astekaria 2018/12/07
arrowItzuli

ekonomia

Hotelaren musika: bozina hotsa

Lander Muñagorri Garmendia

Hotelaren musika: bozina hotsa

Azken hilabete osoan bezala, Bilboko Barcelo Nervion hotelaren parean zegoen Alberto Diaz Estrella protesta egiten, atzo. Atarira begiratu, eta hala esan zuen: «Gauza bat argi daukat, itzultzen naizenean ez ditudala orain arteko baldintzak berriz onartuko». Lau urte daramatza hoteleko gelak garbitzen azpikontratatutako Constant enpresaren eskutik, baina aurrerantzean ez du orain arteko egoeran jarraituko. «Hiru seme-alaba dauzkat, eta ezin naiz 800 euroko soldata batekin joan etxera». Zortzi orduko lanegun batean, hemezortzi gela garbitu behar dituzte Barceloko garbitzaileek, eta bakoitzeko 2,5 euroko ordaina jasotzen dute. Egoera hori ezin jasanda, greba mugagabean daude azaroaren 2az geroztik Barcelo Nervion hoteleko 25 garbitzaileak. «Akordiorik lortu ezean, hemen egongo gara itsasadarra lehortu arte».

Barceloko beharginen lanuzteak ez dira bakarrak izan, ordea. NH hoteletako langileekin batera abitu zen kelly-en protesta; baina, aste honetan, NHkoek mobilizazioak bertan behera utzi dituzte. Joseba San Migel ELAko Bilboko zerbitzuetako arduradunaren arabera, negoziazioak bide onetik doaz hoteletako arduradun eta Constant azpikontratarekin, eta «akordioa lortzeko zorian» daudela azaldu du. Horregatik utzi dituzte mobilizazioak bertan behera.

Barcelok oraindik ez du urrats hori egin, baina sindikatuak egindako proposamenari gaur edo datorren astean erantzungo diotela espero du San Migelek. Izan ere, greba eskubidea urratzeagatik lan ikuskaritzan jarritako salaketaren harira epaiketa daukate asteartean, eta erantzunik egon ezean bide judizialak aurrera jarraituko du.

Hotel parean protestan zeuden langileek ere erantzunen bat jasotzea besterik ez zuten nahi. Hala zioen Cristiano Callo langileak: «Gogorra egiten ari da mobilizazioa, egunero baikaude hemen hotz egin ala ez, eta ezegonkortasun honek ez du batere laguntzen». Diaz Estrellak, ondotik: «Eskatzen ari garena ez da beste munduko ezer, Bizkaiko lan hitzarmena bete dezaten besterik ez dugu nahi». Ardura Barcelo hotelari egotzi zion, Constant azpikontratak beste hotel batzuetan ituna betetzen duelako, «baina Barcelok diru gutxiago ordaintzen badie, horrek eragina dauka egoera honetan».

Hoteleko garbitzaileen sektorea feminizatua dagoen arren, gizonak ere badaude. Atzerritarrak dira gehienak, eta emakumeek ez zuten, oro har, testigantzarik eman nahi izan hedabideen aurrean. Marta Murillok bai, ordea:«Gatazka hau nola amaituko den ez dakigu, baina lau urtez hemen lanean egon eta gero, zerbaitek aldatu behar du. Baina itxaronaldi hau gogorra izaten ari da». Hilabete eta bost egun egingo dituzte gaur hotelaren parean.

Turisten babesa

«Bihar berriro ere 08:00etan?», galdetu zion Murillok Callori atzoko kontzentrazioa amaitzean. Egunero geratzen dira ordu horretan, eta 12:00ak arte Bilboko itsasadarraren ondoan dagoen Barcelo hotel parean zarata egiten dute lau orduz, hotelaren giro musika balitz bezala. «Bizilagunei barkamena eskatu behar diegu hilabetez zarata jasaten ari direlako; baina beste modurik ez daukagu hoteletik jaramon egin diezaguten». Barcelon atseden hartzen duten turista eta bidaiarientzako ere ez da atsegina, baina Murillok azaldu zuenez, horien babes mezu ugari iritsi zaizkie:«Animoak ematen dizkigute, eta sare sozialetan gure egoeraren berri ematen ari dira». Bookingen atarian, esaterako.

Horrek guztiak hotelari min egin diola uste du Diaz Estrellak, eta azken hilabetean erreserba kopuruak behera egin duela ere azaldu zuen. Horregatik, espero dute langileek Barcelok iritzia aldatuko duela, azken astean NH kateak egin duen bezala. Baina kezkatuta daude oraindik ere: «Garbi gera dadila: guri ez zaigu interesatzen bisitari gutxiago etortzea hotelera. Azken batean, gure etorkizuneko lana hor barruan dago».

BERRIAn argitaratua (2018/12/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA