gizartea
Hiru gaztetik bat aritzen da apustuetan
Jokin Sagarzazu
Azterketaren zuzendari Manuel Gonzalez de Audikanak azpimarratu duenez, 15 urtetik aurrerako gazteengan hasten da «nabaria» izaten apustuan aritzeko ohitura, eta hori Interneten «erabilerarekin eta abusuarekin» lotu du. «Arazo berri baten aurrean gaude, eta okerrera egin dezake joera horrek», ohartarazi du Juan Jose Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendariak. Osasun Publikoaren Planean horri aurre egiteko neurriak jasotzearen alde azaldu da.
1981ean hasi zituzten gazteen menpekotasunei buruzko ikerketak Deustuko Unibertsitatean, eta atzo Bilbon aurkeztutakoan —bederatzigarrenean— gehitu dute apustuei buruzko analisia, lehenengo aldiz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 12 eta 22 urte arteko 6.007 gazteri galdetu diete: Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 43 ikastetxetakoak.
Orain artekoetan bezala, azken inkestan ere legezko zein legez kanpoko drogen kontsumoak neurtu dituzte: oro har, egungo gazteek duela hamar urtekoek baino gutxiago hartzen dituzte substantzia horiek; baita tabakoa eta alkohola ere, ikertzaileek azpimarratu dutenez.
Errezetarekin zein ez
Legez kanpokoen artean, kalamua kontsumitzeko ohitura dutenen kopuruak ere behera egin du, baina handitu egin da behin probatu dutenena. Ikerketaren arduradun Gonzalez de Audikanak nabarmendu egin du substantzia horrek euskal gizartean duen «gehiegizko ospe ona», eta ohartarazi du «arriskutsua» izan daitekeela, bereziki gaztetxoengan.
Alkoholaren, tabakoaren eta kalamuaren ondoren, botika lasaigarriak —legezkoak bereziki, baina baita legez kanpokoak ere— kontsumitzen dira gehien gazteen artean, inkestaren arabera. %17k hartu dituzte inoiz: %3k azken hilabeteetan, eta %7k azken urtean. Alkohola, berriz, %59k kontsumitu dute azken urtean —7 puntu jatsi da sei urtean, eta 15 puntu 11 urtean—; tabakoa, %35ek —ez dute zehaztu aldea—; eta kalamua, %31k —2,5 puntu gehiago duela sei urte baino, baina 10 gutxiago duela 11 urte baino—.
Komunikabideei emandako laburpenean ez da azaltzen zer eboluzio izan duen botika lasaigarrien kontsumoak azken urteetan. Gonzalez de Audikanak azpimarratu du emakumeen artean «ohikoagoa» dela horiek hartzea, baina ez du datu zehatzik eman.
Dena den, «salbuespena» lirateke datu horiek, ikerlariak azaldu duenez; legezko zein legez kanpoko droga kontsumoa ohikoagoa baita mutilengan, baita tabakoarena ere. Soilik horretan azaltzen da sexuaren aldagaia, komunikabideei banatutako txostenean behintzat. Neska gehiagok probatzen dute tabakoa, baina egunekoan ohikoagoa da mutilen artean: %16k erretzen dute, eta nesken %12k. Azken urteetako eboluzioa ez dute jaso, baina behera egin duela azaldu dute.
Beste drogen kontsumoak ere behera egin du. Kokainarenak, adibidez: %4k hartu dute (2006an, %7k). Antzeko neurrian jaitsi da anfetaminena —%4k hartu dute—, eta jarraian estasiarena (%4), LSDarena (%3), basearena (%2), onddo psikotropikoena (%2,3), ketaminarena (%2) eta heroinarena (%1).
Internet eta jokoa
Ikerketaren aurkezpenean, Gonzalez de Audikanak agerian utzi du lotura bat dagoela gazteek Interneten aritzeko duten ohituraren eta joko apustuen artean. Inkestaren emaitzetan oinarrituta, azaldu du hiru ordu baino gehiago aritzen direla sarean egunero, eta azken urtean %7k jokatu dutela inoiz dirua Internet bidez: %5ek, hamar aldiz baino gehiagotan. «Zifra txikia irudi dezake, baina horrek esan nahi du ikasgela bakoitzean haur bat dagoela ludopata bihur daitekeena». Karta jokoetan dirua jokatzeko ohitura ere nahiko zabalduta dagoela azaldu du: %24k egin dute hori azken hilabeteetan.
Inkestaren arduradunak azaldu duenez, gazteek Interneten «hara-hona» ibiltzeko duten joerak zaildu egiten du gurasoek-eta praktika horiek kontrolatzea. Era berean, apustu etxeen publizitate «inbasio» bat dagoela nabarmendu du. Era berean, azpimarratu du teknologien «adikzioak» lotura duela eskola porrotarekin, eta eskola porrotak, drogen kontsumoarekin.