikusi dugu, agurtu gaitu, zain daukagu.

Askoz ere argalago ikusi dugu. Dotore jantzita. Harrigarria da testuingurua aintzat hartuz gero. Ateak ireki dira, besarkatu egin dugu, eta are gehiago sumatu dugu haren argaltasuna. Paretak ilunak diren arren, argi zuri hotz bat daukan gela batera igaroarazi gaituzte. Dena hain gutxienekoetan eta hain gizatasun txikiz. Aurrez aurreko geletan pentsatzen dut, presoak bikotekideekin elkartzen diren geletan. Galdetu diot Carmeri, eta esan dit berdinak direla, baina intimitate handiagokoak.

Nolakoa izan daiteke topaketa bat maite duzun pertsona batekin horrelako toki batean? Orain daukagunaren oso antzekoa izan behar du, giro hotzean, bi pertsonaren arteko maitasunak baino epeldu ezin duen giro hotz batean. Horretan pentsatzeari utzi diot, denbora gutxi baitaukagu, eta elkarri kontatzeko gauza asko.

Carmek bere egunerokoa azaldu digu, eta beste presoekin duen harremana. Haiengandik jaso duen errespetua, kontziente izanik —eta hala adierazi diote— berak han ez lukeela egon behar. Delitu historial luze bat daukaten emakumeekin bizitzearen zailtasunak kontatu dizkigu, ia beti drogekin loturaren bat duten emakumeak direla, ia beti besteek gutxietsiak —beraien bikoteengandik hasita—, eta esperientzia gutxirekin iristen diren emakumeak direla. Beraien arteko harremanak kontatu dizkigu, nola bitartekari aritu behar izaten duen maiz. Baldintza hobeak aldarrikatzeko batzordeak nola dauden. Halaber, azaldu digu nola emakumeentzako modulu bakarra daukan espetxe horretan emakume presoek bete behar duten rola sozialki ikasitakoa den; besteei emanak bizi dira, eta beste haiek ahaztu egingo dituzte handik irtetean. Emakumeak tailer mistoetara joan ohi dira, eta jendaila zitalenarekin maitemindu ohi dira, beraien buruaz ahaztuz... Carmek babestu egiten ditu, baina errieta ere egiten die. Esaten die beran buruarengan pentsatu behar dutela, ez dutela utzi behar mutil lagun bat beraietaz balia dadin, atera bezain pronto ahaztu egingo baitituzte.

Era berean, exijitu digu emakumeok sendoak izan behar dugula, entzun gaitzatela exijitu behar dugula, ahotsa eman diezagutela exijitu, eta hori ikusarazi egin behar dugula, ez direla bigarren mailako presoak. Exijitu egin digu, ez eskatu. Mahai gainean honako hau jarri du: ezer ez da posible emakumerik gabe, feminismorik gabe, nahiz eta gizonezko kide subiranistak izan gehien irteten direnak plazara, eta haiei entzuten zaien gehien.

Dei egin digu gure egunerokoan guztion dibertsitatea aintzat hartuta jokatzera, uste baitu errepublika errespetuz eta berdintasunez eraiki behar dela, giza eskubideak modu ekitatiboan beteta. Horregatik aldarrikatzen du emakumeak ikusgai izatea eta ikusgai eginaraztea.

Forcadell hemen dago. Barrutik proposamenak egiten segitzen du, eskaerak egiten, koordinatuta egon nahi du. Bere amari buruz hitz egin digu, familiaz, Dolors Bassaz, Lledonersen preso dauden beste kideez, epaiketaz.

Epaiketa eta pertsonalki horrek dakarrena hizpide izan du. Berriro Madrilera eramango dute, bermeak falta direla uste du, defentsek koordinatu egin behar dutela uste du, eta horiek beraien egoera aintzat hartu behar dutela dio, ez dezatela behar baino gehiago luzatu egoera. Baina epaiketa aukera gisa ere ikusten du, nazioartean ikusgarritasuna izateko.

Bisita amaitu da. Carme Forcadellek ez gaitu triste agurtu, baizik eta kementsu eta animoz beteta. Espero dut gauzak berotuz joatea eta haren erabakimena denona bihurtzea. «Ekintzarako batasuna» eskatu digu, «kemena eta herri berri bat eraikitzeko ikusmira».

Espazioa laiotza da, baina berak distira egiten du; ez da metafora bat, haren energiak espazioa distirarazten du. Duintasunez beteta goaz, horrenbesteko duintasunez!

(Erredakzioan itzulia)

BERRIAn argitaratua (2018/12/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA