kirola
ALEX TXIKON
«Helburua laugarren kanpalekura iristea da, inor ez da igo gorago»
Unai Ugartemendia
Zortzigarren urtez jarraian, neguko espedizio bat egingo duzu; neguan igotzeko falta den zortzimilako bakarrera, K2ra. Nolatan?
Azken bi urteetan Everesten egon gara. Izugarrizko lana egin dugu bi espedizioetan. Helburuak bete gabe itzultzea tokatu zitzaigun, eta zerbaitetan huts egiten ari ginela sentitzen nuen itzultzean. Denborarekin, bakeak egin nituen Everestekin, baina argi daukat, berriro ere igotzekotan, Txinatik saiatu behar dugula. Ahalegindu gara aurten ere joaten, baina denbora aurrera doa, eta azkenean K2ra joan beharrean izango gara.
Noiz hasi zinen hara joateko asmoarekin?
Ekainean, Txinako enbaxadorearekin bildu ginen Madrilen. Gure asmoa aurkeztu genion, Everestera Txinatik igotzea. Oraindik ere erantzunaren zain gaude. Beste alternatiba batzuk pentsatzen hasi ginen badaezpada, eta orduan sortu zen K2ren ideia.
Everest baztertu duzue?
Oraindik hor dago aukera. Enbaxadoreak ez digu ezer zehaztu, baina hilabete hau dugu aurretik. Azken orduan aukera badugu, asmo guztiak aldatuko ditugu, eta hara joango gara. Oso zaila da, baina, aukeraren bat baldin badut, Everest izango da helburua.
Eta hori?
K2rako gauza guztiak duela hiru aste bidali genituen, eta ziurrenik hara joango gara, baina oraindik ez dut ezer baztertu. Urtarrilaren 2an hartuko dugu Pakistanera joateko hegazkina. Aldaketak egin beharko genituzke hegaldiekin, materialarekin... Baina gauza zailagoak egin izan ditugu.
Iazkoa ikusita, Everestera ez zinela itzuliko esan zenuen iaz.
Bai, hala da. Ez da ezinezkoa neguan Everest igotzea, baina zorte handia behar da. Alpinismoan ez da batere gomendagarria zortearekin portzentaje handian jolastea. Iparraldetik aukera gehiago daude iristeko. Kontuan hartu behar da historian inor ez dela saiatu neguan oxigenorik gabe igotzen; zerbaitegatik izango da. Ez dago aurrekaririk, eta horrek ere gauzak asko zailtzen ditu.
Orain hiru urte, Nanga Parbaten, Ali Sadpara pakistandarra izan zenuen soka lagun. Geroztik ez da zure espedizioetan ageri. Batzuek ezbaian jarri dute espedizio honetan izango dituzun soka lagunen gaitasuna.
Bai, baina ez dakit zergatik. Argi esan beharra daukat nirekin doazenak ez direla zamaketariak, ezta gutxiago ere. Goi mailako alpinistak dira, ez dut zalantzarik. Ez dakit zer interes duten batzuek haiei maila kentzeko. Zer ezberdintasun dago Cheppal, Nuri, Pasang, Nerbu edo Wallunen eta Simone Mororen edo Tamara Lungerren artean? Nepalen edo Pakistanen jaioak direlako soilik jartzen dituzte ezbaian? Espedizio hobea al da Mororekin edo Lungerrekin joanda? Niretzat, beste edonor bezalakoak dira. Badirudi xerpak direlako maila txikiagoa dutela, eta ez da horrela. Esango nuke hedabide espezializatuek gutxietsi egin nahi dituztela; ez dut ulertzen. Ikusi besterik ez dago hedabide baten titulua: «Txikon eta Criado K2ra joango dira zortzi xerparen laguntzarekin». Zer dira, hutsaren hurrengoa?
Gutxik bezala ezagutzen dituzu.
Bai, horregatik esaten dut hori. Nirekin lanean ibilitakoak dira, eta esan dezaket izaugarrizko alpinistak direla, makina hutsak! Everesten egin zuten lana txapela kentzeko modukoa da. Ez nuke inor aldatuko beste norbaitekin. Niretzat errazagoa litzateke berriro ere Mororekin eta Lungerrekin joatea, bakoitzak bere zatia ordaindu eta kito! Orain, berriz, gure esku dago ardura guztia.
Ez al da arraroa, hala ere, Nepalgo xerpak Pakistanera joatea?
Ez, niretzat beste alpinista batzuekin joatearen parekoa baita. Oso konpromiso handia dute espedizio honekin, izugarrizko gogoa dute.
Zuekin izango da aspaldiko lagun bat ere, Felix Criado.
2005etik ezagutzen dugu elkar, Makalun egon ginenetik. Gerora, K2n eta Thalay Sagarren ere egon gara elkarrekin.Uste dut hirugarren edo laugarren kanpalekuraino iristeko moduan izango dela. Altueran esperientzia faltak oker handiak eragin ditzake, eta, alde horretatik, Felixek asko lagunduko digu. Poloniako beste lagun bat ere etorriko da. Talde polita osatu dugu. Jorge Palacio madrildarra etortzekoa zen, baina abenduan ebakuntza bat egin behar diote, eta ez da gurekin izango.
Zein da helburu nagusia?
Laugarren kanpalekura iristea da helburua. Orain arte, inor ez da gorago igo, eta ez dakigu han zer aurkituko dugun. Ez dugu inolako erreferentziarik, ez dakigu haizeak nondik joko duen, zein egoeratan izango garen...
Azkenean, badirudi Abruzzoen hesitik joango zaretela, ez?
Bai, nahiko argi dugu hori. Cessen bidea baztertu dugu, errusiarren iazko esperientzia ikusita. Espedizio guztian ia mugitu gabe egon behar izan zuten.
K2n errusiarren espedizio bat izango duzue. Orain hilabete, Arten Braum espedizio buruak ez zuen baztertu zuekin elkarlanean aritzea. Gauza bera pentsatzen al duzu?
Laguna dut Arten, eta hitz egin dugu. Hasieran, sukaldea bakarrik partekatuko dugu. Batzuk sukaldearen alde batean izango gara, eta besteak, beste aldean. Bakoitzak bere komuna, zaborra eta beste izango ditu. Haiek hamabi izango dira, eta, lanak banatzen hasi ginenean, hitzartu genuen haiek 3.000 metro soka emango zituztela, eta guk, 1.000 metro; orain, ordea, Arten trabak jartzen hasi da. Martxan jarri arte ez dugu jakingo lanak nola banatu.
Berrikuntzetako bat izango da igluak erabiliko dituzuela.
Elurraren arabera muntatuko ditugu. Ahal bada, beheko eta lehen kanpalekuetan jarri nahi ditugu. Elurrik ezean, kanpadendekin konformatu beharko dugu. Iglu ertain bat muntatzeko bi ordu eta erdi behar ditugu lau lagunek. Beheko kanpalekuan jende asko egongo da, eta denen artean lan egin beharko dugu. Alde handia dago zero azpitik 30 gradura egotearen edo 0 gradura egotearen artean. Igluaren hormak hormigoizkoen antzekoak dira.
Hiru hilabeteko espedizio luzea izango da zuena. Noizko pentsatu duzue gailurrerako saiakera?
Orain arte igotako zortzimilakoei begiratzen badiegu, Gasherbrumi edo Broad Peaki esaterako, martxoan izan dira igoerak. Hor egon beharko dugu prest. Egia da Pakistango eta Nepalgo gobernuentzat baimenak abenduaren 1etik otsailaren 28ra arte direla.
Zenbateko kostua izango du espedizioak?
200.000 euro, gutxi gorabehera. Udakoak baino askoz ere garestiagoak dira.