mundua
VILMA NUñEZ DE ESCORCIA
«Ortega iraultzarekiko traidoretzat daukate gehienek»
Virginia Enebral
Mehatxuak eta jazarpenak ekarri arren, neutralak ezin garela izan diozu atergabe.
Beti. Giza eskubideak arriskuan daudenean, ezin gara itzulinguruka ibili. Urraketei egunero aurre egiten diotenak babestuak eta ahaldunduak sentituko dira horrela.
2015ean kanalaren eraikuntzaren aurkako manifestariek jasan zuten errepresioa ikusita, 2016a urte kaskarra izango zela iragarri zenuen. 2018an etorriko zena imajina zenezakeen?
Daniel Ortegaren gobernuaren giza eskubideen urraketak salatzen nituen arren, ezin nezakeen aurreikusi izan den errepresioa; batez ere, zitalki kalkulatuta izan delako. Hilketa deitzen genion, baina hau sarraski estrategia hutsa da. Apirilaren 19an, ikasleria kalera atera zen Gizarte Segurantzaren erreformaren aurka protestatzeko. Gazteria Sandinista izan zuten aurrean. Hasieran, horien erasoak onartzen zituen Poliziak; ondoren, ikusle izateari utzi, eta aktore bihurtu eta tiroka hasi zen gomazko balekin. Bat baino gehiago begirik gabe geratu zen. Ez zuten limurtzeko erabili, baizik eta mina eragiteko. Egoerak txarrera egin zuen orduan. Ikasleak unibertsitateetan sartu zirenean benetako munizioa erabili zuten. Zaurituak eta hildakoak izan ziren, baina inoiz ez dugu jakingo zenbat, Ortegaren estrategia orduan agertu baitzen. Gobernuak poliziak eta parapoliziak ez ezik, osasun zerbitzuak ere erabili zituen, eta Leonen zein Managuan ospitaleak itxi zituen. Horregatik, zauritu asko hil ziren. Ez da giza eskubideen urraketa bat izan, delitua baizik. 300 hildako baino gehiago. Ezinezkoa da hori ordaintzea.
Somoza diktadorea kanporatu zuen lider sandinista da Ortega. Eragina al du horrek Nikaraguako herria bere gobernuarekin kritikoa izateko?
Hasieran, agian, baina dagoeneko jendea sinetsita dago. Costa Ricako enpresa batek egindako inkestak dio biztanleriaren %30 eskas batek duela iritzi ona. Gehienek iraultzarekiko traidoretzat dute jada.
Zein garai da okerrena, Somozarena ala Ortegarena?
Somozismora bueltatu gara. Diktadura hori jasan nuen, preso politikoa izan nintzen, eta torturak pairatu nituen. Eta, hala eta guztiz ere, ez zen gaur egun dagoen botere judizialaren suntsipena gertatu. Ez dago giza eskubideak errespetatuko diren inongo bermerik. Nahieran atxilotzen da, bidezko defentsa edukitzea ezinezkoa da, 6 eta 90 urte arteko espetxe zigorrak ezartzen dituzte. Hau, izan ere, beste errepresio bide bat da: militarra, poliziala, osasunarena eta orain judiziala.
Ia 40 urte geroago, historia errepikatzen dela dirudi. Lider sozialista batengan konfiantza izan ahalko du Nikaraguak berriro?
Ez ditut etiketak jarri nahi, nik neuk huts egin dudala sentitu baitut. Iraultza Sandinista ez zen iruzur bat izan; iraultzaren ideiei traizio egin diena Daniel Ortega izan da. 1990ean hauteskundeak galdu zituenean, FSLNko buruak joan egin ziren. Tomas Borge, Bayardo Arce eta bera baino ez ziren geratu. Handik aurrera, boterea zentralizatuz joan zen, eta gobernua berreskuratzea obsesio bihurtu zen. Erabat hautsi zuen printzipioa «txiroa» izatearena izan zen. Nikaraguako pertsona aberatsenetariko bat da gaur egun, ustelkeria eta jabetza bidegabeari esker.
Botere politikoa eta ekonomikoa protestak kriminalizatzen ari da giza eskubideen defendatzaileei erasotzeko. Nola egiten diozue aurre?
Daniel Ortegaren gobernua eta Ortega presidentea bera giza eskubideak urratzen dituztenen zerrendan sartu dira jada. Nikaraguan ez dago defendatzaileak babesten dituen legerik, eta botere judiziala manipulatua dago. Hortaz, hiltzen ez bagaituzte, iraindu eta kriminalizatu egiten gaituzte. Errepresio testuinguru honetan, delitu berri asko tipifikatu dituzte; esaterako, onartu duten lege antiterroristan, ekintza asko terrorismotzat hartzeaz gain, terrorismoaren finantzaketa agertu da. Horren arabera, protestan parte hartzen ari den pertsona bati kafe bat eramatea finantzaketa izan liteke.
Larriena botere judizialaren manipulazioa al da?
Kirtenkeria hutsa da. Halere, ez gintuen ustekabean harrapatu. 2000n, Ortegak Arnoldo Alemanekin ituna egin zuenean, ustelkeria, independentziarik eza eta alderdikeria heldu ziren. Konstituzioa erreformatu zuen botere kuota bereganatzeko; hots, botere judizialean ordezkaritza izateko. Ondorioz, justizia egiten zuten epaile zuzenak desagertu ziren.
Abokatu gisa, zein tresna geratzen zaizkizu?
Baliabide guztiak agortu direnean, nazioarteko eskumena duten auzitegietara jotzea baino ez dago. Gertuena guretzat CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra da. Prozedura luzeagoa da, baina izaera loteslea du. Gobernua epaia betetzera behartuta dago. Hala eta guztiz ere, Nikaraguako Gobernuak ez ditu inondik ere giza eskubideak errespetatzen, ezta nazioarteko hitzarmenak ere. Neuri eta Cenidh giza eskubideen Nikaraguako zentroari ez digute uzten epaiketak ikusten eta espetxeetan sartzen ere. Ez digute erantzuten. Joera horrek inpunitatea dakar. Giza eskubideen erabateko urratzea da.
Nolakoa da emakumeen parte hartzea herri mugimenduen erresistentzian?
Funtsezko partaideak dira. Gizonekin batera daude borroka hau bultzatzen. Somozaren aurkako iraultzan ere oinarri izan ziren, baina, Fronteak irabazi zuenean, bigarren mailara pasatu ziren. Eduki zuten parte hartzea ez dator bat gero izan zuten ordezkaritzarekin.
Abortua debekatuta dago edozein kasutan Hondurasen, El Salvadorren, eta, 2006tik aurrera, baita Nikaraguan ere.
Une hori arte, abortu «terapeutikoa» geneukan; hau da, osasunarekin zerikusia zuten zenbait arrazoi onartzen ziren. Baina, 2006an, Ortegak Miguel Obando y Bravo kardinalarekin itxitako akordio baten ondorioz, FSLNko diputatuek zigor kodearen erreforma baten alde bozkatu zuten, eta haurdunaldien etenaldia erabat debekatuta dago harrezkero. Konstituzioaren kontrakoa zela-eta helegite bat jarri genuen, eta, hamar urte geroago, ez dute oraindik ebazpenik eman. Botere judizialaren alderdikeria argi eta garbi ikusten da.