mundua
ERDIKO KLASEAREN ERREBOLTA
Ekhi Erremundegi Beloki
Errepidean arazo bat izanez gero beste gidariek ikusi ahal izatea da jaka horiaren funtzioa. Ikusezina ikusgarri egitea, alegia. Deigarria da sortu den mugimenduaren sinbolo bilakatu izana. «Bizi dugun krisia, ezer baino lehen, krisi sozioekonomiko bat da. Eta gainerako guzia horren ondorioa da. Handitzen ari zen haserre soziala eta mesfidantza politikoa erakutsi dituzte Jaka Horiek», aztertu du Aurelien Delpirou geografoak. Paris Ekialdeko Unibertsitateko Hirigintza Eskolako irakaslea da. Mugimendua ikertzen aritu da beste ikerlari batzuekin batera, eta hasieran zituen hipotesiak baieztatu dituela dio. «30 urteko mundializazio liberalaren ondotik, inoiz baino gehiago ageri da estatuaren erregulazioaren eskaera. Justizia soziala, justizia fiskala eta lurralde mailako justizia eskatzen dituzte Jaka Horiek, estatuak abandonatu dituela deitoratuta».
Urriaren 10ean sortu zuen Facebookeko gertakaria Eric Drouet garraiolariak, azaroaren 17an errepideak blokeatzera deituz, erregaien gaineko zergaren igoeraren kontra protesta egiteko. Zortzi egun geroago, Jacline Mouraud hipnoterapeutak bideo bat argitaratu zuen sare sozialetan, auto gidarien kontrako «ehiza» salatzeko. Facebookeko kontagailuaren arabera, sei milioi aldiz ikusia izan da, eta 260.000 aldiz partekatua. Ondoren etorri ziren izenpe biltzeak, eta bideo gehiago, eta iruzkinak... Karrikak sutu aitzin, Facebook sutu zen, eta, horren bidez, pixkanaka, mugimendu oso bat sortzen hasi zen. Guziek Frantziako Gobernua zuten jomugan, bakoitzak bere ikuspegitik: errepideetako abiadura orduko 80 kilometrora mugatzeagatik, APL etxebizitza alokatzeko laguntzak apaltzeagatik, kontratu lagunduak ezabatzeagatik... Frantziako Gobernuak, Edouard Philippe lehen ministroaren ahotsetik, bere asmoa berretsi zuen, eta «norabidea atxikitzeko» borondatea erakutsi. Baina bola handitzen ari zen. Aste gutxian protestara deitzeko Facebookeko 257 talde sortu zirela zenbatu du Le Monde egunkariak. Orotara, hiru milioi erabiltzaile bildu dituzte.
Gero gertatutakoa ezagunagoa da: azaroaren 17ko lehen mobilizazioaren ondotik, astean mobilizazioak egiten jarraitu zuten leku anitzetan, eta beste lau elkartze handi izan dira: azaroaren 24an, abenduaren 1ean, 8an eta atzo. Hiri handietan istiluak izan dira, eta poliziak gogor erantzun die protestei. Inkesten arabera, frantziarren gehiengo zabal batek babesten duen mobilizazioaren aitzinean, Frantziako Gobernuak gibel egin behar izan du, eta erregaiaren gaineko zergaren igoera bertan behera utzi du; Macronek berak hitza hartu behar izan du, egoera baretzeko neurri «sozialak» iragartzeko. Baina oposizioak eta Jaka Hori anitzek berehala salatu dute neurri horien «iruzurra», eta mobilizazioari eusteko borondatea erakutsi dute.
Erosahalmenaren apaltzea
«Eskuin muturrekoak dira», «jende politizatua da», «hirietako burgesiaren eta landa guneetako herri xumearen arteko arrakala erakusten du», «ahantzitako Frantzia da»... Hedabideetan, kazetariak eta editorial egile adituak txandakatu dira Jaka Horien mugimendua esplikatzen saiatzeko, bakoitza bere teoria aitzinatuz. «Astakeria anitz erran dira», Delpirouren iritziz. «Mugimendua hasi zenetik, ikerlari andana aritu da aztertzen, eta, gaur egun, lehen ikerketen emaitzak iristen ari dira. Gibelamendua falta zaigu, baina orain baditugu elementu sendoagoak Jaka Horiak nor diren erran ahal izateko».
Bordeleko Emile Durkheim zentroak abiatu duen ikerketak eman dezake argibide gehien Jaka Horien izaerari buruz. Mugimendua hasi zenean, Frantzia guziko ikerlariei dei egin zien azterketa bat abiatzeko, eta 70 ikerlari bildu dituzte lan hori egiteko. Mobilizatutako Jaka Horiei banakako galdeketak egin dizkiete blokeatze guneetan, sare sozialetan argitaratutakoa aztertu dute... Eta aste honetan atera dituzte lehen emaitzak. Kategoria sozioprofesionalak erdi mailako klaseko herritarrak erakusten ditu bereziki, eta joera politiko guzien sorta zabala ageri da. Manifestazioetara joateko motibazioetan eta eskatutako neurrietan honako hauek ageri dira nagusiki: zerga eta tasen apaltzea, erosahalmenaren igotzea, aberastasunen banaketa hobea eta herritarrak entzutea. Azkenik, ekintza motari dagokionez, mobilizazio forma klasikoak nagusitzen dira, eta gehiengo zabal batek ez du ekintza erradikalagoetan parte hartzeko borondaterik. Ikerketarekin jarraitzeko asmoa du Bordeleko zentroak, aurki emaitza gehiago emateko.
Erdiko klasearen frakzio apalak dira bereziki mugimenduaren erroa, Delpirouren ustez, eta langile klaseen zati txiki bat. «Frantziarren %20 pobreenak ez dira kasik ageri. Badu arrazoi bat, gehienek ez dutelako ibilgailurik, eta mugimendua autoari lotutako aldarrikapenekin abiatu da». Erosahalmena dago arazoaren erdigunean. «Erdi mailako klase horren erosahalmena lotua da zergei, tasei, koiunturari [petrolioaren prezioa]. Ez da klasez apaldu den jendea, klasez apaltzearen beldur den jendea baizik. Batez besteko lansariaren azpitik dira, baina pobrezia mailatik urrun».
Lurralde mailan, zailtasunetan diren lurraldeak dira nagusiki. Hiri txiki eta ertainak, iparraldeko eta ekialdeko haran industrialak, egunerokoan autoa ezinbestekoa den hiriguneen bazterreko eremuak. «Baina mugimendua Frantzia guzian errotua da. Abiatzea Paris eskualdean izan du, eta Paris inguruko eremuetan jende anitzek parte hartzen du. Lurraldeak zeharkatzen ditu mugimenduak. Jaka Hori guziak ez dira pobretzen ari diren eremu abandonatuetakoak». Var departamendua aztertu du Delpirouk. «Biziki eskualde dinamikoa da, demografikoki emendatzen ari dena, eta han mobilizazio azkarra izaten ari da. Ez dago lotura zuzenik mobilizatu diren herritarren eta lurraldeen egoera ekonomikoen artean. Lurralde baten aberastasuna ez da haren biztanleriaren aberastasunari lotua».
Pobrezia eta bizipena
Hedabideetan erakutsi dituzten lekukotasunetan adierazpen gordinak izan dituzte batek baino gehiagok, ekonomikoki bizi duten egoera «larria» kontatuz. «Ez ditut jendearen bizipena eta adituen azterketa kontrajarri nahi, baina ez dira nahasi behar prekaritatea eta pobrezia», azaldu du Delpirouk. Denak erregaiaren prezioari begira ari badira ere, haren arabera, autoari lotutako gastuak ez dira aldatu azken 30 urteetan: etxe bateko aurrekontuaren %20 da, gutxi gorabehera. Haatik, etxebizitzaren gastua etengabe igotzen ari dela azpimarratu du: «Frantziar anitz zorpetuak dira, jabetza pribatura bideratutako eredu sozial eta kultural bat dugulako». Halaber, teknologia berriei lotutako gastu berriak sortu direla ere aipatu du: Internet, sakelako telefonoak... «Erdiko klaseko familia batean etxea erosteko zorpetu badira, bi haur badituzte, bi auto, erosahalmena biziki apala da. Errealitate sozial bat da. Lansariek ez dute gastu guziak ordaintzeko ematen. Bakoitzak 1.500 euroko lansaria izanik ere, bikote batzuek pobre izatearen irudipena dute».
Pobrezia mailaren datuak aipatu ditu Delpirouk. «Urteetan %12 inguruan egon da Frantziako pobrezia maila. 2008tik, kasik %18ra igoa da. Biziki kezkagarria da. Pobrezia lurralde guzian hedatua da. Azken hamar urteetan pobreenak gehiago pobretu dira, eta aberatsenak, aberastu. Tarteko guzian geldirik dago. Horrek ez du erran nahi etxe batzuetan ez dela eguneroko gastuei erantzuteko zailtasunik eta, beraz, ahultze sentimendurik».
Frantziarren ispilua
Mobilizazioa egituratu duten sareak aztertu ditu Benoit Coquardek, Dijongo INRA institutuko soziologo eta ikerlariak: Facebook eta lagun taldeak. «Jende anitz lagun taldean joaten da bide ixteetara. Ingurukoekin egoteak mobilizazioari zilegitasuna ematen dio, eta balio emailea den kidetasun kolektibo bati lotzea ahalbidetzen du», aztertu du. Bere ikerketan ikusi ahal izan duenez, bizi baldintzen prekaritatearen emendatze baten aitzinean, «maila lokalean ospe ona izatea garrantzitsua da, eta hori kolektiboetan parte hartzearekin dator, bereziki lagun kolektiboak, bestelako egiturak gainbeheran direlako -sindikatuak, elkarteak...-. Pertsona errespetagarria izatea zerbaitetarako aintzat har daitekeen lagun on bat izatea ere bada, eta, beraz, Jaka Horia bazara, emandako hitza errespetatzea eta lagunekin batera ordu batzuez bidea eteteko gunera joateko engaiamendua atxikitzea da».
Bide eteteen lekuetara joatean, herritarrak beren boto asmoa aipatzearekin «uzkur» zirela adierazi du. «Gehienek ez dute aipatzen, bide ixte berean biziki iritzi politiko ezberdinak gurutza daitezkeelako». Hala ere, oro har, politika instituzionalaren arbuioa nagusitzen dela dio. Aurelien Delpirouren iritziz, mobilizazioaren kolorea biziki desberdina da lurraldeen arabera. «Limogesen egon naiz ni, tradizio sozialista duen eremu batean, eta han, argiki, arlo sozialeko aldarrikapenak plazaratzen dituzte. Var departamenduan [Fronte Nazionalak %30eko emaitzak atera izan ditu azken hauteskundeetan], mobilizazioa biziki desberdina da», esplikatu du.
Bide blokeatzeetan zergen eta erosahalmenaren inguruko eztabaida politikoak entzun ditu nagusiki Coquardek. «Pobreen eta aberatsen arteko ezberdintasunen salaketa etengabea, galkatzen direnen eta lan egiten dutenen artekoa. Adostasun orokor bat bada aberatsen pribilegioen kontra eta mugimendua mespretxatzen duten taldeen kontra». Iritzi berekoa da Delpirou: «Arazoa zera da: Jaka Horiek uste dute zergetan eskatzen zaien indarra gehiegizkoa dela beren lansariarekiko, eta, era berean, zerga politika bidegabea dela; aberatsenek ez dutela aski parte hartzen, eta haiek, erdi mailako klaseak, aberastasunen banaketaren pisu handiena pairatzen dutela. Horrek ere Jaka Horiei buruzko elementuak ematen ditu: haserrea zergak sortu du, baina frantziarren %60k bakarrik ordaintzen dute zerga».
Alderdiak eta hedabideak
Eskuin muturrak hasieratik babestu zuen mugimendua. Azaroaren 17an Nicolas Dupont-Aignan Frantzia Zutik alderdiko buruak honela idatzi zuen txio batean: «#Erresistentzian Pozik naiz gero eta frantses gehiago direlako auto gidarien estortsioaren kontra mobilizatzen». Marine Le Pen BN Batasun Nazionalaren presidenteak frantziarrek beren herrian «gaizkien tratatuak» izatearen sentimendua dutela adierazi zuen azaroaren 18an, bezperako mobilizazioa txalotuz. Parisko manifestazioan bandera neonaziak agertu dira, eta Action Françaiseko erregezaleek ere parte hartu dute.
Abenduaren 1ean eta 8an istiluak izan ziren bi talde horien eta mugimendu antifaxistaren artean; elkarri kolpeka aritu ondoren, eskuin muturra manifestaziotik kanporatu zuten bietan. Frantzia Intsumisoak ere aski fite hartu zuen mugimenduaren babesa. Azken asteetan,, Jean Luc Melenchon buruzagiak hitz gogorrak izan ditu Frantziako Gobernuaren kontra. «Amore eman ezazue, edo bestela egin ospa. Baina ospa egiten baduzue, eman amore lehenago», oihu egin zion Edouard Philippe lehen ministroari legebiltzarrean.
Funtsean, Martxan alderdiak izan ezik, ezkerretik eskuinerako alderdi guziek babestu dute modu batera edo bestera Jaka Horien mobilizazioa.
Hedabide gehienak ere biziki abegikor agertu dira mugimenduarekin hasiera-hasieratik, eta espazio handia eskaini diete Jaka Horiei. Baina konfrontazioa gogortu ahala, ohiko eskemetara itzuli dira, «egiazko» Jaka Horiak eta «bazter nahasleak» desberdinduz. Hasieran ulerkor agertu baziren ere, editorial anitzek mezu bera zabaldu zuten Macronek iragarritako neurrien ondotik: Jaka Horiek eskatutakoa eskuratu zutela eta mobilizazioak ez zuela gehiago zentzurik. Ildo beretik jo dute Estrasburgon izandako atentatuaren ondotik, mobilizazioak polizien lana oztopatzen duela iradokita. Hedabideek «atentatua baizik ez» aipatzeaz kezkatua ageri zen Jaka Hori bat aste honetan. «Hedabideek aipatzen ez bagaituzte, hilen gara».