ekonomia
ILUNTZEN ARI DA
Xabier Martin
Dieselaren aurkako gerra abiatu da jadanik Europan, eta autoen merkatua nozitzen ari den gainbehera gasolina autoen kuotak nabarmen handitzera eraman du. Esparru batean galtzen dutena bestean irabazten dutenarekin berdintzen dute-edo konpainiek. Baina arazoa da urruti ikusten zuten beste mehatxu/aukera bati aurpegia ikusi berri diotela auto ekoizle handiek, eta kezka gora doala sektorean haren gertutasunari epeak ezarri baitizkie gobernuek. Badator auto elektrikoa orokortzen hasteko fasea: 2035-2040rako errekuntza motorreko autoen amaiera izango da, iragarri diren epeak egia bihurtzen badira. Ordurako letorke errekuntza motorra ekoizteko debekua, eta 2045-50erako auto horiek ezingo lukete errepideetan ibili.
Nazioarteko auto konpainia ahaltsuak ez ezik, osagai industria ere kopetilun dago egunotan, azken urteetako gorakada nabarmenak indarra galtzeko arriskua usaintzen duelako. Euskal Herrian, 400dik gora dira autogintzari lotutako enpresak; asko, euskal industriaren abangoardian. Gasteizko Mercedes eta Iruñeko Volkswagen fabrika handien itzalean hazi eta hazi egin dira azken urteotan, eta dagoeneko 55.000 enplegu inguru ditu sektoreak; ez dago txantxarako tarterik. Mundura begira daude enpresak salmentei dagokienez: 23.500 milioi euro fakturatu dituzte 2017. urtean.
Aberastasun sortzaile handiak dira: sektorearen fakturazioak EAEko BPG barne produktu gordinaren %25 ordezkatzen du eta Nafarroakoaren %7. Nola eragingo die auto elektrikorako trantsizioak autogintza osagaien euskal enpresei? Auto elektrikoaren epemugak iragartze soilak eragin ote du salmenten geldotzea?
Jatekoarekin jolasean
Azken galderatik hasita, moteltze horren beldur dira enpresak, eta kezka horren isla dira Confebasken eta Eusko Jaurlaritzaren zuhurtziarako deiak. 2040rako erregai autoen bukaera iragarrita, lurrikara txiki bat eragin du Espainiako Gobernuak. «Diesela ez da deabrua, eta ez da hori sustatu behar», esan du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak. Zuhurtzia eskatzearekin batera, Tapiak uste du oraindik ez dagoela nahiko azpiegitura auto elektrikoaren trantsizioa gauzatzeko, eta «erosteko ahalmen txikiagoa dutenen» arazoa nabarmentzen du, auto elektrikoaren salneurri garestiari erreparatuta.
Confebaskeko presidente Roberto Larrañaga zuzenagoa da Pedro Sanchezen gobernu ahularen iragarpenaren aurka egitean. «Iragarpen horiek egitea ez da beharrezkoa; merkatuan geldialdi bat eragin dezakete, eta garbi eduki behar dugu denok autogintzak zer ematen dion gure industriari eta enpleguari».
Alegia, jatekoarekin jolasean ez ibiltzeko ohartarazpenak zabaldu dira han eta hemen, eta Espainiako sektoreko patronal handienek, Faconautok eta Anfacek, «iragarpen desegokiak», «ondorio larriak» eta «dieselaren aurkako gurutzada» moduko izenburuak eman dituzte azken asteetan; batetik, Sanchezen gobernuak dieselaren zerga handituko dela iragarri duelako; eta, bestetik, hala dieselaren nola gasolinaren ekoizpen debekua 2040. urtean ezarri duelako.
Haatik, hori ez da apartekoa, Europako estatu handienek epemuga bera edo goiztiarragoa (2035) ipini baitute jada. Industriak badaki auto elektrikorako trantsizioa egin behar dela, derrigorrezkoa dela planetaren mesedetan, baina... inoiz ez da une egokia munduko ekonomian oinarrizkoa den sektorean kolpe bat eman eta kartak nola eroriko diren ikusteko.
Kontua da kolpe hori ematen hasi dela, ordea, baina kamera geldoan nolabait esateko, eta hemendik urte batzuetara ikusiko da nola berrantolatu den sektorea, fabrikak non gelditu diren eta non ez, eta nor den gai eta nor ez auto elektrikora egokitzeko. Euskal enpresak aspaldian ari dira lanean «etorkizunari aurrea hartzeko» eta egin behar diren moldaketak egiteko, Acicae klusterrak esaten duenez. Baina egungo errealitatean ekoizten eta saltzen jarraitu behar da egokitzapen horrek eskatzen duen ahalegina egiten den bitartean. Ez da erraza.
Egokitzapenari begira
Batzuentzat besteentzat baino errazagoa bai, ordea. Kanpo osagaietan aritzen direnek —ispiluak, karrozeria, eta abar— ez lukete zertan nabaritu autoaren trakzioaren aldaketa. Hor dago aleazio gero eta arinagoak aurkitzeko ikerketa, dena den, gaur-gaurkoz autonomia gutxiko autoetan pisuak bai baitu garrantzia; adibide bat besterik ez da. Baina, oro har, trakzioaren atalaz besteko esparruetan aritzen direnak —direkzioa, egiturazko osagaiak, elektronika, hagunak...— errazago egokituko dira motorrarekin lotutako hornidurak egiten dituztenak baino.
Bien bitartean, merkatuaren eboluzioa etengabea da. 2010ean saltzen ziren autoen hiru laurden kasik diesel motorrekoak ziren, bai Euskal Herrian, bai Batasuneko merkatu handienean, Alemanian. Iazko salmenten %43 besterik ez zen izan, ordea, gurean. Gasolio motorraren gainbehera 2011tik aurrera hasi zen, baina dieselgate auziak (2015eko iraila) azkartu egin zuen joera hori, eta, hirietako kutsaduraren erantzukizun handiena haren bizkar jarri ondoren, oso sendoa da diesel autoak baztertzeko joera. 2018an ez dira iritsiko salmenten %40ra. Egun, gasolina autoak saltzen dira gehien, eta joera hori nagusi dela erakutsiko dute 2018ko datuek.
Baina, kezka ugari dagoen arren, auto salmentak ez dira jaitsiko aurten; dena den, hazkunde txikia izango du, azaroko azken datuak kontuan hartuta. Europako merkatua beste kontu bat da, ordea, eta oso litekeena da merkatuak lauak geratzea.
Batera edo bestera, errekuntza motorraren gasolina ahitzen ari da, eta testuinguru horretan jardun behar dute enpresek. Motor elektrikoarena da geroa, baina oraina bihurtu arteko trantsizioan salmentei nola eutsi bihurtuko da enpresen erronka nagusia datozen urteetan, zalantzaz beteriko 2019. urtetik hasita.