astekaria 2018/12/21
arrowItzuli

gizartea

Hizkuntza ereduen arteko zubia

Ion Orzaiz

Hizkuntza ereduen arteko zubia

Ikastetxeak hizkuntzen topaleku bihurtu; eskola komunitatea osatzen duten mintzairen arteko loturak estutu; hizkuntza gutxituak sustatu, azaleratu eta ikasleak horiekin harremanetan jarri. Helburu horiekin guztiekin —eta hizkuntzen trataera integratua ardatz gisara hartuta— sare publikoko ikastetxe guztietan hizkuntza proiektuak ezarri nahi ditu Nafarroako Gobernuak heldu den urtetik aurrera. Horretarako lege prozedura abiatu zuen Maria Solana Hezkuntza kontseilariak iragan azaroan, foru agindu proiektu bat sinatuta. Dena ongi bidean, urtarrilean onartu eta berehala jarriko da indarrean.

Ez da egitasmo berria. Ikastetxe batzuek —D eredukoek, batez ere— aspaldi ekin zioten eleaniztasuna jorratzeko plangintzak diseinatzeari, eta 2016an, Hezkuntza Departamentuak hizkuntza proiektuak egiteko betebeharra ezarri zien PAI programako eskolei, UPNren garaiko anabasa ordenatze aldera —ikastetxe bakoitzak nahi eta ahal zuen moduan ezarri zuen PAI, baliabide eta gidalerrorik gabe—. Orain, eskola publiko denetara hedatu nahi dute hizkuntzen trataera bateratua, eta horrek balio dezake, besteak beste, gaur egungo hizkuntza ereduek —A, B, D eta G, bere aldaera guztiekin— dituzten ertzak leuntzeko.

«Ikastetxeetan hizkuntza asko biltzen dira. Batetik, eskolak berak eskaintzen dituenak, eta, bestetik, ikasleek etxetik ekartzen dituztenak. Horien guztien presentzia eta kudeaketa arautzeko plan bat behar genuen», azaldu du Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasun Zerbitzuko buru den Hasier Morrasek. «Guk nahi duguna da hizkuntza proiektu bakoitza kontsentsuzko tresna bat izan dadila, gaur egun hizkuntzen inguruan dugun eztabaida mikatza ez baita naturala. Hori gainditu beharra dago».

Zehazki, Hezkuntza Departamentuaren asmoa da «bertako bi hizkuntzek presentzia edukitzea, orain arte ez bezala; eta, hortik abiatuta, ikasleen beste hizkuntzak ezagutu, jaso eta balioan jartzea», gaineratu du Hezkuntza Departamentuko Atzerriko Hizkuntza Programen Ataleko buru Uxue Larrazak.

Horretarako, lanari ekin dio Nafarroako Gobernuak hainbat ikastetxerekin batera. Proiektuak lantzeko gida eskaini die jada, eta eredu gisa jarri dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Sortzen-ek, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak aurretik landutako proiektuak. Proiektu pilotu bat ere martxan jarri dute Uharteko Virgen Blanca eskolan.

Ikastetxeen komunitateetan diagnostikoa egitea izanen da lehenbiziko egitekoa eta, hortik abiatuta, «lau urteko ekintza plan bat» garatu beharko dute zentro bakoitzean. «Helburu batzuk finkatu behar dira, eta urteko programazio orokorrean jaso. Horrek guztiak isla izanen du hizkuntzak irakasteko metodologian», esan du Larrazak. Helburua, finean, hizkuntzen irakaskuntza hobetzea eta aberastea da. «Ez da saio kopuru eta portzentaje kontua soilik», azpimarratu du Atzerriko Hizkuntza Programen buruak. «Aldaketa kualitatibo bat nahi dugu».

Metodologia berri horrek hizkuntzen trataera bateratuan izan beharko du oinarria. Morras: «Ezinbestekoak izanen dira irakasleen arteko koordinazioa eta elkarlana». A ereduko euskara irakasle baten adibidea jarri du: «Orain arte, A ereduko eskola batean euskara eskolak ematen zituen irakasleak bere kabuz egiten zuen lan. Hemendik aurrera, edukiak eta metodologiak adostuko ditu beste hizkuntzetan ari diren irakasleekin. Horrek jada presentzia handiagoa emanen dio euskarari». Eta euskararekin batera, beste hizkuntza gutxitu batzuk ere sustatu nahi dituzte. «Jatorria atzerrian duten familia asko daude zenbait hezkuntza komunitatetan, eta hizkuntza horiek ere aintzat hartu nahi ditugu eskola horietako proiektuetan: errusiera, arabiera...». Tokian tokiko errealitatera egokitutako egitasmoa izanen da.

Oztopoak etxe barruan

Ikastetxeetako hizkuntza programak garatzeko tenorean, baina, hainbat zailtasunekin topo egin dute Hezkuntza Departamentuko ordezkariek: batetik, ikastetxe bakoitzaren errealitatea; eta bestetik, egungo Euskararen Legeak ezarritako mugak.

«Ikastetxe bakoitza mundu bat da; ez dira gauza bera Basaburuko eskola publikoa eta Caparrosokoa, nahiz eta bietan D eredua eskaini», azaldu du Ana Unanue irakasleak. Hezkuntza Departamentuko Euskararen Promozio eta Didaktika Ataleko burua da Unanue, eta buru-belarri dabil hizkuntza proiektuen egitasmoan lanean. «Ez da lan erraza. Alde batetik, gisa honetako proiektu bat ongi egin beharra dagoelako, eta horretarako klaustro osoaren eta eskola komunitate guztien inplikazioa behar dugulako; eta, bestetik, gure inguru soziolinguistikoa zaila delako. Egungo legeak, adibidez, oztopoak jartzen dizkigu». Eleaniztasuna bera ulertzeko modua ezberdina da eremuen arabera: «Zuk Tuteran elebitasun kontzeptua aipatzen baduzu, askok pentsatuko dute gaztelania-ingelesaz ari zarela».

Euskarari bizkarra emanda lan egiten dute ikasle eta irakasle askok. Horri buelta ematea kostako dela aitortu du Unanuek, eta, horregatik, ezinbestekotzat jo du malgutasuna eta tokian tokiko erritmoetara egokitzea. «Nahiago dugu mantso ibili, eskola bakoitzaren errealitatea errespetatu, eta gauzak ongi egin. Bestela, eskoletan tramite hutsa balitz bezala landuko dute hau guztia, eta ez dugu halakorik nahi. Errealitatea izanen da beti gure abiapuntua. Unean uneko argazkia. Hasieran, argazki pixelatua izanen da seguruenik, baina finduz joanen gara». Poliki, baina seguru egin nahi dituzte urratsak. Unanue: «Espero dezagun egitasmo honek balio izatea txipa aldatzeko eta hizkuntzekiko sentiberatasuna handitzeko».

BERRIAn argitaratua (2018/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA