bizigiro
Erraietan sortzen den zera hori
Maialen Unanue Irureta
Tiraka hasi bezain pronto, ordea, zeri heldu ez zuela konturatu zen. «Harrigarri, ez zegoen ezer irrintziaren inguruan: ez ikus-entzunezkorik, ez ikerketa libururik... Gauza oso solteak topatu nituen, lerro batzuk baino ez guztira». Zegoena bildu nahi zuen, eta forman eman: lagun baten aholkuari jarraitu, eta, azkenean, ikus-entzunezko formatua aukeratu du.
Dokumentalak badu izan irrintziaren ondare izaera aitortzeko borondatea, Martinez de Lizarduiren esanetan. Bestelako erreferentzia edo datu argitaratuen faltan, Alicia Sturtze historialariak irrintziaren hurbilketa teoriko bat egiten du lanean: «Testuinguruaren arabera, hainbat gauzatarako erabili izan dira irrintziak: artzainek, elkarrekin komunikatzeko; gudarako oihu gisa; tristura edo amorrua adierazteko...». Irrintziak badu, beraz, emozioak adierazteko helburua. «Komunikatzeko balio du, baina ez horretarako soilik: identitatea edo elkartasuna adierazteko balio du: 'zu bezalakoa naiz' esateko, nolabait».
Zehaztu du, gainera, irrintziaren antzeko oihuak existitzen direla beste kultura batzuetan ere. «Eskandinavian, mendialdean dauden animaliak etxe ingurura erakartzeko, antzeko oihu bat botatzen dute: normalean andreek botatzen dituzte; oso oihu bereziak dira». Sturtzek azaldu duenez, irrintzia agertzen da euskal mitologian, Mariren bidez, eta zaldiarekin lotura du: «Zaldiak badu esanahi berezi bat: mitoen arabera, izaki magikoa da, baina, aldi berean, naturarekin lotzen gaitu; Mariren menpekoa da, baina, batzuetan, Mari zaldi gisa irudikatua agertzen da; etxekotua da, baina, aldi berean, basatia».
Sturtzeren ustez, irrintziak izaera basatia du, baina defendatu du kulturari estu lotua dagoela. Arrazionaltasunari ez ezik adimen emozionalari garrantzia ematearen alde dago historialaria. «Antza, sistema linbikoa aktibatzen da irrintzia botatzean, emozioekin eta animalia senarekin zerikusia duen garunaren eremua». Hain zuzen, pertsonek barruan dituzten bi alderdiei erreparatzea beharrezkoa da, haren esanetan: «Linbiko hitzak 'animaliatasunaren mugan' esan nahi omen du; emozioak ditugu, eta, aldi berean, gizaki eta animalia gara».
Bi alderdiei eustearen alde egin du, alde horretatik. «Euskal Herria herri garatua da, baina, herri gisa jarraitzeko, bere erraiak mantendu behar ditu». Hezkuntzaren bidez egin behar litzateke, haren ustez: Espainiako Gomera irlen kasua aipatu du, adibide gisa. «Gomerako silbo-a oihu berezi bat da, hitzak ere barne hartzen dituena; eskolan irakasten diete haurrei. Zergatik ez irakatsi irrintzia hemengoetan?».
«Ikerketagai interesgarria»
Lanbidez irakaslea bada ere, antropologia ikasketak ditu Martinez de Lizarduik, eta, lagunaren hiletaren gertakariaz harago, betidanik izan du Euskal Herriko adierazpen kulturalekiko interesa. Dokumentalean saiatu da irrintzi batek garunean zer aktibatzen duen erakusten duen eskaner bat egiten, baina ez da posible izan.
Izan ere, defendatu du ikerketarako «elementu interesgarria» izan daitekeela: «Bai fisikoki nola garatzen den, garunean eta gorputzean, foniatrikoki... Ikuspegi antropologikotik, beste hainbeste: zein funtzio dituen, eta abar». Izatez, zer edo zer badago martxan. Dokumentalean berean Ana Martinez Arellanoren testigantza jaso dute: foniatra da Nafarroako Unibertsitatea klinikan. Irrintziaren inguruko ikerketa bat egiten ari dira: ikus-entzunezkoan azaltzen du, besteak beste, ahotsaren frekuentziak zer-nolako marrazkiak osatzen dituen aztertzen ari direla; m itxurako habailak marrazten ditu.
Irrintziak lantzean, ordura arte erreparatu gabeko ezaugarriak identifikatu ditu Martinez de Lizarduik: irrintzi bat zerk definitzen duen, esaterako. Gauza jakinak dira, baina ez daude «inon» jasota: «Bakarka botatzen den arren, kolektiboa ere bada, eta bere arauak ditu: arnasa bakarrean egin behar da, bukaerak garrantzi berezia du, eta elementu asko daude bolumenarekin, iraupenarekin edo tinbrearekin lotuta».
Lotsa: horixe sentitzen zuten, hasieran, Xabi Arakamak eta Nekane Akarregik. Irrintzilariak dira biak, eta trantze hori pasatu zuten. Erraldoi baten oihalak babesten zuen Akarregi: erraldoien konpartsa batean parte hartzen zuen, eta erraldoiaren jantzien azpitik botatzen zituen irrintziak. «Jende aurrean lasai botatzera ausartu nintzen arte, urteak pasatu ziren: praktika handia behar izan nuen ganorazko irrintzi bat bota ahal izateko». Akarregik etxean jaso ditu irrintziak botatzeko afizioa eta abilezia: «Gure etxean, ama zen irrintzilaria, eta, hari esker, etxeko guztiok».
Barruak eskatuta
Irrintziak «kantekin, musikarekin, jaiarekin, alaitasunarekin eta bizipozarekin» lotzen ditu Akarregik, baina ia edozein egoera iruditzen zaio egokia irrintzi bat botatzeko. «Euskal jendea batzen den edozein ekitalditan izan dezake tokia, jende gutxi edo jendetza izan: jan-edana dagoen toki guztietan, ongietorri batean, manifestazio batean, hileta batean...». Pandero jotzailea da Akarregi, eta maiz botatzen ditu irrintziak panderoari eragiten dionean, jende aurrean: «Sekula ez dut botatzen bakarka, beti zeozeren bueltan».
Trikizio taldean zebilenean hasi zen Arakama irrintziak botatzen jende aurrean: «Lehenago, oihuren bat edo beste botatzen nuen trikitiarekin, baina jende aurrean ez nintzen atrebitzen: gero, taldean, beste musika tresna batzuekin lagunduta, hasi nintzen animatzen». Noduluekin arazoak izan zituen, ordea, eta irrintziak botatzeari utzi zion. «Orain, noizbehinka, botatzen ditut bakarrik nagoenean: autoan, edo leku apartatu batean nagoenean... Ikasleekin saiatzen naiz, baina ez dute serio hartzen».
Arakama bat dator Akarregirekin: animoak joarazten dio irrintzira. «Poza sentitzen dudanean, bota egiten dut; noizbehinka, baita amorrazioarekin ere. Ez naiz biraoka edo maldizioka ibiltzekoa, eta normalean eutsi egin behar izaten diot; batik bat, jende aurrean», azaldu du Arakamak. Dena den, ez dute irrintziak desberdin botatzeko joerarik, animoz indartsuago edo ahulago ibili arren. «Gora edo behera ibil naiteke, baina normalean ez naiz arriskatzen; batzuetan, momentuak eskatzen duenean, lasaiago hartzen dut, eta luzeagoak edo laburragoak egin ditzaket», hala azaldu du Akarregik. Arakamak badu gogoa galdutako konfiantza hori berreskuratzeko: «Boikot taldearekin festibal handi askotan jo ohi dut: beste askok bezala, trikitia ezagutarazi nahi dut, eta ez litzateke gaizki egongo irrintziarekin gauza bera egitea».
Beste hainbat irrintzilarirekin batera agertzen dira Akarregi eta Arakama Erraiak dokumentalean; horiek bezala, testigantza gehiago ere ageri dira ordu erdi inguruko ikus-entzunezkoan. Abenduaren lehenean aurrestreinatu zuten, Aretxabaletan (Gipuzkoa): urte berriarekin herriz herri ematea da Martinez de Lizarduiren asmoa. «Uste dut jendearekin konpartitzeko dokumental bat dela, eta ez ikusi eta etxera joatekoa».
Irrintzilarien «saretxoa»
Aretxabaletako emanaldiarekin oraindik ere «apur bat harrituta» dago Martinez de Lizardui. «Jendea bere barne emozioekin lotu zen filma ikusita, eta harrigarria izan zen: oraindik ere biharamun emozionala daukat». Dokumentalari esker, gainera, «irrintzilarien saretxo bat» osatzea lortu dute: ez zuten elkar ezagutzen, eta haientzat berezia izan dela nabarmendu du zuzendariak. Ahoz ahokoaren bidez batu da jendea proiektura, azaldu duenez: Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa inguruan ibili dira, batik bat.
«Oso emozionantea» iruditu zitzaion dokumentala Akarregiri. «Bizipoza eman zidan: denak han batuta irrintzika hastea, eta emanaldia amaitu zenean trikitilariekin ateratzea... Oso ondo egon zen». Esker oneko hitzak izan ditu Martinez de Lizarduirentzat: «Irrintzilariei ahotsa eman dien lehenengo lana da: irrintzia gurea da, erabiltzen dugu, baina inork ez daki nondik datorren, zergatik... Eskertzekoa da egin duen lana, hori egitera atrebitu delako».