kultura
Marikek dute errua!
Juanjo Olasagarre
Karikaturarako joera dudanez, eta marika naizenez, titular honetan laburbilduko dut Zizeken liburua, eta bai, irakurri gabe diot, Bernabérena: Marikitok dugu iraultzaren porrotaren errua! («Emakumeek duzue iraultzaren porrota!» ere izan zitekeen). Egun lau haizetara dabilen argumentua, izan, katalan independentistek baitute Voxen igoeraren errua.
(Barkatu, baina badakizue, titular batek asko saltzen du, eta artikuluan aurrera egiten laguntzen du). Zizekek dio, askatu beharreko subjektua horrenbeste ugaldu, aniztu eta narrastu dela, ezen ez baita subjekturik gelditzen askatzeko; beraz espazio hori hutsik dago, eta gehitzen du Bernabék, neoliberalismoak bete du. Zizekendako kapitalismoak irentsi ez duen kategoria politiko bakarra klasea denez, klase borroka planteatzen du ezkerraren bandera bakartzat. Bernabék, ildo beretik, klase kontzeptua eta klase borroka berreskuratzea proposatzen du.
Nik ez dut nire burua Zizekekin eztabaidatzeko adina ikusten, Bernabéri —ni bezalako malapartako? analista iruditzen zait, besteren ideiak irentsi eta diskurtso narrasa ahoskatzen duen sabeliztuna— zera planteatuko nioke: eta orduan nik uko eginen diet nire beste errebindikazioei, eta askatuko naiz, borroka egin ondoren, langile moduan, eta gero, ja, ongi badator marika gisa eta euskaldun gisa?
Zizekek ez du azaltzen klase borroka hori nola gertatuko den, zein hizkuntzatan, non lurraldeturik izanen den; Bernabék, ordea, iruditzen zait esparru espainola planteatuko duela; eta, beraz, euskalduna baztertu beharreko kategoria izango da, euskalduna izatea identitate bat izatea baita.
Hartara, Laclauk Zizeki egiten zion galdera egin ahal zaio Bernabéri ere: orduan, langile bat ordu orotan da langile gizartean betetzen dituen une eta posizio guztietan zehar? Berak dioen bezala, kapitalismo berantiarrari talka gehien egiten dion kontradikzioa kapitala versus lana dela onarturik, gaur egun bien arteko mugen lausotzeak ezabatu egin du kontradikzioa, ez marika, emakume, immigrante eta abarren politika identitarioek, diot nik Bernabéren tesiaren kontra; alegia, non daude langileak krisian dauden enpresak kenduta, eta horiek ere greban dauden bitartean. Ez daude. Eta daudenean, Trumpi, Bolsonarori eta Santiago Abascali bozkatzen diete askok. Beraz, XX. mendeko klase borroka tradizionala planteatzea, subjektu bakarrean, ezkerraren elkargune eta armatze estrategiatzat, fetitxista iruditzen zait, analisi exkaxa izateaz gain.
Ezkerra galduta dagoenez, talde, identitate politiken kontra jotzen du, argudiatuz bere burua zuritzeko erabiltzen dituela liberalismoak. Baina gizajendearen bizitzan baldintza ekonomikoak, prekaritatea, kapitalarenganako errenta transferentzia, langileen eskubideen desagertzea, langile gizon heterosexual industrialaren baitan haragituz ez goaz inora, emakume langile eta marika langilerik ez balego bezala. Jokaldi hori egina dago, eta horretara itzultzea proposatzea denborak atzera egitea proposatzea da. Baina beno, liburua irakurri ez dudanez... isildu egin behar nuen.
(Artikulua idatzi ondoren erosi dut liburua, eta gauza txukun batzuk badituela onarturik ere — zuzentasun politikoak sortzen dituen dinamiken azterketa esaterako—, uste baino kaskarragoa iruditu zait: Espainiaren arazo nazionala ez du aipatu ere egiten kapitalaren ez-nazionaltasunari nazioetatik erantzungo ez balitzaio bezala; aniztasuna (emakumeak, marikitak, lesbianak, ijitoak...) «gehiegizko agerpen sozialetik» desagerturik, hutsik utzitako espazio hori langileek berez —magiaz ere esan daiteke—, beteko dutela ulertzen da liburuan; langiletasuna identitate moduan ageri da, eta ez plusbaliak posizio horretan jarri duen talde bateko partaide bezala; feminismoaren hainbat helburu gauzatzeak eragingo lukeen inarrosaldi ekonomikoa ez du aipatu ere egiten eta, harrigarriena, liburuan zehar ez dira, inondik ere, Zizek ez haren liburua ageri. Badakizue, zuek askatu lehendabizi langile (espaiñol izango da) moduan, eta gero ja sieskaso askatuko zarete marika moduan, emakume moduan, euskaldun moduan... Ikaragarri saldu omen du.