astekaria 2018/12/14
arrowItzuli

ekonomia

Bulegoetatik karriketara

Ekhi Erremundegi

Bulegoetatik karriketara Ekhi Erremundegi

Erabaki dute sindikatuek: ez da greba orokorrik izanen. Ostegunean bildu ziren Jaka Horien mugimenduari begira jarrera bat adosteko. Testu amankomun bat argitaratu zuten, «bortizkeriak» gaitzetsi eta hitz erdika Frantziako Gobernua negoziatzera deitzeko. Ez dute, haatik, «ekintza bateraturik» aurreikusi, eta ez dute aldarrikapen bateraturik adostu. CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, UNSA eta FSU sindikatuek izenpetu dute testua. Solidairesek uko egin dio, adierazpena «jokoz kanpo» dagoela ebatzita: «Sindikatuek erabaki dute urgentea dela ezer ez egitea». Greba orokorrera deitzea nahi zuen Solidairesek, «lansari igoerak eta eskubide sozialak» eskuratzeko. Gainerako sindikatuek ez diote jaramonik egin. «Eremu sindikalean» geratu nahi izan dutela azaldu du FO sindikatuko Yves Veriek, eta gobernuari dei egin dio negoziazioak hasteko. Philippe Martinez CGTko idazkari nagusiak ere uko egin dio Jaka Horien mugimenduarekin bat egiteari: «Gurekin hitz egiteari uko egiten dio gobernuak, baina norekin mintzatuko da? Biziki nardatuak dira», adierazi du, Le Monde egunkarian.

Mezua argia da: sindikatuek Jaka Horiekin sortutako mugimendua baliatu nahi dute gobernua negoziatzera behartu, aitzinamendu sozial batzuk lortu, eta azken urteetan herritar anitzengan galduz joan diren prestigioa berreskuratzeko. Baina zer negoziazio? Zer aitzinamendu? Indar harremana ez dago sindikatuekin, Jaka Horiekin dago. Eta, hiru astez, sindikatuek azken urteetan lortu ez dutena kausitu dute: gobernuak gibel egin eta neurriak bertan behera gelditzea.

Zerbait gertatzen ari da Frantzian. Zerbait berria. Irrigarria egin zitzaion bati baino gehiagori hasierako irudia; anitzek ez zieten serioski begiratu Jaka Horiei, anitzek ez genituen serioski hartu. Nor dira? Zer nahi dute? Nola antolatzen dira? Zer ideologia dute? Galdera horiei erantzuten entseatu dira nagusiki, azken hiru asteetan, Frantziako hedabide gehienak. «Edozein mobilizaziotara goazelarik, beti bada aurpegi ezagunen bat. Biriatuko ordainlekuaren blokeatzean, ez nuen inor ezagutzen; inor ere ez», zioen France 3 telebistako Baionako kamerari batek, aste honetan. «Lehen aldia zen kazetariek ez zutela mobilizazioaren antolatzaileen telefono zenbakirik», aztertu du Jean Yves Camus IRIS institutuko ikerlariak Arret Sur Images telebista emankizunean.

Zergen kontrako diskurtsoa eta ingurumenaz arranguratu gabe autoa nahieran erabiltzeko eskubidea agertu ziren hasieran. Edo horrela irudikatu zen, behintzat. Eskuin muturrak izan zezakeen tokiaz ere arrangurak izan ziren, eta izan dira eskuin muturraren adierazpenak mugimenduaren barnean. Baina hedabideetan hitza eman dietelarik, bestelakorik aipatu dute Jaka Horien izenean lekukotasunak eman dituztenek: hilabete bukaerara iristeko zailtasunak, gastatzen duten euro bakoitza kontatzeko beharra, zerbitzu publikoen eskasia, botere politiko, ekonomiko eta mediatikoaren eta herritarren artean dagoen arrakala... Demokrazia gehiago eta aberastasunen banaketa hobea eskatzen dituzte. Sistemaren eraldaketa sakona, funtsean.

Eta haserrea erakustera karrikara atera dira, manifestatzeko eskubiderik eskatu gabe, sare sozialetatik autoantolatuta, liderrik gabe, Parisko bulegoetan hartzen diren erabakietatik urrun.

Abagune bat da ezkerrarentzat, eta batzuek ulertu dute. Azken asteetan deialdiak ugaritu dira, Jaka Horiekin, edo haien ondoan karrikara ateratzeko. Ikasleak, trenbideetako langileak... Greba orokorrerako deialdirik ez izanagatik, sektore anitzetan ari dira karrikara ateratzeko deia egiten, giro soziala baliatu eta Frantziako Gobernuari hordagoa botatzeko. Alderdi eta sindikatu egituretatik at sortutako mugimendu bat ez dute alderdiek eta sindikatuek ordezkatuko, baina osagarriak izan daitezke, lagundu dezakete. Ezkerrak eginen ez balu, beste batzuek egin lezakete.

BERRIAn argitaratua (2018/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA