astekaria 2018/12/14
arrowItzuli

gizartea

Sukaldeko lanaren zain

Maite Asensio Lozano

Sukaldeko lanaren zain

Ezinikusiaren horma beltza bi aldeetara, eta txistu hots bizi bat, txilibituen doinua entzutea eta erritmoa mantentzea eragozten zuena, eta, batez ere, Jaizkibeleko ia 700 partaideei barrua nahasi ziena. Aspaldiko desfilerik gogorrena izan zuen Hondarribiko (Gipuzkoa) konpainia parekideak joan den irailaren 8an, alarde egunean, Kale Nagusian. Eta erakunde publikoei ere aspaldi ez bezalako irmotasunez egin zieten eskaera: lan egin dezatela Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek soldadu gisa desfilatzea oztopatzen duen gatazka konpontzeko. Hiru hilabete igaro dira, eta pauso gutxi eman dituzte konponbiderantz. «Baina orain da momentua. Orain hasi behar dute lanean», berretsi du Izaskun Larruskain Jaizkibeleko kideak.

Hondarribiko liskarrek agendara itzularazi dute alardeen auzia: adierazpen ugari izan ziren ondorengo egunetan, eta agerraldiak, mozioak eta informazio eskaerak izan dira gero Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean. «Agerian geratu da gaia lantzea beharrezkoa dela, baina ez da ezer gauzatu», laburtu du Larruskainek.

Izatez, badago gatazka jorratzeko eremu bat: Gipuzkoako Foru Aldundiak instituzio arteko mahai bat eratu zuen aurreko legealdian, Bilduren gobernuak konponbidera begira abiatutako prozesuaren barruan. Diputazioaz gain, Emakunde eta Arartekoa zeuden mahaian. Aldundiko gobernu aldaketarekin, ordea, gelditu egin ziren prozesu hura eta mahaia bera. Gerora, beste bide bat hartu zuen EAJren diputazioak: auzia Berdintasun Zuzendaritzatik Bizikidetzara mugitu zuen, gatazkari buruzko beste ikerlan bat galdegin zuen —aurten dira aurkeztekoak—, eta Irungo alkatea eta Hondarribikoa ere eraman zituen erakundeen mahaira. Eta bildu dira irailaren 8az geroztik: urriaren 15ean.

Baina, prozesuan ez ezik, diskurtsoan ere egin ditu aldaketak aldundiak. «Alardea ulertzeko bi moduez» jardun izan da Markel Olano ahaldun nagusia, eta mezu hori gailendu da Batzar Nagusietan. Jaizkibelen kaltetan, Larruskainen arabera: «Diskurtso horrekin hasi zirenetik, gaiztotu egin da giroa. Ideia horrek maila berean jartzen gaitu denok, eta betikoei adierazten die egiten ari diren guztia ondo dagoela».

Bigarren partea izan du diskurtso horrek, irailaren 8az geroztik: «erasoak» bi aldeek egin dituztela eta herrian bizikidetza arazo bat dagoela nabarmentzea. Apaldu egin dira andreen eskubideei buruzko aipamenak. «Herritarrok badakigu ez dagoela bizikidetza arazorik; berdintasun arazo bat dago, emakumeek ezin dugulako jaian berdintasunez parte hartu. Baina politikari batzuk erosoago daude bizikidetzaren diskurtsoan, Martxoaren 8aren ostean oso gogorra delako Euskal Herrian matxismo arazo larri bat dagoela onartzea».

Bilerarik ez

Edonola ere, adierazpen publiko gutxi egin izan dute aldundiko buruek —Denis Itxaso baino ez da mintzatu, diputazioaren estrategiatik kanpo—, «giroa ez gaiztotzeko». Olanok berak esan izan du «sukaldeko lanean» ari dela. Baina lan horien berri ez dute Jaizkibelen. Are, ahaldun nagusiarekin bildu ezinik dabiltza: «Urrian Batzar Nagusietan azaldu genuen Olanok ez diela gure mezuei erantzuten, eta biharamunean esan zuen gurekin harremanetan jarriko zela, baina halakorik ez da gertatu. Berriro idatzi diogu, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso».

Txomin Sagarzazu alkatearen (EAJ) berririk ere ez dute izan hiru hilabeteotan. Zain daude: «Irailaren 8koaren larritasuna ikusita, eta gure alkatea izanda, espero genuen gurekin harremanetan jarriko zela. Badakigu besteekin egon dela, baina gurekin, ez».

Eusko Jaurlaritzarekin, berriz, bai, bilera bat izan dute: Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin izan dira berriki Jaizkibeleko kideak. Sailak ez du baloraziorik egin —legebiltzarrean agerraldia egitekoa da sailburua—, baina jakinarazi dute martxan dela «egun hartako gertakarien ondoriozko espediente administratiboen tramitazioa». Larruskainen aburuz, halere, irtenbidea beste eremu batean dago: «Hau ezin dute ertzainek konpondu irailaren 8ko goizean, desfilearen aurretik plastikoak kenduz; guk ere ez dugu halako liskarrik nahi. Lanketa politiko bat egin behar da, aurretik».

Tabua haustera

Izan ere, herrian «astindu bat» eragin zuen irailaren 8ak. Soka ekarri zuen hurrengo egunetan, gainera. Herriko apaizak berak egin zuen elkar ulertzeko deia, eta handik egun batzuetara iragarri zuen Hondarribia utziko zuela, «alarde eguneko atzerapausoagatik». Ordutik, mugimenduak sumatu ditu Larruskainek: «Jende batek ikusi du gauza batzuk ezin direla onartu, konturatu da aurtengoa hanka sartze galanta izan dela, eta bere buruari galdetu dio nola iritsi garen honaino. Mugarri bat izan da, eta leku batzuetan gaiaz hitz egiten hasi dira». Hori dela eta, berretsi du une egokia dela tabua hausteko eta auzia lantzen hasteko: «Orain da momentua, denak baikaude prest. Herritar asko hitz egiteko gogoz daude».

BERRIAn argitaratua (2018/12/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA