iritzia
Kontraesanean, akuilu
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Ez dut horrekin asmorik Durangoko Azokaren kritika besterik gabe egiten hasteko; horretarako, bada lehendik bertso sorta bikain bat, Sarasua anaiena. Perlarik perla erakusten diguna gure handitasunaren handiustekeriaren arriskuen kontraesana: puntu batzuk arrantzatzearren, eta aurrekoei erreferentzia eginez, «Liburua dugulako/ kultura goren mailako/ besteak beste estanteritan egoten dalako, Estanterien tamaina/ kultur neurtzaile bikaina edota Hauxe da gure egia/ arkaitzpeko orlegia/ behi sakratuen mantenurako larre motxegia».
Horiez gain, bertze mila kalte topatu dizkiot joan den aste honetan: hainbeste jende toki bakarrean aglomeratzearen itolarria, edota haren aitzakian beti bezala aitzakiarik behar ez duten parranda horietako bat egitea, besteak beste. Baina ajeak pasatuta, pentsatzen aritu naiz, Durangok, izatekotan, baduela zerbait ona itxuraz nardagarri diren beste hitzordu (hala lehiaketa, emanaldi, jaialdi...) batzuek ere badutena: akuilu izatea. Ezen, ez baitakit Harkaitz Canok, baina beste askok agian ez genukeen liburua, urtekaria edo diskoa bukatuko, ez balitz abenduko lehenengo asterako Anboto azpiko larrean euskal behiak kulturaz alha daitezen egon behar zuelako. Kontraesanean ere, akuilu delako.