astekaria 2018/12/07
arrowItzuli

gizartea

Asmoa, ahoa baino biziagoa

Iñaki Petxarroman

Asmoa, ahoa baino biziagoa

Euskaraldia herritarren ariketa kolektiboa izan da. Baina erakundeek bultzatu dute egitasmoa, eta rol aktiboa jokatu dute euskararen lurralde osoan. Klase politikoaren babes zabala izan du ekinaldiak udal, diputazio, gobernu eta parlamentuetan. Horren adibidea da, esate baterako, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek azaldu diotela babesa egitasmoari. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak eta Topaguneak elkarlanean aktibatu dituzte 220.000 herritar, ahobizi eta belarriprest roletan, eta hala aritzeko konpromisoa hartu dute agintariek ere.


Adierazpen eta babes keinu beroetatik harago, baina, aldaketa gutxi izan da agintariek eta alderdietako ordezkariek gizartearekin komunikatzeko duten hizkuntz ohituretan. BERRIAk zenbait alorri erreparatu die hamaika egun horietan, eta honako emaitzak aurkitu ditu:

HEDABIDEEKIKO HARREMANA



Euskaraldian, erakundeek ez dute aldatu hedabideekin harremanetan jartzeko erabili ohi duten hizkuntza. Alegia, ez dute euskara lehenetsi. Jaurlaritzak ele bitan bidali ditu prentsa deialdiak eta oharrak, ohikoa duen moduan. Salbuespen bat izan da, hori ere ohikoa: Herrizaingo Sailak prentsa oharrak gaztelaniaz igorri ditu lehenengo, eta euskarazkoak handik ordu batzuetara.

Hain zuzen ere, hori egiten du Nafarroako Gobernuak ere. Goizean bidali ohi dizkie hedabideei prentsa edukiak erdaraz, eta arratsaldean euskaraz. Horrek praktikan arazo handi bat dakar, azken finean kazetariek ezinbestean erdarazko edukiak erabili behar dituztelako artikuluak lantzeko. Nafarroan informazioa sortzeko ahalmena duten erakunde nagusietan bigarrena Iruñeko Udala da, eta haren funtzionamendua are okerragoa da euskaraz aritzen diren hedabideentzat. Izan ere, ohar gehienak erdaraz bidaltzen ditu udalak. Ohar gutxi batzuk bakarrik bidali ditu euskaraz. Euskal Elkargoak ere orain arte bezala jardun du. Oharrak ele bitan igorri dizkio BERRIAri, baina frantsesa lehenetsita. Baiona, Angelu Miarritze eta Hendaiako herriko etxeek frantses hutsez bidali dituzte oharrak eta deialdiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ele bitan bidali ditu ohar guztiak, salbu eta Kultura Sailaren prentsa ohar bat, erdara hutsez bidali baitute. Sail hori PSE-EEren esku dago -Denis Itxaso da arduraduna, eta ahobizi rola hartu du Euskaraldian-, eta ohitura du zenbait ohar eta komunikazio gaztelania hutsez igortzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok hartu du neurri koherenteago bat jokatu duen ahobizi rolarekin; izan ere, prentsa agerraldietan euskara hutsez aritu da, eta euskaraz erantzun die galdera guztiei, baita erdaraz egindakoei ere.

Bizkaiko erakundeen kasuan, bai aldundiak eta bai Bilboko Udalak euskara hutsez igorri dituzte oharrak BERRIAra, ohi duten moduan. Izan ere, bi erakunde horiek hedabide bakoitzari galdetzen diote ea zer hizkuntzatan nahi duten prentsa edukiak bidaltzea, eta, kazeta honek euskaraz eskatu duenez, hala bidaltzen dizkiote beti.

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ere ele bitan bidali dituzte prentsa ohar eta deialdi guztiak, ohi duten moduan.

Alderdiei dagokienez, PSEk, PSNk, Geroa Baik, UPNk eta PPk gaztelania hutsez bidali dituzte ohar gehienak. Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta EAJk, berriz, euskaraz eta gaztelaniaz.

PARLAMENTUKO JARDUNA



Nafarroako Parlamentuan ez da osoko bilkurarik izan Euskaraldiko bi asteotan. Hamaika eguneko egitasmoa hasi bezperan egin zuten osoko bilkura bat, eta, ohikoa den bezala, erdara erabili zen gehien. Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria izan zen hitzaldi bat ia osorik euskaraz egin zuen bakarra. Saio berean Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Jokin Castiella (Geroa Bai) parlamentariek ere erabili zuten euskara.

Eusko Legebiltzarrean, berriz, bi saio izan dira Euskaraldiak iraun duen egunetan, eta bietan ere erdara izan da gehien erabili den hizkuntza. Azaroaren 23ko osoko bilkuran gobernuaren kontrol saioa egin zuten, eta, Euskaraldiaren hasiera izanik, parlamentari batek baino gehiagok azaldu zion bere atxikimendua ekinaldiari. Saioaren idatzizko transkripzioa aztertuta, ondorioztatzen da hitzaldien heren bat inguru egin zela euskaraz eta beste bi herenak gaztelaniaz. EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemoseko hainbat parlamentarik bakarrik egin zuten euskaraz saio hartan. PP eta PSE-EEkoek dena gaztelaniaz egin zuten.

Handik astebetera egindako osoko bilkuran are eta txikiagoa izan zen euskararen erabilera. %28 inguru egin zuten euskaraz, eta %72 gaztelaniaz. Gasteizko parlamentuan ohikoa den moduan, EH Bilduk egin zuen gehien euskaraz. Hain zuzen ere, hitzaldien %80 euskaraz egin zituen koalizio abertzaleak. Osorik euskaraz egin zuten Pello Urizar eta Larraitz Ugarte parlamentariek, eta bi hizkuntzetan Josu Estarronak. EAJk %60 egin zuen gaztelaniaz eta %40 euskaraz, eta Elkarrekin Podemosek, berriz, %72 egin zuen gaztelaniaz eta %28 euskaraz. Talde horretako zenbait parlamentarik dena gaztelaniaz egin zuten, eta EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Lander Martinezek egin zuen gehienbat euskaraz. Bigarren osoko bilkura horretan PSE-EEko Eneko Andueza parlamentariak hitz batzuk egin zituen euskaraz, baina erdaraz aritu zen batez ere.

SARE SOZIALAK



Ahobizi gisa hartutako konpromisotik urrun samar jardun dira agintariak eta alderdietako ordezkariak sare sozialetan. Koherentzia falta nabariena PSE-EEko ordezkariek izan dute. Euskaraldian zehar Twitterren idatzitako mezu gehienak gaztelaniaz zabaldu dituzte, esate baterako, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, biek ere ahobizi izateko konpromisoa hartua bazuten ere.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak euskara lehenetsi dute Twitterreko kontu ofizialetan Euskaraldian zehar. Iñigo Urkulluk mezuen %69 idatzi ditu euskaraz, eta Markel Olanok eta Eneko Goiak, %75 inguru. Euskaraldiaren aurreko hamaika egunetan, esate baterako, askoz orekatuagoa izan zen euskararen eta gaztelaniaren arteko erabilera Olano eta Urkulluren Twitter kontuetan, erdi eta erdi egin baitzuten. Uxue Barkosek ere bi hizkuntzak erabili ditu Euskaraldian, baina mezu gehiago zabaldu ditu gaztelaniaz, Maria Solana gobernukideak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak bezala.

Hartutako konpromisoa bete dutenetako bat izan da EH Bilduko Nafarroako parlamentari Bakartxo Ruiz, euskaraz zabaldu baititu mezu zuzen guztiak Euskaraldiak iraun duen bitartean. Aurreko hamaika egunetako bere jarioari erreparatuz gero, euskaraz gehiago egin zuen orduan ere (%63), baina erdaraz ere idatzi zituen mezuak.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak ez du mezu zuzenik zabaldu Euskaraldian, eta birtxiotu dituen guztiak frantsesezko mezuak izan dira. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere mezu zuzen bakarra idatzi du Twitterren Euskaraldian, euskaraz, ekinaldiarekin bat egiten zuela jakinarazteko.

BERRIAn argitaratua (2018/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA