bizigiro
Bazter utzitakoen historia, argitara
Ainhoa Larretxea Agirre
Estigma horiei aurre egiteko eta agoten inguruan egia azaleratzeko, El orgullo de ser agote (Agote izatearen harrotasuna) liburua argitaratu berri du, Josu Legarreta filosofoarekin batera. Bi urteko ikerketa lan baten emaitza da liburua. Agoten inguruan inoiz argitaratu gabeko dokumentuak agertzeaz gain, gaia landu duten hainbat adituren iritziak ere jasotzen ditu liburuak.
Egun agoten inguruko estigma sozialak desagertuta dauden arren, urte luzez gutxietsia eta baztertua egon den giza komunitatea izan da agotena. Pirinioen bi aldeetan, Okzitaniatik Huescaraino (Espainia) bizi dira agotak, nahiz eta nukleorik handiena Arizkungo Bozate auzoan bizi den. Garai batean elizak legenardun gisa hartzen zituen, legenar espirituala zutela erraten zuten —Erdi Aroan legenar espirituala eta fisikoa ezberdintzen zituzten—, eta hori gurasoek seme-alabei transmititzen zietela. Horregatik, urte luzez baztertu eta bakanduak izan ziren.
Historia luzea duen gizatalde bat izan da; aipatzen dituzten lehen dokumentu idatziak orain 1.000 urtekoak dira; hala ere, zenbait antropologo eta historialarik historian lehenago ere kokatu izan dituzte. Egun, jatorriak sortzen ditu oraindik ere agoten inguruko zalantzarik handienak. Historian anitzetan aztertu den auzia izanagatik, oraindik ez dago argi zein den agoten benetako jatorria. Santxotenak eta Legarretak liburuan hainbat hipotesi jorratzen dituzte, nahiz eta dioten litekeena dela jatorria bakarra ez izatea. Santxotenaren arabera, bizitako leku bakoitzean izen ezberdina hartu izan dute: «Hemen, agotak gara; Frantzian, cagots, cascarot... Lekuaren arabera, izena aldatu egin da, baina beti konnotazio negatiboa zuten izenak ziren».
Jatorria ezezaguna izanagatik ere, uste dute XII. mendetik daudela agotak Bozate auzoan. Okzitaniatik iritsi ziren, han Inkisizioa beren atzetik zebilelako. Bereziki, eskuekin lotutako lanetan ibiltzen ziren; zura eta harria lantzen, gehienbat. Horregatik, agoten nukleorik handiena Bozaten egon den arren, Donejakue bideko bertze hainbat herritara ere joan ziren eraikuntza lanak egitera. Baztanen, Arizkungo Urtsuako jaun feudalaren pean bizi ziren agotak. Santxotenaren arabera, Urtsuako jaun feudala agoten «defendatzaile» eta «esplotatzaile» izan zen, agotak bertan egotea defendatzen zuen arren denek beretzat lan egin behar zutelako.
Baztanera ailegatu zirenerako, gainontzeko herritarrekiko ezberdintasun sozialak zeuzkaten agotek. Baztanen, kanpotik etorritakoak zirenez, ezin zuten kargu militarrik edo zibilik ukan. Bazterketa, ordea, kargu publikoak izatetik haragokoa zen.
Ezin zuten jabetza propiorik izan, eta etxean ezin zuten nahi bertze animalia eduki. Baztanen ohikoa zen behiak, ardiak eta bertzelako animaliak izatea. Agoten etxeetan ezin zuten ukuilurik izan, eta etxe bakoitzean txerri bat eta ahateak bakarrik izan zitzaketen. Jauntxoarentzat lan egiten zutenez gero, bertzeek ez zuten abantaila bat zeukaten agotek: soldata. Baztango herritarrek uzta edo animaliak saldu arte itxaron behar zuten dirua lortzeko. Agotek, aldiz, bertzeek ez zuten ongizate maila zuten ekonomikoki, egiten zituzten lanak zirela medio.
Lekuaren arabera, ezberdin
Bazterketa oraindik ageriagoa zen elizan. Kristauak baziren ere, elizan guztiz baztertuak zeuden. Agotentzako ate berezi bat egoten zen elizaren atzeko aldean, ohiko ateak baino txikiagoa. Bataiarri berezia zuten, eta ur bedeinkatua ere ezberdina zen. Gainera, koru azpian, beheitikozoko izeneko lekuan bakarrik esertzen ahal ziren, bertze herritarrengandik aparte. Santxotenaren arabera, elizako bazterketa ez da Arizkungo kontua soilik: «Erronkarin ere [Nafarroa] agotentzat beste ate bat zegoen. Jakako [Espainia] elizan, berriz, agotentzat berezitako leku bat zegoen, bertze herritarrengandik aparte».
Ezberdintasunak eliza barruan ez ezik kanpoan ere izaten zirela nabarmendu du Santxotenak: «Hilerritik kanpo lurperatzea zen gertatzen ahal zitzaigun gauzarik okerrena. Hor, bedeinkatu gabeak lurperatzen ziren: aberrigabeak, suizidak, juduak eta agotak». Arizkungo elizan, 1954. urtera arte egon zen agoten atea irekita; urte horretan itxi zuten, elizan konponketa batzuk egin behar zirelako. Hala ere, ateraren itxierak herritar batzuen haserrea eragin zuen orduan.
Agoten etxeak ere ezberdinak ziren Baztango bertze herritarren etxeen aldean. Txaboletan bizi ziren, eta, beharraren arabera, etxeak elkartuta handitu egiten zituzten. Urtsuako jauntxoari lurrak erostean hasi ziren mailakatzen eskualdeko gainontzeko biztanleekin. Armarria zen bertze ezberdintasunetako bat. Baztango baserri guztietan egoten zen Baztango armarria etxeko fatxadan; agoten etxeetan, ez.
Garai historikoaren eta lekuaren arabera, agoten aurkako posizionamenduak ere aldatuz joan dira. Legarretak adierazi duenez, bazterkeriaren arrazoiak ezin dira ulertu orduko egoera sozial eta ekonomikoa ulertu gabe.
1515. urtean, zenbait elizbarrutitako hainbat agotek Leon X.a aita santuari gutun bat idatzi zioten, eta elizan jasaten zituzten bazterkeriak salatu. Aita santuak agotak ez diskriminatzeko agindu zuen orduan, eta Nafarroako Gorteek eskubide berdintasuna ezarri zuten agotentzat. Aurreiritziak, ordea, luzaroan izan ziren. 1817. urte arte, agot hitza debekatuta zegoen. Gipuzkoan, Batzar Nagusiek agotak lurraldean bizitzea debekatu zuten, odol garbitasunaren izenean. Biarnon (Okzitania), berriz, agoten aurkako epaiketak egiten zirenean, zazpi lekuko eraman behar izaten zituzten, baina gainontzeko herritarrek aski zuten bakarrarekin.
Azken urteetan agoten inguruan ateratako hainbat argitalpenetan agoten inguruko alderdi positiboak baztertu dituztela iruditu zaio Legarretari: «Inpresioa dut agotei buruzko azken argitalpenak morbosoak direla eta alderdi negatiboak bakarrik nabarmendu direla».
Alderdi negatiboez harago, historikoki hainbat pertsonak agoten alde egindako adierazpen positiboak ez direla zabaldu adierazi du: «1599an, Bordeleko parlamentuko kontseilari batek agoten inguruko aurreiritzi negatibo guztiak herriaren oker batetik etortzen zirela esan zuen. Gainera, 1656an Oihenartek zioen agoten aurkako akusazioak aurreiritziak zirela». Orain arte argitaratu gabe zegoen XVII. mendeko Pedro Urtsua Aramendi jaun feudalak agoten defentsan idatzitako agiriaren atal batzuk ere sartu dituzte liburuan.
Lana kaleratu ondotik, agoten inguruko tesi argia du Legarretak: «Huescatik Okzitaniara dauden agotak kolektibo garrantzitsua dira, ez soilik egurraren eta harriaren profesional onak zirelako, baita interes politikoa zutelako ere. Ez zuten zerikusirik legenardunekin, nahiz eta gero historiara horrela igaro diren».
Konplexuak XXI. mendean
Egun, nahiz eta agoten estigmak desagertuta dauden, oraindik kasu batzuetan konplexuak mantentzen dira, Legarretaren iritziz: «Argentinara egindako bidaia batean Bozateko musikari bat aurkitu nuen. Ez zuen nahi agota zen galdetzea, nahiz eta horrela zen. Konplexu horrek beti eman izan dit atentzioa». Santxotenak uste du, atzerrian ez ezik, Bozaten bertan ere mantendu dela agot izatearen konplexua: «Arizkunen herri alkatea bi urterako aukeratzen da, batzar baten bidez. XX. mendean, 100 urtean, Bozateko hiru alkate bakarrik izan dira. Ikusten da oraindik ez dela hain aspaldiko auzia».
Santxotenak harro aldarrikatzen du agot dela: «Harro gaude, hainbertze urte irautea merezi du. Historia bat dugu atzetik, eta uste dut ederra dela, harro egoteko modukoa».