astekaria 2018/12/14
arrowItzuli

politika

Apaizen matxinada

Gotzon Hermosilla

Apaizen matxinada

Seguru asko, euskal apaizek 60ko hamarkadan abiarazitako mugimendua da frankismoaren kontrako borrokaren historian pasarterik berezienetako bat. Hura gabe, nekez uler daiteke urte haietan Euskal Herriko panorama politiko, sozial eta kulturala inarrosi zuen olatua. Mugimendu hark utzitako lorratz sakona oso bizirik egon zen trantsizioaren garaian eta ondoko urteetan, baina, gero, memoriaren auzietan askotan gertatzen den legez, belaunaldien arteko etena suertatu zen, eta Franco hil ostean jaiotako euskal herritar askok ez zuten jakiteko modurik izan frankismoaren garaian apaizek gose greba egin zutela erregimenaren kontra, edo Espainiako Estatuak kartzela bat atondu behar izan zuela preso hartutako abadeak atxiki ahal izateko.

Euskal apaizen epopeia hura itzaletatik atera da azken urteotan. Angel Zelaietak eta Edorta Jimenezek koordinatutako Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta estatuaren presondegia (1968-1976) liburua, 2011n plazaratua, Julen Kaltzadaren Umezurtzen aberria autobiografia (2017), Xabier Amurizak azken urteotan idatzitako eleberriak, bereziki oraindik orain argitaratutako Neska bat leku inposiblean (2018) eta beste lan batzuk balio handikoak izan dira horretarako. Eta, luze gabe, ikus-entzunezkoen atalean ere egongo da ekarpenik ahanzturaren kontrako borroka horretan.

Joan den azaroan 50 urte bete ziren euskal apaizen matxinada haren atal garrantzitsuenetako bat gertatu zenetik: 60 bat abade Derioko (Bizkaia) apaiztegian sartu eta han itxialdia egin zutenekoa, alegia. Ez zen hura euskal apaizen lehen protesta ekintza; azkena ere ez zen izango, eta, protesta horien ondorioz, frankismoak Zamorako espetxea (Espainia) atondu behar izan zuen preso harturiko apaizak atxikitzeko. Baina Derioko hura mugarri izan zen oldartze prozesu horretan.

Susperraldi orokorra

Abadeen mugimendua ezin da ulertu Euskal Herriak 60ko hamarkadan izan zuen suspertze politiko, sozial eta kulturalaren testuingurutik kanpo: lehenengo ikastolak, Ez Dok Amairu mugimendua, kooperatibak, ETAren jardueraren sendotzea, Elizaren abaroan sorturiko Herri Gaztedi taldeak eta abar. Frankismoak ezarritako giro itogarriari buru eginez, susperraldi hark hamaika arlo izan zituen, eta, herri askotan, apaizak, batzuk behintzat, ez ziren oldartze kolektibo horretatik aparte ibili.

Josu Barandika izan zen apaiz horietako bat. Dioenez, apaiz belaunaldi hura «etxean eta herrian entzun eta ikusitakoaren lekuko» izan zen, eta apaiztegitik atera eta herrietan jardunean hasi orduko engaiatu ziren gainerako herrikideen borrokan: «Herritarrak ginen, gazteak, hogei urte lehenago suntsitutako herri baten semeak, herri biziberritzearen hastapen haiekin sentiberak. Hainbat arlotan zapaltzen gintuztelako kontzientzia osoa genuen».

Baina, era berean, abadeak ere baziren. «Elizak indar eta eragin handia zuen herriaren aurrean; kasu honetan, txarrerako. Eliza diktaduraren menpe zegoen, eta haren babesa zen. Horren guztiaren eraginez, abadeok saiatu ginen gure sen guztia jartzen zapalduen alde. Herritarrak izanda, Elizaren sinergiaz baliatu ginen».

1960koa da 339 apaizek sinatutako lehenengo eskutitza, torturak, zapalkuntza egoera eta Elizak diktadurari emandako babesa salatzen zuena, baina mugimendua asko azkartu zen 1968tik aurrera —abagune politikoa ere azkartzen zihoan neurri berean—. Uda partean, apaizek birritan okupatu zituzten Bilboko gotzaindegiko bulegoak, eta ordurako mugimenduak izena ere bazuen: Gogor edo Gogortasuna taldea —lehenengo izena ezagunagoa izan zen herritarren artean—, haien leloa Gogorkeriaren aurka, gogortasuna zelako.

Mugimendua osatzen zuten apaizek bilera batzuk izan zituzten Bilboko Gotzaintzako ordezkariekin, baina laster ikusi zuten ezinezkoa zela jarrerak hurbiltzea: apaizek frankismoarekin zuten lotura leporatzen zioten Elizaren agintariei, eta horien erantzun bakarra zen «obedientzia» eta «politika egiteari uzteko» eskatzea.

Horiek horrela, eta kalean jazarpenak, atxiloketek eta torturek etenik ez zutela ikusita, «urrats gogorragoa» egitea erabaki zuten apaizek, «oihartzun handikoa» izango zena. Barandikaren hitzetan, «bozgorailu indartsu bat behar genuen, egonkorra, batzar iraunkor eta eraginkorra egiteko aukera emango ziguna». Eta Derioko apaiztegia hartzea eta han irautea pentsatu zuten.

Azaroaren 4an, 60 apaiz inguru sartu ziren apaiztegian, 16:00etan. Apaiz bakoitzak mila pezeta eraman behar zituen han egotearen gastuei aurre egiteko: horregatik, 4-4-1.000 operazioa izena jarri zioten hari.

Lehenago, lantaldeak eratuak zituzten, itxialdiak ekarriko zituen zereginak banatze aldera: apaiztegiko arduradunekin hitz egin behar zuen taldea —bertako ikasle zein irakasleei ahalik eta trabarik txikiena sorrarazteko helburuz—, komunikazioaz arduratuko zena, Vatikanora bidali beharreko agiria idatzi behar zuena, jatekoez eta gainerakoez arduratuko zena, eta abar. Poliziak apaiztegia inguratu arren, ezin izan zuten protesta oztopatu.

Hala ere, itxialdia prestatzen ibilitako guztiak ez ziren lehenengo momentutik sartu apaiztegian, beste lan batzuk ere egin behar zirelako. Barandikak dioenez, «beldur ginen Polizia oldartuko ote zitzaigun, eta, badaezpada, azkar ibiltzea erabaki genuen». Barandika bera eta Juan Mari Arregi Lapurdira joan ziren —lehenago Piarres Xarritonekin adostu bezala—, eta hurrengo egunean Europako hedabide askoren arreta erakarri zuen prentsaurrekoa egin zuten, Angelun (Lapurdi). Arregi bera eta Martin Olazar Vatikanora ere joan ziren, Paulo VI.a aita santuari ekinbidearen arrazoiak azaltzen zituen gutuna ematen saiatzera. Itxialdiak iraun zuen bitartean, Erromarako beste bidaia bat egin zuten, orduan Martin Orbe ordezkari zela.

Eliza ofizialaren erantzuna berehala iritsi zen: Pablo Gurpide gotzainak suspensio a divinis ezarri zien itxialdian parte hartu zuten abade guztiei: hots, apaiz gisa jardutea galarazi egin zien. Gurpide handik gutxira hil zen, azaroaren 18an, artean apaizak Derion zeudela. Horrek bide eman zion orduko prentsa frankistari argitaratzeko «abade traidoreek apezpikuari nahigabea emanda hil» egin zutela. Santanderko (Espainia) gotzain Jose Maria Zirarda administratzaile apostoliko izendatu zuten behin-behinean, eta hura saiatu zen protestari amaiera ematen Gurpidek jarritako zigorra kenduz, baina arrakasta handirik gabe.

Azaroaren 26 aldera bukatu zen itxialdia. Barandikak dioenez, «hura ez zen amorea ematea izan, baina ikusi genuen han jarraituta ez genuela zereginik, eta lortu genuela gure borroka eta salaketa mahai gainean jartzea».

Horrekin amaitu zen itxialdia, baina ez apaiz antifrankisten matxinada. Hurrengo hilabeteetan errepresioa gogortu egin zen, eta gogorkeriaren aurka, apaizen erantzunaren gogortasuna ere neurri berean areagotuz joan zen. 1969ko maiatzean, Derioko ekintzan parte hartutako bost apaizek —Nikolas Telleriak, Alberto Gabikagogeaskoak, Josu Naberanek, Julen Kaltzadak eta Xabier Amurizak— Bilboko Gotzaindegiko bulegoak hartu zituzten, han gose greba egiteko asmoz; poliziak atxilotu, auzitegi militar baten aurrera eraman, eta Zamorako espetxera bidali zituzten.

Apaizak atxikitzeko kartzela bereziarena ez zen kontu berria —Gabikagogeaskoak inauguratu zuen, 1968ko uztailean estreinako aldiz espetxeratu zutenean—, baina esan daiteke bost apaiz horien espetxeratzearekin hasi zela abade matxinoaren epopeiaren beste kapitulu bat: Zamorako kartzelarena, 1976ra arte iraun zuena —Kalzada izan zen kartzela uzten azkena— eta hainbat pasadizo gogoangarri utziko zuena, porrot egindako ihesaldia barne.

Itxialdia edo okupazioa

«Nik beti esan dut hura Derioko itxialdia izan zela, baina aurrekoan lagun batek esan zidan, itxialdia baino gehiago, hura okupazioa izan zela, eta konbentzitu ninduen, nahiz eta badakidan denak ez daudela ados horrekin», esan du Juan Mari Zulaikak. «Okupazio edo espetxealdiaren arrazoia izan zen batu egin ginela herriko borrokarekin, herriko borrokan sartu ginen, eta horretan parte hartu genuen; eta ondorioak sufritu behar izan genituen».

Okupazioa zein itxialdia izan, Deriokoak beste opari eder bat utzi zuen: Gogor izeneko diskoa. «Diskoaren ideia ez zen itxialdian bertan sortu, han beste buruhauste batzuekin genbiltzalako», azaldu du Xabier Amurizak, «baina amaitu zenean pentsatu genuen ondo egongo zela testimonio moduko bat uztea».

Zornotzako (Bizkaia) karmeldarren komentuan grabatu zuten, modu klandestinoan, Jose Antonio Retolazaren laguntzaz. Diskoaren abestiak meza baten moduan egituratuta daude, «mezako pasarte liturgikoak, baina gure edukiekin atonduak», eta, horiekin batera, garai hartan ezagun bilakatzen ari ziren protesta kantu batzuk ere sartu zituzten.

Diskoa Ipar Euskal Herrian argitaratu zen, eta modu klandestinoan Hego Euskal Herrian banatu. Eleiza pobrea, Iltzalle bat bezela, Egun da Santimamiña, Iñok nai ba'dau eta beste kantu batzuk oso ezagunak izan ziren garai hartan Euskal Herriko bazter askotan, eta Derion izandako protesta haren lekukotza ederra utzi zuten gerorako.

Maluta Films ekoiztetxea ere ari da lekukotza bildu nahian; kasu honetan, Zamorako espetxeaz eta ikus-entzunezkoen arloan. Dokumental bat ari dira egiten, behin-behinean Zutik daukagu arbola izenburua duena, eta oraindik dokumentazio fasean dagoena. Datorren urtean ikusgai egotea espero dute.

«Historiaren pasarte hau ez da oso ezaguna», esan du Malutako Ritxi Lizartzak. «Dudarik gabe, belaunaldien artean gertatu da eten bat, eta horrek ekarri du gaur egungo gazteek honen berririk ez izatea».

BERRIAn argitaratua (2018/12/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA