astekaria 2016/01/15
arrowItzuli

ekonomia

Eskukoa, diru zorro

Oihan Vitoria

Eskukoa, diru zorro

Diru zorroa ireki beharrik ez da izango laster ordainketak egiteko. Egunerokoan ia nahitaezko bihurtu den gailua patrikatik ateratzea aski izango da. Ez gehiago eta ez gutxiago: pagatu beharreko kopurua zehaztuta eta sakelakoa txartel irakurgailuaren gainean jarrita, edonolako finantza eragiketak egin ahalko dira. Asmo hori ahalik eta bizkorren heda dadin, buru-belarri ari dira lanean telekomunikazio enpresak eta bankuak. Sektorea zatituta egoteak, ordea, espero baino gehiago atzeratu du teknologia horren ezarpena. Eskuko telefonoarekin pagatzea ahalbidetzen duten saltokiak bakanak dira gaur-gaurkoz.

Halere, kreditu txartelik gabeko lehen urtea izan daiteke 2016a. Joera aldaketa baten isla argia da: eskualdatzen den kopuru guztiarekin alderatuz gero, diru fisikoaren erabilera bazterrekoa da ia-ia. Birtualki egiten dira orain ordainketa gehienak: sareko transferentziak eta txartelekin egindakoak dira nagusi. Eta ozeano horretan ere igeri egiten badakitela erakutsi nahi dute eskuko telefonoek.

Agenda gisa, iratzargailu gisa, entzungailu gisa, liburu gisa, GPS gisa edo kamera gisa... Eguneroko hartu-emanen parte bihurtu dira smartphone-ak, eta ordainketa sistemak ere hasi dira horretara bideratzen: txanponak eta txartelak alboratzea, eta eragiketak samurtzea da jomuga. Baina zenbat denbora beharko da sakelako ordainketak ohiko bihurtzeko? Aldaketa berandu baino lehen gauzatuko dela dio Laboral Kutxako sakelakoen bidezko ordainketen proiektuko koordinatzaileak, Mikel Arriaranek: «Epe motzean». 2018a darabilte adituek data gisa.

Eskuko telefonoekin egindako ordainketak ziztu bizian ari dira zabaltzen AEBetan, Japonian eta Europa mendebaldeko herrialdeetan. Euskal Herrian, berriz, eskuz ordaintzea da jaun eta jabe: hala pagatzen dira erosketen %84. Arlo horretan nahiko atzeratuta dabil Euskal Herria. Ez dira hainbeste urte igaro dendara sartu eta kreditu txartela onartzen ote zuten galdetzen zenetik. Joera oso bestelakoa da inguruko herrialdeetan: Frantzian, eragiketa ororen %41 baino ez dira egiten eskudirutan; Ingalaterran, %48; Herbeheretan, %40; eta Suedian, %41. Horren lekuko, zentimo bateko eta biko txanponei adio esateko neurriak aplikatzen hasiak dira EBko zenbait herrialde. Eta horiei sakelakoek har diezaiekete testigua, ordainketa sistema goitik behera aldatzeko bideari ekin baitiote dagoeneko.

Ordainketa sistemetatik hasita, NFC teknologiak (esparru hurbileko komunikazioa), QR kode bidezko ordainketak, gailu mugikorrak datafono bilakatzen duten gehigarriak... Asko eta asko dira esperimentatzen ari diren bideak. Guztiek eskudirurik gabeko diru trukea dute xede, baina horixe da biltzen dituen bakarra: eskudirua gutxitzea, eta dirua digitalizatzea.

Hurbiltze soilarekin, aski

Sakelako bitartez ordaintzeko sistemen artean, NFC teknologiak du etorkizun handiena, aurreko guztiek porrot egin ostean. Bi gailuren arteko berehalako komunikazioa ahalbidetzen du, zentimetro gutxiko tartean. Gainera, teknologia horretaz hornituta dauden gailuak hoteletako ateak irekitzeko eta bisita txartelak trukatzeko beste aplikazioekin uztar daitezke. Oraingoz, smartphone gutxik dute integratua hori.

Visa, MasterCard eta PayPal enpresek aurkeztu dituzte asmorik handizaleenak, eta gertu dituzte proposatutako sistemak sakelako sistema eragile nagusietan aplikatzeko. Jomuga bakarra da: eguneroko ordainketetan erabili ahal izatea sakelako eta tabletak. Telekomunikazio enpresa, sakelako telefonoen ekoizle eta bitartekariek ere NFC teknologiaren alde egin dute apustu. Eskukoan integratutako txartel berezi batzuen bidez, telefonoa hurbiltze soilarekin eragiketak egitea da asmoa.

Ordainketak egiteko, alabaina, NFC teknologia duen eskuko telefono batez gain, teknologia hori duen gailu berezi bat behar da saltokietan. «Ekosistema propio bat eraiki behar da dendetan. Telefonoarekin ordaintzeko, saltokietako terminalek teknologia horretara egokituta egon behar dute».

Aplikazioa ireki, gailura hurbildu eta bankuko datuak gailu batetik bestera igarota egiaztatuko da ordainketa. Kreditu txartel fisikoen premia zuzenik ez da izango, hortaz. Saltokien egokitzapen faltak, berriz, eskukoarekin edonon pagatu ezin izatea eragin du.

Erosketa egin aurretik eta erosketa egiteko orduan, finantza entitatearen eta bezeroaren artean «berehalako» hartu-emana bermatuko duela zehaztu du Arriaranek. Aldea agerikoa da eskudiru eta txartelekiko: «Pantaila eta teklatudun txartela bilakatuko da eskukoa». Diru mugarik ote duen kontsultatzea ahalbidetuko dio horrek erabiltzaileari, bat-batean. «Eta txartelean funts askirik ez balu, muga handitzeko edo erosketa geroratzeko aukera edukiko luke eskura, aplikazioaren bidez, saltokitik irten gabe».

Ez hori soilik: erosketa bat egin ostean, hurrengoetarako lortzen diren deskontuak, kupoiak, fideltasun txartelak eta gisa horretarakoak ere zuzenean gordeko dira aplikazioan, eta bezeroak ez ditu gainean eraman beharko. Abantailatzat du Arriaranek: «Ordainketaz gain, beste aplikazio batzuk txertatzeko gaitasuna ere badu».

Txartela galtzekotan, eskukoarekin blokeatzeko denbora nabarmen murrizten dela ohartarazi du Arriaranek. Alde handia da erantzuteko epean. «Batez beste, galdu eta 32 minutura ohartzen gara sakelakoaren faltaz; txartela galtzean, ordea, hamabi ordura».

Ez dago argi, haatik, gailu propioek lainoan oinarritutako sistemek adinako harrera ona izango ote duten. Aparteko egokitzapen eragozpenik ez du aurreikusi Laboral Kutxako teknikariak. Ezta Ausbanc Bankako Erabiltzaileen Gipuzkoako elkarteko Isabel Iglesiasek ere: «Ohitura aldaketa bat ekarriko du, eskukoak geurezkoak baditugu ere. Bezeroen profilaren araberakoa izango da».

Erosoa bai; segurua ere bai?

Bankuak ez ezik, beste enpresa batzuk ere ari dira teknologia hori garatzen. Samsungek eta Applek, esaterako, aurten plazaratuko dituzte euren aplikazioak Europa osoan; Applerena soilik iPhone 6S gailuarentzat egongo da baliagarri. PayPal-ek ere Interneten daukan sona erosketetarako baliatu, eta sistema hori kontrolpean hartzeko asmoa du. Sakelakoekin ordainketak egiteko beta ere eman nahi du, txartela posta elektronikoarekin lotuta. Zuzenean telefonoarekin edo QR kodearekin egitea proposatu du, baina lehiakortasuna oso zurruna da sektorean: erraztasuna, erosotasuna eta segurtasuna ipini dituzte enpresek parez pare. Asko dago jokoan.

Sakelakoentzako ekoizle nagusiak aspalditik ari dira ordainketen sistema iraul dezakeen NFC teknologian inbertitzen, baina gibelatu behar izan dute ezarpena. Segurtasuna ehuneko ehunean bermatzea da kezka nagusietako bat, eta horri konponbidea eman nahian dabiltza Laboral Kutxan: «Erabateko segurtasuna lortzea da xedea, baina ez da erraza; txartelekin ere ez da beti lortzen. Hori bai, segurtasuna ehuneko ehunean bermatu arte, ez dugu sakelako ordainketak egiteko aplikaziorik merkaturatuko». Arriaranek ziurtatu du sakelakoarekin pagatzeko sistema kreditu txartelena «bezain fidagarria» izango dela. «Gutxienez, txartelen adinakoa; finean, txartelen sistema egongo delako guztiaren oinarrian».

Bezeroarekiko zerbitzu sinple eta erabilerraza ziurtatzea lehentasun gisa jarri du Iglesiasek, eta Visa eta Mastercardi prozesuaren lema ez hartzea egotzi die Arriaranek: «Sakelako operazioak homologatzeko egitasmorik ez dute abiarazi, eta protokolorik ezean, ezin dugu zerbitzurik eskaini».

Erronka beste bat da, dena dela. Duda-mudak ugariak dira oraindik, eta airean da teknologia hori saltokietan egokitzeko era. Urratsak egiten ari dira banku gehientsuenak, baina dendariak ez daude erabat alde, eta egokitzapenak luze jo dezake. Sakelakoen bidezko ordainketek, izan ere, inbertsio gehigarriak egitera derrigortuko lituzkete saltzaileak, eta kopuru handiei egin beharko liekete aurre moldaketan. Bankuek, halaber, ez dituzte galdu nahi komisioak eta bezeroekin duten bitartekaritza funtzioa. Egokitzapenak ez lieke mesederik egingo, baina Arriaran baikor da: «Zerbitzuaren araberako kuota bat kobratuko da komisioen ordez».

Gero eta ohikoagoa da, oro har, sakelakoetara jotzea. NFC teknologia probatzen dihardute euskal banku eta saltokiak, eta Bilbomatica aholkulari enpresak, adibidez, sakelako ordainketak kudeatzeko saila du sortua. «Txartelei lekua hartzeko prest egoteak ordainbideak aldatuko ditu». Esplikatu du proportzionalki ezarriko dela sistema hori, oraindik bezeroen %6k soilik erabiltzen baitute telefonoa ordainketak egiteko.

Bi urte barru erosketen %50

Aurten, bi joera gailentzen hasiko direla deritzote adituek: batetik, eskuko telefono bidezko ordainketak garatuko dira; eta bestetik, norbanakoen arteko transferentziak ugarituko dira, betiere sakelakoak bitartekari gisa hartuta.

Merkealdiko erosketak eskudirutan edo kreditu txartelen bidez ordainduko dira Euskal Herrian. Badirudi, edonola, sakelakoak esparrua jango diela aurki kreditu txartelei. Ez da askorik falta txartelen ordez smartphone-ak dendetako eguneroko elementu bilaka daitezen. Aldaketa aurreikusi baino bizkorrago gauzatuko da. Gartiner aholkulari taldeak egindako ikerketa batek egin du iragarpena: bi urte barru, salerosketen %50 eskuko telefonoekin ordainduko direla nabarmendu du. Betiere jo puntua 2020an jarrita: ordurako, ordainketa gehienak sakelakoarekin egitea espero du.

BERRIAn argitaratua (2016/01/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA