bizigiro
Zenbat diru duzu zuk?
Lander Arretxea
Maiz aurpegiratu dioten gisan, diruari buruzkoa da David Broncanoren elkarrizketa aurreikusezinetan jakintzat eman daitekeen galdera bakarra; behin ere huts egiten ez duena: «Zenbat diru duzu zuk?». Gonbidatu batzuek itaunari izkin egiteko modu ez-originalegiak bilatzen dituzte; beste batzuek jabetzekin lotutako datu anbiguo samarren bat aipatzen dute; eta bakarren batek, itzulinguru parearen ondoren, egiazko datua izan daitekeena ematen du. Kasu denetan da begi-bistakoa gonbidatuaren deserosotasuna; aitorpenak erabat biluziko dituen sentsazioa. Susmoa dut, ordea, deserosotasuna puztu egiten dela poltsikoko kopuruaren tamaina handitu ahala. Dagokiena baino gehiago dutela uste dutenei eragiten diela, batez ere, beldurra eta kezka. Ez baitut nik konplexu handirik kontuan 600 euro eskas eta kooperatiba batean 5.000 euro besterik ez dudala aitortzeko.
Ariketa Euskal Herriko telebistetara ekartzeko modukoa da; Gure Kasa saiora, esaterako. Hartara jakingo genuke zenbat diru (eta jabetza) duen Imanol Agirretxek; zenbat Kattalin Minerrek; zenbat Andoni Ortuzarrek; zenbat Koldo Almandozek; zenbat Ane Irazabalek; zenbat Maider Undak; zenbat Jose Luis Kortak; zenbat Izaro Andresek. Nago horren berri izateak irauliko lituzkeela zenbait aurreiritzi; azalduko lituzkeela makina bat erabaki; salatuko lituzkeela bestela itzalpean geratzen diren kultur politiken —eta bestelakoen— ondorio desorekatuak. Kultur industriako prekarioenak maiz sortzaileak diren herri honetan, oso bestelakoa baita argazkia diruari begiratzen zaionean. Gutxi hitz egiten dugu diruaz. Horrek mesede nori egiten dion kontuan hartuta, gutxi ez, gutxiegi.