mundua
MARIELA CASTRO
«Baliteke herriaren interesen aurkako klase sozial bat sortzea»
Lander Muñagorri Garmendia
Nolakoa izaten ari da konstituzioa berritzeko prozesua?
Konstituzioa berritzeko prozesuaz oso harro nago, egin den moduagatik batez ere. Herritarren ekarpenak bildu dira, eta proposatzen zena txertatu edo ez ikusi da. Kubako herria ekarpenak egiten ari da, eta hori da gehien gustatzen zaidana.
Ezkontzaren kontzeptuan aldaketa ekarriko du testuak. Gizonen eta emakumeen batasuna dela esan beharrean, bi pertsonaren artekoa dela zehaztuko du.
Bai, eta eliza ebanjelikoa presio egiten ari da artikulu horregatik ezezko botoa sustatu nahian. 1970eko hamarkadan ere, ezkontzak arautzen zituen legea eztabaidagai egon zen, eta formula hori proposatu zen. Gizarteak ez zuen ulertu, eta ez zen onartu.
Eta egungo gizartea prest dago halako aldaketa baterako?
Ez dakit, hori bozketan ikusi beharko dugu. AEBetako dirua jasotzen duten eliza horiek kanpaina bat egiten ari dira biztanleengan eragiteko asmoarekin. Etxez etxe joan dira herritarrengana, eta gobernuari xantaia egin nahi izan diote, kontzeptu hori kentzen ez bada aurka bozkatzeko kanpaina egingo dutela esanez. Baina konstituzio hau behar dugu, orain arte egiten ari ziren jarduera batzuk legeztatzea ekarriko baitu. Aurrera egin dezan behar dugu, eta inperialismoaren diruarekin saiatzen ari dira gobernuak atzera egin dezan. Ezin diegu utzi presio egiten. Kuban 60 kongregaziotik gora daude, eta ezin diogu bati nagusitasuna eman. Ez dakit zergatik uste duten besteek baino garrantzi handiagoa dutela.
Halako eragina daukate?
Orain arte ezetz uste nuen, baina akaso sorpresa hartuko dut. Eliza historikoki boterearen menpe egon da, eta, horien eraginez, faxista batek irabazi ditu hauteskundeak Brasilen. Horren aurrean, sozialismoa egiteko mekanismo demokratikoak behar dira. Baina demokrazia sozialista, eta ez burgesa. Gauza batzuk aldatzen direla sinetsarazten dute, baina funtsean ez da ezer aldatzen. Gaitasun ekonomikoa dutenek gainerakoak azpiratzen dituzte.
Kuba trantsizioan dagoela esan daiteke. Ildo horretan, garapen ekonomikoak zeresan handia sortu du.
Giza eskubideak bermatzeko gure politika ekonomiko eta soziala garatu nahi dugu. Blokeoa edukita ere, garapena sakondu ahal izateko tresnak behar ditugu, hori baita gure garapenerako traba den lehen inposizioa.
Konstituzioan blokeo egoera hori aipatzen al da?
Ez dakit, hainbeste aipatzen dugu egunerokoan... Hala ere, aipatu beharko litzatekeela iruditzen zait, gure errealitatea goitik behera baldintzatzen baitu. Jendeak dio kapitalismorantz goazela, baina ez da horrela. Gure baliabideak indartzen ari gara demokrazia sozialista indartzeko. Egia da ekoizpen prozesurako jabetza pribatua sortzen duzunean esplotazio egoerak agertu daitezkeela...
Jabetza pribatu hori nahi baino gehiago zabaldu daitekeen beldurra duzue?
Askok beldur hori dute, eta, horregatik, horren aurka daude. Baina egin beharra daukagu. Enpresa txikiak sortzen dituztenek lan eskubideak errespetatu beharko dituzte, eta sindikatuak horretarako daude, gainera. Langileei sindikalizatzeko esaten ari gara. Edozein modutan, esperimentua egin beharra daukagu, eta arauak sortu langileen eskubide urraketak eragozteko. Sozialismoa esperimentatzea da, eta mekanismo berriak sortu behar dira ez dadin gelditu.
Kubako egungo sisteman, jabetza pribatu hori Troiako zaldi bat izan daiteke, ezberdinkeriak sortu baititzake. Are gehiago bi txanpon edukita...
Hala da, eta badago horren kontzientzia bat. Baliteke herriaren interesen aurkako klase sozial bat sortzea eta horiek alderdi politiko bat sortu nahi izatea euren interesak defendatzeko. Gure aurkari politikoek hori bultzatu nahi izan dute, bederen. Hor dago erronka nagusia: dilema etikoak dauzka, eta gure prozesu iraultzaileak zailtasun baten aurrean jartzen gaitu. Baina, proiektu sozial bat garatu ahal izateko, ekonomia eraginkorragoa behar da.
Bi txanponak ez dira bateratuko azkenean. Traba izan daiteke ekonomia garatzeko?
Ez dugu lortu bi txanponak bateratzea. Herritarren artean sakrifizio handia eragingo zuen, eta hori saihestu nahi zuen alderdiak. Hartzen diren erabakiak ezin dira izan gizartearen kalterako, eta orain muga gehiago ezartzen dizkigute blokeoarekin. Muga horiekin zailagoa da garapen ekonomikoa eta KPIa handitzea. Aberastasuna ez bada behar bezala hazten, ez da ongizatera itzultzen. Ezin ditugu soldatak behar bezala handitu, herritarrek dituzten beharrak asetzeko. Zaila da baliabide gutxirekin gobernatu eta denentzako modu berean banatzea.