astekaria 2018/12/14
arrowItzuli

gizartea

«Ordura artekoarekin ez zuen zerikusirik»

Arantxa Iraola

«Ordura artekoarekin ez zuen zerikusirik»

Diktadura aroan hazi ziren biak, euskal kultura basamortu bihurtuta ikusteagatik hanpa-hanpa eginda zegoen aginte sistema hartan; Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, Gipuzkoa, 1938) eta Kontxita Beitia (Pasai Antxo, Gipuzkoa, 1940). Biak, maistra ikasketak amaitu berri, Elbira Zipitriarekin trebatzen aritu ziren, eta unibertso berri bat zabaldu zitzaien harekin: inoiz ikusi gabea. Harekiko miresmena bizi-bizi dute oraindik. Mitxelena: «Ordura arte ikusitakoarekin ez zeukan zerikusirik han ikusi nuenak: beste mundu bat zen». Beitia: «Harrituta geratu ginen: erabat. Zer-nolako tresnak erabiltzen zituen, esaterako, matematika ulertarazteko». Ikasgaien oinarrizko kontzeptu asko, ariketak egiteko «mekanikaz» harago, haren ikasgelan jaso zituztela onartzen dute. Beitia: «Ni konturatu nintzen ondo-ondo-ondo zer zen zatiketa bat Mandubiko bidezaina erakutsi zuenean». Ipuintxo bat da, umeei kontatzen ziena, horren bidez era argian uler zezaten zer ziren zatiketak: kontzeptua bera. Bere ondoan urtebeteko praktikaldia egitera behartzen zituen Zipitriak andereño gazteak, eta harenaren tankerako etxe-eskolak irekitzen hasten ziren gero. Maistra izateko ikasketak amaitu berri, malas maestras españolas izan ohi zirela esaten zien sarri [maistra espainiar txarrak]; antzaldatu egin nahi izaten zituen, hark buru-bihotzetan zuen eskola eredurako irakasle egokiak izan zitezen.

Harriduraz oroitzen dituzte gaur oraindik haren ondoan bizi izandakoak. Mitxelena: «Oso eskola bizia egiten zuen. Esaterako, esaten zuen ume horiek ez zekitela goizean hartzen zuten kafesnea nondik zetorren. Orduan, haiek hartuko zituen, eta Bretxara joango zen; hango baserritarrari litro bat esne hartuko zion, eramango zuen etxera, bere sukalde xahar hartara eramango genuen, esnea irakiten jarri, eta denak hantxe begira; gero hartzen zuen kafea, ehotzen zuen, eta kafesnea egiten zuen». Prozesu osoa jarraitzen zuten ikasleek. «Hurrengo batean, ibilaldi bat aprobetxatuko zuen baserri batera joateko, eta umeek ikusteko behiak nola jezten ziren». Urgull mendiko gaztelua ikasteko eredu horren beste adibidea: kantari igotzen ziren. Hara iritsitakoan, hostoak eta fruituak biltzen aritzen ziren askotan. «Horiek denak hartu, ikastolara eraman eta, adibidez, horma irudiak egiten zituzten gero ikasleek... Horrelako gauza asko egiten zituen». Beti lehenesten zituen «gertuko» ezagutzak: etxe ondoko parajeak, ibaiak, mendiak... Hortxe ipintzen zuen ikasketaren oinarria. Eta baliabide urritasuna agerikoa bazen ere, eskolako martxa on bat ziurtatzen zuela diote. «Berak bazekien gauzak zergatik egiten zituen eta nola», nabarmendu du Mitxelenak: «Berak esaten zuen bere meritua ez zela gauza berriak asmatzea, baizik eta lehendik asmatuta zeuden gauza onak hartu, euskaratu eta euskal sena eta nortasuna ematea horiei. Horretan zuen aparteko dohaina».

Hezkidetzaren aldetik ere, eskola berritzailea zela argi dute. Mitxelena: «Neskak eta mutilak elkarrekin; hori ez zen ia inon ere gertatzen. Eta berdin erakusten zien». Eskolako garbiketarako, esaterako, erratz eta pala txikiak zituzten, eta berdin-berdin aritzen ziren neskak eta mutilak. Baita jolaserako orduan ere: «Mutilei esaten zien, hartu biberoia: eman panpinari». Egindako lana defendatu egiten zuen, gainera, Zipitriak: irmo. «Behin, oraindik legeztatzeko geundela ikuskari bat etorri zen. Harrapatu gintuen justu ume guztiak lurrean zebiltzala. Haserre, hark: En el suelo, como los mahometanos [Lurrean, Mahomaren jarraitzaileak bezala]. Mespretxuzko hitzak izan ziren harenak. Elbirak berehala izaten zuen, ordea, erantzuna: Pues, en una escuela piloto de París se trabaja así [Bada, Parisko eskola pilotu batean halaxe dihardute]», gogora ekarri du Mitxelenak. Hortxe amaitu zen kritika.

Abertzaletasuna

Abertzaletasuna presente zegoen jardunaren izaeran bertan, muinean, baina horri buruz modu esplizituan «egun jakin batzuetan» aritzen zela azaldu dute bi andereñoek. Beitia: «Egun horietako bat izaten zen, adibidez, Frantzisko Xabierkoaren eguna». Mitxelena: «Beste egun bat izaten zen Mikel Goiangeruarena: 'Mikel, Mikel gurea, zaindu, zaindu Euskal Herria!', esaten genuen». Iltzatua dute gogoan beste egun bat: 1960ko martxoaren 22a. Begiak busti-busti joan zitzaion Zipitria Mitxelenari: «Mari Karmen, lehendakaria hil da. Zerbait egin beharko dugu». Eta, hain justu, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil berritan ikusi zuten Zipitriarik abertzaleena, baita ikasgelan ere. Beitia: «Abertzaletasun guztia atera zitzaion; oso presente egon zen gai hori». Kutxa batean gordetzen zituen eskolako materialak, eta egun hartan ordura arte inoiz gutxitan ateratakoa atera zuen handik umeen aurrera: ikurrina. Beitia: «Ikurriña zahar bat zen; adierazi zuen gudariek erabilitakoa zela eta han zeukala gordeta. Haurrei azaldu zien hori ikurriña zela, beti maite beharrekoa; barruan zuen guztia adierazi zuen egun hartan. Ikastolan zuen umerik gazteenak musu eman zion ikurriñari, eta berriz ere gorde egin zuen».

Bakardadera

Badakite emakume gogorraren fama zuela: oso zorrotzarena. Onartzen dute alde hori.«Baina biguna ere bazen; malkoak noiznahi zituen», adierazi du Mitxelenak. «Bere buruarekin zen oso zorrotza, eta besteei ere eskatu egiten zien». Urteak konplitu ahala, «minak» pilatuz joan zitzaizkiola uste dute. Euskara batuarena izan zen bat. «Bera batuaren alde zegoen, baina ez zitzaion ongi iruditu egin zen batua: guztiz haserre zegoen». Izan zituen oinaze gehiago: «Sufrimendurik handiena izan zuen ETAren sorrera. EGIko jendea-eta ziren hasi zirenak, seme-alaben parekoak ziren harentzat». Aldaketa horiei aurre egiteko, «oskol bat eginda», eta haren barruan irudikatu izan ohi du Beitiak Zipitria: «Hortik etorri zitzaion bakartuta geratzea, eta bakardadea».

Ingurumari horretan, errezelo handiak izan zituen ikastolen legeztatzearen harira. Mitxelena: «Beldurra zuen; uste zuen pikutara joango zirela ikastolak». Beitia: «Pentsatzen zuen, ikastolak tamaina handikoak-eta baziren, asko galduko genuela, bere sistema pedagogikoa zela eta». Erakundeen itzalean, haien maizter, jardun isilean egindako lan haren izaera galtzeko beldurra zuela uste dute. Handituz-handituz joan zitzaizkion itzal horiek.

BERRIAn argitaratua (2018/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA