astekaria 2018/12/14
arrowItzuli

kultura

Kirol kazetaritza kulturan

Itziar Ugarte Irizar

Kirol kazetaritza kulturan Itziar Ugarte Irizar

Jon Maia dantzariak egin zuen alderaketa duela urte batzuk Gogoetaren Plazan: konpainia badoa eguneroko entsegura, goiza ematen du koreografia fintzen, kontatu nahi duen hori gorputzaren lengoaiara ekartzen, probatzen, zuzentzen, izerditzen; badoaz dutxara, ateratzen dira kanpora, eta kazetari talde bat dute atean zain. Entsegua nola joan den jakin nahi dute, ea lesiorik izan den, asteburuko estreinaldira nola helduko diren. Kirolariekin egunero-egunero gertatzen da. Dantzariekin, antzezleekin, bertsolariekin, kantariekin, artistekin, zientzia fikzioa da.

Maiak hitzok esan zituen leku berean aritu ziren atzo GarbiƱe Ubeda eta Sustrai Colina, hedabideek kulturaz egiten duten trataeraz. Kultur orrietan kirol kazetaritzako dinamikak antzematen dituela aitortu zuen Colinak: «Bertso txapelketan nabarmena da: prebia, saioaren kronika, txapeldunari elkarrizketa. Edo ikusten dugunean liburu aurkezpen bat, disko aurkezpen bat; hor agertzen da editorea idazlearekin, entrenadoreak fitxaketa bat aurkezten duen bezala kasik-kasik. Ez dut esaten gaizki dagoenik, baina horretan erortzen gara».

Erori aktualitatearen zurrunbiloan, eta, erori, beherago akaso, merkatuaren logiketan. Eta, bai, mila bider bai, bestelakoa behar luke kulturaren tempoak.

Nabarmena da hori azoka hasi aurreko asteetan. Kontsumoari lotuegi segitzen dugula ohartarazi zuen Ubedak ere: «Gero aho handiz esango dugu hau DA eta bestea DA, baina ez DA egia -letra larriak nireak dira-. Begiratzen zaio zenbakiari, kontsumoari eta modari. Eta ze teoria polita daramagun, eta ze praktika itsusia».

Badakigu dena ez dela salmenta, dena ez dela irudia. Durangoko Azokak ere badaki, eta hor daude zuzenekoak, sortzaileekin hartu-emanak. Badakigu aspaldi kultura zeinen den bazterreko kontua, eta euskal kultura zeinen den ikusezin. Horrek akaso eman beharko liguke gauzak bestela saiatzeko ausardia, aldarria ere ez da berria. Eta kontua ez doa kulturgileak lantokiko ateetan itxarotearekin, gero Teleberrin egunean hiru aldiz sartzeko -baina kirolariekin egiten dute, eta ohitzearen ohitzez, inor ez da gehiegi kexatzen-. Baina baloiak -inoiz baino gehiago- kanpora bota barik, barruan ere jokatzen da partida. Colinak aipatu zuen museoekin gertatzen zaiola, arteaz gehiegi jakin gabe ere, erakusketa batera joan eta berehala dakiela non den urregorria. Eta halatsu sumatzen dituela azokara datozenak; badakitela zein liburu erosi, oraindik irakurri gabe, zein disko erosi, oraindik ezer entzun gabe. Badu bere logika eta bere alde ona, baina badu ifrentzua ere: ikusezintasunean ere, agerikoenen zepo berberetan erortzen gara.

BERRIAn argitaratua (2018/12/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA