astekaria 2018/12/14
arrowItzuli

iritzia

Arma tiro klika

Garazi Arrula Ruiz

Arma tiro klika Garazi Arrula Ruiz

Stendhalen ustez, kontzertuaren erdian pistola tiroak bezalaxe eragiten du literaturan politika agertzeak. Gogoeta horrekin hasi zuen Belen Gopeguik literaturari eta politikari buruzko hitzaldi bat, eta gero Txalapartan argitaratu, Eider Rodriguezen hitzaurrearekin. Tiroa kontzertuaren erdian hura gogorarazi zidan Korrikaren kantaren ondoko kalapitak. Abestian, La Furiak dio «arma tiro klika», eta klika horrek itxuratzen du, nolabait, kontzertuaren erdiko ezin ulertua, ikara, kaosa.

Gehiago dakitenek aztertu dute abestiaren harmonia, hor datzalakoan nahasmenaren gakoa. Hausnarketa egina dutenek ohartarazi digute bideoklipak, genero ikuspegitik, baduela zer hobetua. Horrelako kritika positiboetan geratu izan balitz kontua, ederki geundeke. Alta, erantzun katea ikusita, herri honetan aski ezaguna dugun hitz bat datorkigu burura: neurrigabetasuna.

Gatozen abestira: gustu artistikoak, gastronomikoak barne, ohitura dira hein handi batean. Deus askorik jakin ez arren, musika klasikoarekin ohiturik gaudenoi ere ezina egiten zaigu dodekafonikoak aditzea, eta horregatik ez dugu esanen putza direnik. Kritika gehienek beste hau dute atzean: hori ez da korrikarako kanta bat. Zentzu literalean ari bagara, hots, lasterka egitera bultzatzen ote duen, baliteke duda egitea. Gehienetan, baina, zentzu sinbolikoan ari gara: balio batzuk eransten dizkiogu ekitaldi horri; batzuk antolatzaileek eurek aldarrikatzen dituztenak dira, eta beste batzuk —eta hauek dira mindu direnak— geure uztakoak. Erantzuna hain izan da neurrigabea (sarean gertatu ohi denez, bestalde), horrek berak adierazten baitu erregistroaz haragoko elementuak ari garela epaitzen. Izan aurreiritzi, izan ezinikusi pertsonal, izan purismoa kausa («Eta umeengan ez du inork pentsatuko?», Helen Lovejoy dirudigu The Simpson-eko atal batean). Korrikaren (kantaren) irudi zurrun bat dugula dirudi, eta aurtengo abestiak irudi hori puskatu duela. Ezin ulertuaren ondorioz, beraz, errua egozten diogu kalitateari, twerking-ari edo konposizioari.

Niri gustatu zait kanta. Eta nori inporta zaio.

BERRIAn argitaratua (2018/12/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA